Gizarte hezitzailea, futbolzalea eta Norte Apache rap taldeko kidea da Rayco Sanchez (Bilbo, Txurdinaga, 1985). Bere bigarren liburua argitaratu du berriki: Jo Ta Ke. Opio errebeldea. Futbol vasco en primera persona. Bere bizipenak eta euskal jokalariei egindako elkarrizketak dira. Pasioa futbol bihurtu duen Athleticzale eta bostero batenak.
Futbola herriaren opioa al da?
Eta gero eta opioagoa da, gainera. Zaleek sortu zuten futbola, eta zaleek sortutako kirol bat jada zalerik gabe joka daiteke. Futbola jada ez da bizitzen; ez da usaintzen, eta ez da konpartitzen. Beraz, ez litzateke hala izan behar, baina inoiz baino gehiago da futbola herriaren opioa.
«Opio errebeldea» diozu zuk liburuan, baina gelditzen da errebelderik futbolean?
Zorionez, bai. Kontuan izan behar da batzuk errebeldeak direla, beste batzuk, ausartak, eta ausardia hori erakusteko ere modu ezberdinak daudela. Halako elkarrizketetan, euren desadostasunak agertzen dituzte gai jakinekiko, baina, gero, publikoki ez dute euren burua modu horretan aurkezten, esposizio maila hori ekiditeko, familia dutelako, edo inguru jakin bat. Elkarrizketatu ditudan futbolari askok daukate iritzi kritikoa, baina jokoan dutena potoloa izaten da. Fokupean daude une oro.
Zu sinistuta zaude futbolak baduela botere eraldatzaile bat.
Hezkuntza aldetik, oso erreminta polita eta potoloa da. Taldeko kirola den heinean, balio asko aldarrika daitezke futbolaren bidez. Baloi batekin, edozein tokitan joka dezakezu; baita pertsiana baten kontra ere. Ateak harri koskor batzuekin eginda ere bai. Herrikoia da, eta talde lana, aniztasuna, kultura, historia, kontzientzia... landu daitezke futbolaren bidez. Horren guztiaren konektore bat izan daiteke.
Nola sortu zen liburuaren ideia?
Denok gara adituak, eta denok dugu futbolariei buruzko iritzia, nahiz eta ez ezagutu. Futbolaren inguruan eraikitako errutina informatibo merkantilista horri buelta bat eman nahi nion; nire bizipenetatik abiatuta, grisak ere bilatzeko, enpatia sortzeko, eta futbolaren inguruan bizi diren horiek benetan zer sentitzen duten adierazteko. Zeren egia da pribilegioak badituztela, baina horrek ez die zoriontasuna bermatzen. Humanizatu nahi nituen, eta batasun bat sortu.
Jo eta ke, baina zer irabazi arte?
Batasun hori, enpatia hori. Futbolak ezin gaitu inoiz ezberdindu, eta ezin gaitu bereizi.
Jo eta ke kontzeptu politikoa da, baina futbola eta politika ez dira nahastu behar, ezta?
Politika eta kirola beti egon dira eta egongo dira nahastuta, kirola bozgorailu gisa erabiltzen den heinean, norberaren herria, taldea, identitatea eta harrotasuna aldarrikatzeko.
Liburu hau ez, baina aurrekoaren zati bat Argentinara egindako bidaiaren kontakizuna ere bada. Han ezagututako villa-k dira zuk aldarrikatzen duzun horren eredu?
Zalantzarik gabe. Villa horietan, futbolaren bidez egin eta antolatzen dituzte aisia, harremanak, denbora, hezkuntza.... Ez dute besterik. Villa batetik ez da sekula golf jokalari bat irtengo.
Villak, Boca... eta Maradona. Nor zen han, eta nor hemen?
Ni hara joan nintzen garaian, Maradonak jada burmuina guztiz likidotuta zeukan. Futbolaz hitz egiten genuen une oro: kioskoetan, autobus geltokietan, taxietan... Eta galdetzen zenien, noski, Maradonari buruz. Ondorioa? Dena eman zuela haien alde, eta, Galeanok dioen moduan, oso «jainko humanoa» zela. Ez dizut esango dena barkatzen ziotela, baina argentinarrek badakite villak zer diren, Maradona nondik ateratakoa zen, nora heldu zen, eta noraino eraman zuen ezer ez zutenen aldarria.
Bere argi-ilun guztiekin...
Kontraesan asko daude tartean, eta horiek ere bilatu behar dira: drogak, emakumeen kontrako indarkeria... Ni gizarte hezitzailea naiz, eta badakit zeintzuk diren drogen kalteak. Badakit zer egin zuen Maradonak, eta uste dut emakumeen kontrako indarkeriak pikutara bidaltzen duela beste guztia. Nire babesik ez du. Baina aitortuko dizut villa batean jaio eta hazi den bati ezin diogula eskatu futbolaren maila gorenera lokaztu gabe eta eredugarri gisa iristea. Hezkuntza da gakoa horrelakorik gerta ez dadin.
Eta euskal raparen historiari buruzko dokumentala, noizko?
Ez dakit zenbat bider jarri garen martxan. Ez daukagu astirik, baina bada bai garaia egiteko. Zeren, aspaldi honetan, batzuek beren kabuz hasi dira euskal raparen historia berridazten.
ATZEKOZ AURRERA. Rayco Sanchez. Idazlea eta musikaria
«Futbola konektore bat izan daiteke»
Futbolaren botere eraldatzailean sinesten du Sanchezek, eta kirol horren merkantilizazioari ihesi idatzi du bere bigarren liburua: 'Jo Ta Ke'. Herriaren opioaz ari da, eta gelditzen diren errebeldeez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu