Gabonak kas-kas ari dira atarian, gaztaina ximelak jateko prest daude etxeetan, eta Olentzero mendira lanera joan dela kantatzen ari dira umeak eskoletan. Etenik ez duen transmisio katea dira gabon kantak, baina ez horregatik berrikuntzarik gabeak: hainbat ikastetxe abestiak aldatzen hasiak dira, erlijioarekin lotutako zatiak eta hitz matxistak kentzeko. Oraindik denak ez daude prest aldaketa horiei oles egiteko, ordea. Herritar batzuek uste dute hitzak aldatzea ez dela beharrezkoa. Iaz, Gasteizen, Olentzeroren etorreran «Aditu zuanian negua heldu dela» kantatu zuten, «Jesus jaio dela» kantatu beharrean. Eta gotzaindegiak ohar bat atera zuen, hori kritikatzeko.
Gabonetako abesti asko eta askoren hitzak Xirula Mirulan sortu zituzten, Imanol Urbieta zenak eta Kontxi Aizarnak. Belaunaldiz belaunaldi transmititu dira, eta urte askoan egindako lanari esker, herrikoi bihurtuak dira jada. Aizarnak uste du aldaketak beharrezkoak direla, baina, era berean «kontraesanak» sortzen dizkio gaiak, «korapilatsua» delako.
Batetik, esan du abesti tradizional horiei eustearen aldekoa dela: «Gabon kanta horiek, betidanik egon diren horiek, testuinguru jakin batean sortu ziren. Melodia polit bat egin eta gero hitzak jarritakoak dira asko. Orduan, melodia errespetatzen bada, zergatik ez errespetatu hitzak ere?».
Bestetik, ordea, ulertzen du ikastetxe asko laikoak direla, eta ez daudela ados abestien hitzetan adierazten denarekin: Jesus jaio da, Birjina maite... «Hitz jakin bat balitz, aldatu egingo nuke. Bestela, pentsatzen dut testuinguruan jarri behar direla gauzak, eta ikasleei ere esplikatu behar zaiela: ‘Begira, horrela kantatzen zen, giroa ere horrelakoa zelako’». Uste du historia azaltzeko baliatu daitekeela aukera, eta baita haurrei ados ote dauden edo ez galdetzeko ere.
«Aldaketak behar dira, baina, abestia osorik aldatu nahi badugu, zergatik ez berriak sortu?»
KONTXI AIZARNAXirula Mirularen sortzailea
Xirula Mirulan, hutsetik sortu zituzten kantu eta hitz batzuk, eta beste batzuk, berriz, beste hizkuntza batzuetatik hartzen zituzten, eta euskaratu. Hala, hitz batzuek erlijio kutsua zuten, Imanol Urbietak berak ere testuinguru horretatik edan zuen eta, hala nola ikasketetan, nahiz eta gero ez praktikatu. Halere, Aizarna ados dago aldaketak beharrezkoa direla: «Aldaketak behar direla? Dudarik gabe, gizartea ere aldatu da eta. Hitz bat-edo bada behintzat. Baina abestia osorik aldatu nahi badugu, zergatik ez berriak sortu? Bertso doinuak hartu, eta asma ditzagun hitzak, ea gure artistak non dauden! Baina horretan ez da inor ausartzen, nonbait...». Hala egin du Izaro abeslariak, esate baterako; gabon kantak sortu ditu, eta disko batean bildu.
Eman ditu pista batzuk, gaur egungo gabon kantak nolakoak egingo lituzkeen: mezuari emango lioke garrantzia. «Neguko solstizioari buruz egingo nituzke, Olentzeroren jatorriari buruz, ikazkina zela, enborra sutan erretzen zela beroa emateko eta janaria prestatzeko, edo argitasuna ematen zuela negu iluneko egun horietan».
Izan ere, kritiko azaldu da gaur egun Olentzero ulertzeko dagoen moduarekin. Olentzero «noelizatuta» dagoela uste du: «Olentzero Bizarzuriren pareko bihurtu dugu pixka bat, opariak ekartzeko. Uste dut ez daukala zerikusirik; Olentzero pertsonaia mitologikoa da».
Dena den, poza ematen dio ikusteak sortu zituzten abestiek bizirik irauten dutela, sentitzeak transmisio lan hori egiten ari direla. «Izan garen hori transmititu behar da, eta gero ikusiko dugu kasu egin edo ez egin. Baina, gutxienez, jakitun izan».
Tradizioak berrikustea
Kontraesanak ulertzen ditu, baina tradizioak berrikustea ezinbestekoa dela uste du Amelia Barquin Huheziko irakasleak. «Nik uste dut abesti batzuk, nolabait, geureganatu ditugula, eta jada ez direla soilik sortzaileenak; denonak dira. Beste kanta batzuk formalak dira, autore batenak... baina abesti batzuk denonak dira. Orduan, ondo ikusten dut hitz batzuk aldatzea edo egokitzea; irauteko, tradizioak aldatu egin behar dira, zeren bestela ja ez dira erreminta bat, ez dira erabilgarriak».
Bereziki generoaren kontuari erreparatu dio Barquinek, eta adibide ugari ekarri ditu gogora. 2015. urtean, esaterako, EHUko ikasturte hasierako emanaldian Agur, jaunak abestiaren hitzak aldatuta kantatu zuen abesbatzak: «Agur, jaunak eta andreak, agur t’erdi. Danak berdinak inak dire, zuek eta bai gu ere». Aldaketa begi onez ikusi zutela dio irakasleak, eta gainerako erakundeak jada ez direla ausartzen aurreko bertsioa erabiltzen, eguneratua «hobea» delako. Gauza bera egin zuten 2019an Realaren ereserkia aldatu zutenean. «Aurrera, mutilak; aurrera, Gipuzkoa» zena «Aurrera, Reala; aurrera, Gipuzkoa» bihurtu zen.
Barquinek uste du beharrezkoa dela haurrekin hainbat gai lantzea. Dena den, iruditzen zaio adin jakin batera arte ez dela posible. «4, 5 edo 6 urteko umeekin [Gabonei buruzko] hausnarketa hori ez duzu egingo. Zuk ematen diezun bezala jasoko dute, horrela hartu. Oraindik ez daukate adinik irakurketa historikoa, soziologikoa egiteko».
«Irauteko, tradizioak aldatu egin behar dira, zeren bestela ez dira erreminta bat, ez dira erabilgarriak»
AMELIA BARQUINHuheziko irakaslea
Abesti batzuek ez daukate «konponbiderik», nolabait esateko, irakaslearen ustetan: «Hain dira erlijiosoak, horren sakona da erlijio edukia —Jesu Kristoren jaiotza laudatzen ari zara, eta aleluia, aleluia—...». Hortaz, aukeraketa egitearen eta eskolan horrenbesteko erlijio kutsua ez duten kantuak abestearen alde agertu da; inoiz ez baitira dauden guztiak abesten.
Bestela, aldaketa txikiak egitearen aldekoa ere bada: «Hator, hator, mutil etxera» kantatu ordez «Hator, hator, lagun etxera» abestuz, esaterako. Transmisioan beti izan baitira aldaketak: «Tradizioak ekarri dizkigun kantek-eta aldatu egin dira mendeen joanean. Hori da transmisioaren izaera, egokitzea; kultura dinamikoa da, ez da egonkorra, finkoa. Finkoa eta egonkorra denean, ohiturak hil egiten dira, zeren utzi egiten diote erabilgarriak edo funtzionalak izateari. Denborak aldatzen dira, eta gauza batzuk moldatu behar dira».
Kanten hitzak bezala, etxeetako ohiturak ere aldatzen ari dira: jaiotzen ordez, neguko paisaia jartzen dute askok, esaterako. Barquin ez dago Gabonak desagerraraztearen alde, baina bai, agian, «desakralizatzearen» alde. «Hemen denok horrela neurtzen dugu denbora, eta erlijio kontuak sartu gabe ospatu daiteke. Hor mugimenduak ikusten ari gara, eta elkarrengandik ikasten, gogoeta egiten».