Sanferminak. Pilar Mayo. Iruñeko Udaleko Berdintasun teknikaria

«Funtsezkoa izan da eragileekiko elkarlana»

Hara-hona dabil Pilar Mayo. Aztoramena izaten da sanferminetan, eta eraso sexisten aurkako kanpainak segida izan du jaietan. Egunotan, legerik gabeko hiria da askorentzat Iruñea, baina denak ez du balio.

BIDATZ VILLANUEVA ETXAGUE.
Bidatz Villanueva
Iruñea
2015eko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Ezetza beti ezetz; erdibiderik gabe. Pilar Mayok urteak daramatza Berdintasun teknikari lanetan Iruñeko Udalean, eta gogotsu egiten du lan mezu hori zabaltzearren. Eraso sexisten aurkako kanpaina entzutetsua antolatu du aurten Sanferminak Berdintasunean udal kontseiluak.

Bigarren urtez batu zarete Sanferminak Berdintasunean kontseiluan kolektibo eta talde anitzekin. Beharrezkoa zen?

Funtsezkoa izan da kanpaina aurrera eramateko, eta oso ongi funtzionatzen dugu. Elkarrekin lan egiten ikasi dugu, lan handia baita kanpaina prestatzea. Baina lehen pausoak emanak genituen, eta horrek pixka bat erraztu digu bidea.

Eragile sozialek eraso sexisten aurka eginiko aldarriak babes instituzionala du orain.

Asko ziren eraso sexistak salatzen zituzten kolektiboak, baina ez zuten udalaren sostengu sendorik. Udalak bere kanpaina propioa egiten zuen, baina ez da nahikoa materiala sortu eta zabaltzea. Herritarrek sentitu behar dute kanpaina eurena ere badela; inplikazioa lortu nahi dugu. Horretarako, oso garrantzitsua izan da Sanferminak Berdintasunean sortzea.

Iaz sexu erasoren bat jasan zuten emakumeen bost salaketa egon ziren. Eraso horiek eragoztea da lehen helburua?

Noski. Eraso larriak eragoztea da helburua, baina intentsitate txikiagokoak ere jazotzen dira, eta kanpainak horiek gaitzestea ere badu jomuga. Izan ere, eraso horiek ere emakumeen lasaitasuna eta segurtasuna asaldatzen dute. Erasoak hilketa batekin amai daitezke, eta, horretan, esperientzia txarra du Iruñeak. Baina kanpaina harago doa, eta, alde horretatik, anbizio handikoa dela uste dut. Herritarren kontzientziari dei egiten dio, erranez: «Aizu! Urte osoan baimentzen ez duguna zergatik bai sanferminetan?».

Aurten, gainera, postu bat paratu duzue Gazteluko plazan. Zein da haren helburua?

Gune horren xedea jaietan presente egotea zen. Ez da salaketarako lekua, horretarako 112 telefono zenbakia baitago. Informazioa banatzen dugu: aurten eraso sexisten aurka sortu dugun gida, adibidez. Bestalde, inkesta bat dago, nahi duenak betetzeko. Anonimoak dira, eta erasoren bat jasan edo ikusi dutenen testigantzak biltzeko balio dute.

Komunikazioaz harago, bestelako ekintzarik antolatu duzue?

Kanpaina hasteko, adibidez, lasterketa bat antolatu genuen ekainaren 6an, entzierroko ibilbidean. Oso polita eta dibertigarria izan zen; datorren urtean errepikatuko dugu. Baina, oro har, zabalkundean eta kontzientziazioan oinarritu gara; prentsara jo dugu asko.

Hedabideek ere azaldu dute kanpainarekiko atxikimendua.

Ederra izan da aurtengo argazkia, hedabideek soilik ez, festako pertsonaiek ere parte hartu baitute. Garrantzitsua da Nafarroako hedabideekin eginiko elkarlana. Espazio bat eskaini genien, haien atxikimendua gizarteratzeko. Era askotara lagun dezakete kanpainan, hala nola programa bereziak eginez edo artikuluak eskainiz. Kazetariek pauso bat eman dute aurrera, eta ozen erran kanpainak eurekin ere zerikusirik duela. Denon afera da. Ordua da iruindar guztiak inplikatzeko, jaiak emakumeentzat ere atseginak izan daitezen.

Uste duzu lortu duzuela herritarrengana heltzea?

Iruindarren inplikazioa handia izan da. Tabernek ere hartu dute kontzientzia. Kanpaina Udaletxe plazan gertatzen dena salatzeaz harago doa. Emakumeek jai giroan lasai eta berdintasunean ibiltzeko dugun eskubideaz kontzientziatu behar da jendea. Ez ditugu zertan aguantatu lizunkeriak eta ukituak. Erasoa jazotzen ari den lekuan daudenen erreakzioak, erasotzaileari haria ez jarraitzea, hori ere ezetz erratea da. Horrek guztiak emakumeen segurtasuna handitzeko balio du, beldurrik ez izateko. Emakume bat dantzan eta ongi pasatzen egoteak ez du ekarri behar arriskuan egotea.

Urte osoan lanketa luzatzea pentsatu duzue?

Uste dut lan bat dugula egiteko, eskoletan zehazki. Orain da garaia, aldaketa politiko bat egon den honetan, eskoletan esku hartzeko, gazteenak kontzientziatzeko. Jende asko dago formatzeko. Sanferminetan gertatzen diren erasoak edozein ostiral edo larunbatetan gertatzen da, baita gazteen artean sortzen diren harremanetan ere. Erlazio horiek indarkeria dute oinarri. Jarraitutasunez lan egin behar da, eta instituzioen babes eta koordinazioarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.