Frontoitik pantailara, 25 urte

ETBn aurreneko aldiz esku pilotako partida eskaini zutela mende laurdena bete da aurten. Gaur egun, ETBko programazioan saio izarra da kirol hori.

2008ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Eesku pilotako jaialdi bat aurrenekoz ETBn eman zutela zilarrezko ezteiak bete dira aurten. Duela 25 urte, 1983ko apirilaren 29an, Gasteizko Ogeta pilotalekuan Beristain eta Tolosa bikoteak Ladutxe eta Naldaren aurka jokatu zuen partida aurreneko aldiz etxetik jarraitu ahal izan zuten ETBko ikusleek. Jose Mari Iriondo aritu zen esatari lanetan. Mende laurden honetan, telebistak pilotaren munduan eskua sartu zuenetik, aldaketa ugari izan da kirol honen ikuskizunean. Frontoietako paretak berdez margotu dituzte, eta materialaren kolorean ere hainbat esperimentu egin izan dituzte, pilota horiak erabiltzeraino; betiere, jokoa telebistaz hobeto jarraitzeko helburuarekin. Esku pilota, berriz, ETBko programazioan saio izarra bilakatu da.

ETB1eko eskaintzan esku pilota «zutabe garrantzitsua» deladio ETBko kirol emankizunen buru Pedro Mari Goikoetxeak: «Guk 25 urte hauetan esku pilota produktu gisa sendotu eta goi mailako jaialdiak antolatzea lortu dugu. Aspe eta Asegarce enpresen elkarlanarekin eta pilotaririk onenekin, urte osoan norgehiagokak eskaintzea lortu dugu». Esku pilota gaur egun «goren mailara» heldu dela eta ikus-leen aldetik zaletasun handia dagoela dio Goikoetxeak. «Esku Pilotako Enpresen Ligarekin dugun hitzarmenaren arabera, urtean 100 partidatik gora emateko aukera dugu. Batez beste urtean 115 jaialdi ematen ditugu».

Telecincoko Frontón saioan eta ETBn ematen diren partidak batuta, urtean 170 jaialdi zuzenean ematen dituztela adierazi du Aspeko kudeatzaile Patxi Mutiloak. «Aspek ostiralero eta igandero astean partida bana eskaintzeko konpromisoa du ETBrekin. Gero, jaialdien eta urteko sasoiaren arabera, antolatzeko ereduak desberdinak dira».

Ikus-entzuleen datuei dagokienez, esku pilotak ETBn audientzia ona duela dio Goikoetxeak. «Produktu interesgarria da. Noski, kate gehiago agertu eta lehiakortasuna areagotu denetik, zerbait jaitsi da, baina emaitza onak ditugu». Buruz buruko txapelketa, lau t'erdikoa, binakakoa eta udakonorgehiagokak ikus-entzuleen aldetik jarraipen handiko jaialdiak direla gaineratu du.

Partidak ostiral gauetan eta igande arratsaldeetan ematen dituzte ETB1en. Larunbatetan, berriz, Bainet ekoiztetxea arduratzen da Telecinco kateko Frontón saioan partidak emateaz. Gainera, ETB, Bainet eta Esku Pilotaren Enpresa Ligaren -Aspe eta Asegarce-itunaren arabera, Telecinco eta ETB ados jarri dira ordu berean partidak ez emateko.

Bainetek Telecincorekin bakarrik du ituna, esku pilotako jaialdiak emateko. ETBrekin zuzeneko akordiorik ez dutela dio Baineteko pilota emankizunen buru Juanjo Landak: «Telecincoko Frontón saiorako partidak emititzeaz arduratzen gara. Itunaren arabera, urtean 52 jaialdi eskaintzen ditugu, larunbatero bat».

ETBk Enpresa Ligarekin duen akordioaren arabera, Deia egunkarian argitaratu zuten ETBk partidako 6.000 euro ordaintzen dituela. ETBn, Aspen eta Baineten ez dute diru kontuen inguruan ezer esan nahi izan. «Isilpeko kontratuak» direla adierazi du Goikoetxeak: «Partidako horrenbestekorik ez dago; urteko jaialdi kopuru baten truke diru kopuru bat ordaintzen dugu. Buruz buruko final bat ostiral gauean ematen den jaialdi arrunt batekin alderatzerik ez dago. Irakurketa oso erlatiboa da».

Publizitatearen gestioa

Esku pilota telebistan ematen hasi zirenetik, frontoietako hormak iragarkiz bete dira. Pilotarien garai bateko galtza eta kamiseta zuriak armairuan jaso eta propagandaz jositako elastiko gorri-urdinak eramaten dituzte soinean.

Frontoietako publizitatea kudeatzeaz Bainet arduratzen da. Telecincoko Frontón saioko publizitate guztiaz Bainet arduratzen dela adierazi du ekoiztetxekopublizitate komertzial Juan Luis Latorrek: «Frontón saiorako pilotalekuko paretetako publizitatea, txapapekoa, pilotarien elastikoetakoa eta iragarki tarteetan agertzen dena kudeatzea gure kontua da». ETB1 katean eskaintzen diren pilota jaialdien kasuan, iragarki tarteetan agertzen den publizitatea izan ezik -hori ETBk kudeatzen du- beste guztiaz ere Bainet arduratzen dela adierazi du.

Duela gutxi, gainera, hainbat herritako tabernetan apustu makinak jarri dituzte eta auskalo zer ekarriko duen horrek pilotaren mundura.



Urte hauetan esku pilota produktu gisa sendotu eta goi mailako jaialdiak antolatzea lortu dugu»

Pedro mari goikoetxea
ETBko kirol emankizunen burua
«ETBko eta Telecincoko partidak batuta,urtero 170 jaialdi ematen ditugu zuzenean»

patxi mutiloa
Aspe enpresako kudeatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.