ATZEKOZ AURRERA. Izaskun Andonegi. Erizain psikosoziala

«Gabonetan ere dolua modu naturalean bizi behar da»

Heriotzaz gutxi hitz egiten da; tabua da oraindik ere. Baina bere eguneroko lanean hizpide du Izaskun Andonegik. Arreta psikosoziala eskaintzen die dolu egoeran daudenei.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
ainara arratibel gascon
Donostia
2014ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
«Dolu egoeran dauden pertsonek Gabonetan izan dezaketen edozein jokabide zilegi da. Garrantzitsuena ingurukoek hori errespetatzea da». Izaskun Andonegi Bidegin elkarteko erizain psikosozialaren hitzak dira (Donostia, 1977). Gabonetan doluari nola aurre egin hizpide hartuta, hitzaldiak ematen ari da. Larunbatean Oñatin izango da (Gipuzkoa), Arantzazuko santutegian, 10:30ean.

Gabonak ez dira garai onena dolu egoeran daudenentzat.

Badira garaiak doluak eragindako mina areagotzen dena. Gabonak horietako bat dira. Familian egoteko eta hausnartzeko garaia da, eta horrek heriotza batek eragindako mina eta hutsunea handitzen du. Halako egoera batean dagoen pertsona batek behin eta berriz egiten dio bere buruari galdera hau: «Nagoen egoeran ez dut ezer ospatzeko; zergatik ospatu behar dut?». Baina askotan gizartearen eta ingurukoen presioa sentitzen du ospatzeko.

Horri aurre egiteko, zer aholkatzen duzu?

Nik beti gomendatzen diet beren neurriko Gabonak antolatzeko. Azken batean, dolua prozesu natural bat da, eta modu natural batean bizi behar da Gabonetan ere. Edozein jarrera da zilegi. Garrantzitsuena ingurukoek ere hori errespetatzea da, haien babesa izatea eta sentitzea. Orain egun batzuk paziente batek esan zidan Gabon gauen egunerokoa egingo duela: zopa bat afaldu eta ohera joan. Hori bada nahi duena, hala egin dezala. Egin behar ez dena dolu prozesu batean bakarrik geratzea da.

Baina, zuk esan duzun moduan, ez da erraza Gabonen zurrunbilotik ihes egitea.

Hori hala da. Badira batzuk kanpora joatea erabakitzen dutenak. Hori ere errespetagarria izan daiteke, hala nahi izanez gero. Baina ez da ihes egin behar. Gabonetan alde egingo du, baina etortzen denean atzera dolu egoera horri aurre egin beharko dio. Berdin gertatuko zaio beste sasoi batean ere.

Dolu prozesu horretatik ihes egiteak zein ondorio izan ditzake gerora?

Fisikoak, emozionalak eta harremanei lotutakoak. Horiek denboran luzatuz gero, dolu hori kronifikatu egin daiteke. Doluaren bizipenari bidea eman behar zaio, horrek eragiten dituen sentimenduei, saminari, haserreari eta abar.

Zenbat irauten du dolu horrek?

Psikologiari buruzko diagnostiko liburu batzuetan urtebete inguru esaten dute. Baina hori ezinezkoa da. Demagun bere buruaz beste egin duen semea galdu duen ama bat. Ezinezkoa da hortik urtebetera ama horrek dolua gainditua izatea. Lehen urte horretan, hasierako kolpea igarota, egoeraz jabetzen hasten zara, hutsuneaz jabetzen. Askotan bigarren urte hori gogorragoa dela diote askok. Horretaz jabetuta, pixkanaka joaten zara dolu garai hori gainditzeko urratsak eginez.

Gabonak ilusio garaia izaten dira, umeentzat batez ere. Nola azaldu umeei pertsona baten heriotza edo falta hori?

Gabonetatik harago, umeekin heriotzaren gaia naturaltasunez, gertutasunez eta egia esanez landu behar da, betiere adina kontuan hartuta. Argi izan behar da 4 urtetik aurrera umeek heriotzaren kontzientzia hartzen dutela; barneratu egiten dute. Haien jokoetan presente egoten da askotan.

Heriotzaren gaia ez al da tabua oro har, eta ez umeentzat bakarrik?

Heriotza bizitzaren gertaera ziurrena da, baina oraindik ere tabua da askorentzat, gizartearentzat oro har. Ez dugu denborarik hartzen horren gainean hausnartu eta hitz egiteko. Nire ustez, hori gertatzen da arretarik gabe eta abiadura handian bizi garelako. Dena den, egoera hori aldatzen ari da pixkanaka, eta gero eta interes handiagoa dago gaiaren inguruan. Jendea gero eta gehiago jabetzen da heriotzaz hausnartu eta hitz egiten dela. Nik ematen ditudan hitzaldietara, adibidez, gero eta jende gehiago etortzen da. Jendeari horretarako espazioak eta aukerak eman behar zaizkio; horiek sortuz gero, interesa azaltzen du. Alde horretatik baikor naiz. Heriotzaz hitz egitea hiltzea dela uste dute askok, baina ez da horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.