Bidasoa Etorkinekin elkarteko kidea eta kultura bitartekari ohia

Aintzane Lasarte: «Funtsean, hor dagoena ez da zubia; pareta ikusezinak daude»

Bidasoa Etorkinekin elkartean aritzen da Lasarte, migratzaileei bidea egiten laguntzen. Hizkuntza eta kultura eskubideen alde ere lanean ibilitakoa da. Haren ustez, berdintasunaren aldeko tresnarik indartsuenetako bat da kultura.

Aintzane Lasarte, Hendaian (Lapurdi). GUILLAUME FAUVEAU
Aintzane Lasarte, Hendaian (Lapurdi). GUILLAUME FAUVEAU
Jone Bastida Alzuru.
Hendaia
2024ko ekainaren 9a
05:00
Entzun

Hitz jario bizia du Aintzane Lasartek (Caracas, Venezuela, 1955), eta hizketan nola, horrelaxe ibili da —eta dabil— borroka eta militantzia esparruetan ere: han eta hemen, saltsa ugaritan. Hendaiako (Lapurdi) tren geltokian dagoen Borderline Fabrikan lotu du hitzordua. Sortzaileen eta publiko zabalaren arteko topagune parte hartzailea da fabrika, eta hango kide da Lasarte. Goxo hartu dute barruan zeudenek. Badu zer kontatua.

Caracasen jaio zinen, Venezuelan. Zure gurasoek Espainiako gerratik ihes egin, eta han ezagutu zuten elkar, ezta?

Bai, pasatzen zitzaigun lehen, eta orain segitzen du pasatzen: zure herritik kanpo sortu zarela. Hainbat euskal herritar bezala, centro vasco deitzen zen horretan elkar ezagutu zuten nire gurasoek. Orain euskal etxea deituko da, suposatzen dut. Han sortu ginen, bai.

Noiz itzuli zinen Euskal Herrira?

Txikitan, 3 urte inguru nituela. Beraz, ez naiz gogoratzen. Euskal etxe hartan ateratako argazki batzuk salbu, poxpolin jantzi txukun batekin.

Hendaian errotuta zaude ja?

Bai, Donostian bizi izan ginen 70eko hamarkada hasierara arte, eta gero, esan daiteke ni mugatarra naizela. Irunen, Hondarribian [Gipuzkoa] bizi izan naiz garaian-garaian. Gaztetan, Madrilen, Bartzelonan, Parisen... ere bai. Eta gero, azkenean, Hendaian bizi naiz. Baina muga bi aldetatik, hori da nire lurraldea.

Migrazio afera bat da zure lekukotasuna, eta, hain justu, Bidasoa Etorkinekin taldean aritzen zara. Nola hasi zinen?

2018. urte aldera izan zen. Irunera azaldu ziren, bat-batean, afrikar pila bat. Orduan, hiritarrak martxan jarri ziren, udalak ez zekien oso ondo zer egin... Mugimendu handia izan zen. Baditut lagunak Irunen, eta hor hasi nintzen ikusten zer gertatzen zen. Nahiago nuen Hendaia aldetik lan egin, nire herria baita, eta esan nuen: hemen ere badaukagu zer egin. Batzuetan bagenekien etorkinak hemen ibiliko zirela, eta laguntzen genituen. Hasieran, horrela izan zen. Poliki-poliki, jende gehiago elkartu ginen, eta elkartea sortu genuen: Bidasoa Etorkinekin.

Jendeak laguntzeko joera izan du beti, badaukate mugan laguntzeko DNA hori. Betidanik lagundu dutelako. Gehien gogoratzen direnak gerra garaikoak izaten dira. Nork ez dauka inguru hauetan aitona edo birraitona kontrabandista bat? Beraz, bideak eta mendiak ezagutu ditugu, eta erabili ditugu.

Beti izan da elkartasuna, beraz?

Elkartasun hori historikoa da. Eta, gainera, badakigu gure Ipar-Hegoaldeko mugan zenbat harreman diren. Guretzat ez da beti hain muga.

Zer egiten duzue elkartean?

Pertsonei bere bidea egiten laguntzen diegu. Lehen hitza zera izaten da: zer nahi duzu egin? Alegia, duten proiektuarekin aurrera egiten laguntzen diegu. Batzuetan, konturatzen gara pertsona horiek arnasalditxo bat hartzea ere ez dela txarra, on egingo diela, eta, onartzen baldin badute, beharbada, medikuarengana eramaten ditugu, edo egun bat edo pare bat egun hemen pasatzen dituzte, baina gero laguntzen diegu beraien bidea har dezaten.

Fermin Muguruzaren Bidasoa 2018-2023 dokumentalean zuk esana da: «Bidasoa anaitasun edo ahizpatasun ibai bat da, elkartze ibai bat da. Gure leku maitatu bat, elkartzen gaituena. Ez gaitu bereizten, elkarrekin bizi izan gara eta bizi nahi dugu». Hain zuzen, herri bat dago Bidasoaren bi aldeetan.

Bai. Nola esan, bata bestearen auzokoak gara, aldamenean gara, eta muga ideia... Herrian ibai bat daukagula? Ba, bai, badaukagu ibai bat. Film horretan ikusten da Bidasoarekiko daukagun emozio eta atxikitasun hori. Ferminek, besteak beste, hori esan nahi zuen, eta nik hori sinisten dut.

Zureak dira hitz hauek ere: «Zubia zer da? Guztion hizkuntzan da leku batetik bestera pasatzeko aukera bat, aukera irekia. Eta kontrakoa bilakatu da. Bilakatu da pareta bat».

Edozein gairi buruz hitz eginda... Haserre bagara ere, zubi bat jarriko dugu; edo arazorik baldin badago, zubi bat jar dezagun. Metafora bat da, baina nonbaitetik etortzen da metafora bat. Zubi bat bi ertz lotzeko zerbait da; beraz, lotzeko eta elkartzeko tresna bat da. Eta hemen ere bai. Orduan, arraroa egiten da, eta konturatzen gara funtsean zer gertatzen ari den. Zubi bat pasatzera goaz, eta ezin dugu zubia pasatu. Berezia da, eta poliki-poliki asentatzen da zure iruditerian: «Uf, zubia pasatu behar dugu». Eta zubia pasatzea da: «Ui, kasu, zubia». Esan beharrean: «Bada zubia, ze poza, ze ongi».

Eta horrek bide klandestinoak hartzera behartzen ditu migratzaileak, ezta?

Bai. Arazoa migrazio politikak dira. Izugarrizko injustizia da. Garai batean kolonizatu eta okupatu ditugun hainbat herrialde ustiatu eta gero, handik etortzen den jendeari esatea: «Zure etxea ustiatu dugu, zure etxean sartu gara dena lapurtu edo hartzera, baina orain ez zara etorriko nire etxera». Funtsean, hor dagoena ez da zubia. Erabaki egiten da nori utziko zaion leku batetik bestera pasatzen. Pareta ikusezinak daude.

«Lehen hitza zera izaten da: zer nahi duzu egin? Alegia, duten proiektuarekin aurrera egiten laguntzen diegu».

Bidasoa Etorkinekin elkartean aritzeaz gain, militantzia esparru ugaritan aritu zara, eta euskal kulturgintzarekin ere lotura estua duzu. Zertan ibili zara?

Hizkuntza eta kultura eskubideen inguruan ibili naiz. Kultura bitartekaria izan naiz, eta lan ezberdinetan beti iruditu zait kultura berdintasunaren aldeko tresnarik indartsuenetariko bat dela, transformazio tresna. Kulturarekin, aurrera egin dezakegu. Kulturak balio du hezteko, geure burua eraikitzeko eta beste, baina edonoren eskubideen aldeko tresna bat ere bada. Eta kulturaren barruan jakintzak daude; jakintzak modu zabal batean.

Geografian lizentziaduna zara. Nola hasi zinen kulturgintzan?

Unibertsitatean Geografia bukatu nuen, baina lehenago, Artearen Historia ikasten hasi nintzen. Arteari txikitatik lotua izan naiz; musika egin dut, dantza egin dut, antzerkia egin dut. Pintura ere bai. Beraz, tresna horiek guztiak erabili ditut; nire espresio bidetxo batzuk izan dira. Baina, momentu batean, Geografia hautatu nuen. Iruditu zitzaidan zientzia horrek hankak lurrean hobeto atxikitzeko aukera ematen zidala. Geografiaren barnean, lurralde baten elementu guztiak nahasten dira. Eta hor deskubritu nuen nola historiaren parte bat, kulturaren parte bat eta botanikaren parte bat, demagun, edo geologiaren parte bat, lurralde bat eraikitzeko elementuak diren. Baina bata bestearekin. Lurralde baten izaera elementu horiek guztiek osatzen dute, ezin da bat kendu. Niretzako, horregatik, oraindik badaukat geografo burua. Ezinbestekoa dudalako elementu horien guztien antzerkia ezagutzea. Antzerkiak ere hori dauka, hainbat elementuk osatzen dute espazio global hori.

Hain zuzen, IAEZI Euskal Itsasbazterra erakundeko kultur bitartekaria eta Nekatoenea artisten egonaldietako arduradunetako bat izan zara. Artea eta natura elkartzen dira hor?

Bai. Sorkuntza, arte sorkuntza, gertatzen da natura espazio batean. Mikroleku bat da, baina hainbat muga hausteko leku ederra da. Txingudin da: beraz, hor dugu muga politiko baten bereizketa ba ote den; bada lurra-itsasoa muga, bada hizkuntzen arteko muga. Eta muga horiek guztiak pasa daitezke. Hemen muga hitzari garrantzi negatiboa ematen diogu, eta ez. Muga kontzeptua oso leku aberatsa da. Muga bat baldin bada, esan nahi du beste aldean badagoela beste zerbait. Ez dakit nire alter egoa izango den, baina bada ezagutzeko leku bat, espazio aberasgarria. Eta Nekatoeneak badauka hori.

Gero, deskubritu nuen zer den artista egonaldi bat. Aukera neukan kanpotik etorritako horiei hemen dauden hainbat elementu aurkezteko. Lurralde, pertsona eta sorkuntza horren arteko zubiak sortzeko. Oso lan polita da.

Horrez gain, ibili zara lanean prentsan, Txillida Lekun, haur eta gazteen antzerkia sustatzen, Xirrixta eta Kometa aldizkarietan...

Bai, bai, dena. Ni HABEko irakasle hasi nintzen [Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea], Hondarribiko barnetegian. Lehenengo, irakasle, eta gero, klasez kanpoko ekintzetan. Ramon Agirrerekin; nire lehengusua da. Barnetegi bat zen, eta orduan antolatzen genuen futbola, antzerkia, pintura eta dena. Hor ere tresnak emanez. Gero, Parisen, Euskal Telebistako ordezkaria izan nintzen, eta Euskadi Irratiko kronikak egin nituen, bost urtez.

Zirkunstantziak direla eta, bostetik hamarrerako epeak izan ditut beti, eta lana aldatu izan dut. Horrek izu-ikara pixka bat eman dezake, baina, azkenean, ez dira lan berri-berriak, beti kulturaren inguruan izan dira. Edo kulturan, zehatz. Banituen tresnak niregan gauza horiek egiteko, baina lana aldatzea ere ez da... Ez dakit, gertatu zen. Lan asko egin dut antzerkian, musikan, irakurketan eta pedagogian. Alegia, gazteentzako pedagogian. Hitz hori ez zait asko gustatzen, baina bueno. Gazteei haien gaitasunak eta ezagutzak lantzen lagundu, erabiltzen erakutsi, espiritu kritikoa izateko tresnak eman... halako zerbait. Edozein arlok balio du hori sendotzeko.

«Muga kontzeptua oso leku aberatsa da. Muga bat baldin bada, esan nahi du beste aldean badagoela beste zerbait».

Zer eman dizu kulturgintzan aritzeak?

Nire eraikuntza definitzea, sendotzea eta nire espiritu kritiko hori ez galtzea. Egunero konturatzen gara gauza batzuk berraztertu behar ditugula. Aizu, nola esan duzu hau? Benetan sinisten duzu hori? Egunero birdefinitzen ditugu gauza asko, eta hor lagundu dit. Eta norbaiti eremu baterako ateak irekitzearekin, hark ere zerbait irekitzen dizu. Joan-etorri bat dago.

Aberasgarria izan da orduan?

Bai. Ezinbestekoa esango nuke. Baina bakoitzak du modu bat bizitzan aurrera egiteko.

Egin duzun bidean, euskarak presentzia handia izan du?

Bai. Euskalduna naizelako izan ditut lan aukera horiek. Ez horregatik bakarrik, baina baita horregatik ere. Euskaraz bizi nahi dut multzoko jendea naiz. Uste dut euskarak beti behar duela indarra, guztiona. 18-19 urte nituela egin nuen euskalduntze alfabetatzea. Ni ez ninduen ikastolak harrapatu, edo nik ez nuen ikastola harrapatu. Garrantzizkoa da kultura bakoitzak bere hizkuntza edonon eta edonola erabiltzeko aukera izatea.

Zergatik eman zenuen alfabetatzeko pausoa?

Konturatu nintzen gaizki hitz egiten nuela, eta «ikusi dizut» esaten nuela, «ikusi zaitut» esan ordez. Unibertsitatean baziren euskara klaseak, eta izena eman nuen. Eskolara gazteleraz joan ginen; orduan, gure bizitzan gaztelera zen nagusi. Nirean, behintzat, bai. Euskara gehiago behar nuen.

Aurretik, etxean ikasi zenuen euskara?

Bai, Caracasen [barrez].

Borroka askotan ibilitakoa zara, nekaezin. Halaxe jarraitzeko asmoa duzu?

Aukeraketak egin behar izan ditut. Batzuetan, gauza askotara abiatzeko joera daukat, eta kontu egin behar dut. Orain, Bidasoa Etorkinekin-ek lan pixka bat eskatzen du, eta Borderline Fabrika elkartean ere ari naiz lanean. Sasi-murgildua nabil artista gazte kuadrilla zoragarri batekin, eta hor ere beste gizarte bat eraikitzeko gogoa daukat. Uste dut Borderline espazioak badituela aukerak hori eskaintzeko. Iparra galtzen ez bada, badauzka elementuak horretarako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.