Elikadura orekatua izan dadin, barazkiekin batera, egunean bost fruta anoa kontsumitzea beharrezkotzat jotzen da —2-4 fruta ale egunean eta horren arabera plater 1-2 barazki edota entsalada—. Horregatik, haien garrantziaz hitz egingo dugu.
Zergatik dira hain garrantzitsuakfruten osagaiak?
Fruta batetik bestera osagaia zerbait aldatzen bada ere, batez beste honako osagai hauek dituzte:
Ur kopuru handia dute beren osaketan (% 80-90): gorputza hidratatuz eta toxinak kanporatzen lagunduz.
•Karbohidrato sinpleak. (%10-16 artean), koipe kopuru txikia —ahuakate, oliba eta kokoak izan ezik— eta ia proteinarik ez: ondorioz, kilokaloria kopuru oso urria dute.
•Bitaminak: C bitamina zitriko, fruitu tropikal, marrubi eta meloiek dute, eta A bitamina alberritxiku, gerezi, meloi, mertxika eta abarrek; biek ere funtzio antioxidatzailea dutenez, minbizi, gaixotasun kardiobaskular eta endekapenezkoetatik —zelulen zahartzearekin lotutakoak— babesten gaituzte. Maila txikiagoan bada ere, B taldeko bitaminak ere topatzen ditugu. Bitaminetan aberatsagoak dira koloretsuagoak direnak eta zuhaitz berean ere kanpoaldera, altuago eta hegoalderantz orientatuak dauden fruituak, barnealdean, behealdean edo iparralderanzko orientazioa dutenek baino.
•Gatz mineralak. Frutetan potasioa da nagusi, eta, sodio gutxi dutenez, gure gorputzari gernuaren bitartez likidoa eta beste toxina batzuk kanporatzen laguntzen diote. Bestalde, magnesioa ere eskaintzen dute, heste, nerbio eta giharren funtzionamenduan parte hartzen duena, eta gaixotasunen aurrean erresistentzia eta immunitatea areagotzen du.
Osagai ez-nutritibooso garrantzitsuak
•Zuntza. Gure hesteen funtzionamendua erregulatzen du, idorreria saihestuz. Hainbat gaixotasunen prebentzio eta tratamenduan oso lagungarria da, hala nola gehiegizko kolesterol, diabetes, gizentasun, behazuneko kalkulu, hemorroide, dibertikulu, ultzera eta koloneko minbizian.
•Azido organikoak. Fruten zapore eta usainean eragina dute. Azido zitrikoak —zitriko, marrubi eta udareetan dago— C bitaminaren egitekoa areagotzen du. Beste azido batzuk: malikoa (sagarrak, gereziak, aranak eta alberritxikuak) eta salizilikoa (marrubietan) antiinflamatorio eta antikoagulatzailea da.
•Elementu fitokimikoak. (koloratzaileak, aromak eta konposatu fenolikoak): fruten zaporearen arduradun dira, eta horietako asko antioxidatzaileak dira, bihotzekoetatik eta minbizia bezalako gaixotasunetatik babesten dutenak.
Gomendioak:
Ezaugarri horiek guztiak direla eta, egunero 2-4 ale hartzea komeni da. Ezberdinak izan daitezela, adibidez: kiwi bat, sagar bat eta platano bat; edo gereziak, melokotoia eta udare bat… Fruta guztiek bitaminak izan arren, batzuek badute C bitamina gehiago, besteek B taldekoak dira, eta abar. Beraz, nutriente guztiak barneratzen ditugula ziurtatzeko oso garrantzitsua da aldatzea, ahal den neurrian urtarokoak kontsumituz, horiek askoz aberatsagoak izango baitira aipatutako nutrienteetan, eta ekonomikoki eskuragarriagoak.
Digestio arazoak dituztenek oso modu berezian jan behar dituzte, hobe da fruta otordu aurretik jatea, gosaldu, bazkaldu edo afaldu baino ordu laurden edo erdi lehenago. Digestio arazorik ez dutenek otordu ostean ere lasai har dezakete.
Ideiak
Fruta bere horretan jan daiteke, baina entsaladan, esnekiei gehituz eta postre anitzetan ere sar daitezke.
Entsaladari sagarra, kakia, granada aleak, kiwia, laranjak, meloia… fruta ezberdinak gehituz, zaporez eta bitaminez aberastuko dugu, eta egunerokotasunean fruta sartzeko beste modu bat izan daiteke. Gainera, gordinik barneratzen denez, bitamina eta gatz mineral guztiak kontserbatzen ditu.
Jogurtari, kefirrari… gustuko ditugun fruta ezberdinak nahastea: marrubiak, mertxikak, brinoiak, mahatsa, kiwia… Irabiakiak prestatzea.
Azkenik, frutekin hamaika postre erraz, goxo eta erakargarri presta daitezke. Ttarttalok argitaraturiko 200 errezeta goxo eta osasuntsu liburuan hainbat aipatzen dira adibide gisa: mertxika beteak, mazedonia, sagar purea, udareak intxaurrak eta abar.
Beraz, urte sasoi honetan fruta aukera ere handiagoa izaten denez, aprobetxatu eta gozatu aukera. Eta gogoan izan: ez utzi fruta alde batera, barneratu zure egunerokotasunean.
Osasuna. Elikadura
Fruituen garrantzia
Fruituek ezinbesteko izan behar dute egunerokotasunean, baina askotan ez ditugu kontsumitzen gure gorputzak behar duen adina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu