Zigor Aldama. Kazetaria

«Freelance kazetaritza aldarrikatu nahi dut»

Euskal Kazetariak Saria emango diote asteartean Aldamari, Bilbon. Nazioarteko kazetaritza «hobea» behar dela aldarrikatu du. Iruditzen zaio Europako hedabideek ez dietela jaramonik egiten Txinako txertoei.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2020ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
1999an joan zen Txinara bizitzera Zigor Aldama (Bilbo, 1980). Freelance kazetari gisa makina bat komunikabiderekin kolaboratzen du, besteak beste BERRIArekin. Ameriketako Estatu Batuetara bidean zela, aireportuan sakelakoa begiratu zuenean jakin zuen Euskal Kazetariak saria emango diotela. Urria zen. «Lehen unean ez nuen ezer ulertzen, ez bainintzen inolako saritara aurkeztu».

Euskal Kazetarien 2020ko Sariak emateko ekitaldia azaroaren 3an egin behar zuten hasieran. Atzeratu egin behar izan da, COVID-19agatik.

Bai, hala gertatu da. Espero dezagun datorren astean ekitaldia egin ahal izatea.

Pandemiaren inguruan egindako jarraipen «bikain eta xehea» goraipatu du epaimahaiak.

Oso pozik hartu nuen albistea. Pandemiaren inguruan egindako jarraipena ez da izan urteotan harrotasun gehien eragiten didana, inolaz ere. Baina garrantzitsua izan dela ezin uka. Urte zaila izan da Txinan lanean ari garen berriemaileentzat; gaizki pasatu dugu, eta hori ere sarituko zuten.

Noiz hasi zinen koronabirusari buruz idazten?

Urtarrilaren 5ean hasi nintzen artikuluak idazten, eta bost egun lehenago ekin nion Twitter bidez gaiaz informatzeari. Kostatu egin zitzaidan egunkariak konbentzitzea gaiari buruzko artikuluak argitaratu behar zirela. Kritikak jaso nituen, eta sentsazionalista izatea leporatzen ziguten. Aurreratzen ari ginena errealitate bilakatu zela ikusi zen gero. Espero dut sariak balio izatea aldarrikatzeko nazioarteko kazetaritza hobea beharrezkoa dela.

Behin baino gehiagotan aipatu duzu Europatik ez zaiola arreta nahikorik jartzen Asian gertatzen denari.

Asko harritzen nau Europan nola ematen diogun bizkarra Ekialdeari. Asia da herritar gehien dituen kontinentea, gehien hazten ari dena, eta guk erosten duguna ekoizten du. Bizi ginen mundu globalizatuan pentsatzea Txinan gertatzen denak ez duela eraginik izango Euskal Herrian... Ausarkeria iruditzen zait.

Ia urtebete pasatu ondoren, ez al gaude berdin?

Hala da, bai. Izan ere, Europan zenbait txertoren inguruan ari dira hizketan hedabideak, eta Txina ekoizten ari den txertoen inguruan txintik ere ez dute esaten. Txinak lauzpabost txerto ditu hirugarren fasean. Aurrekoan El País egunkariak Erresuma Batuko adineko emakume bat jo zuen txertoa jasotzen zuen aurrenekotzat, munduan. Ba, ordurako, Txinan milioi bat herritar zeuden txertoa jarrita. Gaur egun ere Txinari bizkarra ematen zaio, eta handik etor daiteke soluzioaren parte bat. Inork ez du planteatzen ea Txinako txertoak eraginkorrak izan daitezkeen. Ez dut esaten derrigor Txinako txertoa jarri behar dugunik, baina arreta gehiago jartzea, behintzat... Baina nahi izanez gero, ez begiratu Txinara; begiratu Taiwan, Japonia edo Hego Koreara. Hirugarren olatuan daude herrialde horiek, eta kontua hartu: Hego Korean oso kezkatuta daude egunean mila kasu dituztelako, 52 milioi biztanleko herrialde batean. Agian pentsatu beharko litzateke «goazen uda salbatzera» edo «goazen Eguberriak salbatzera» estrategia ez dela egokiena. Hirugarren olatuan daude han, eta berdin jarraitzen dute Europan: Asiara begiratu gabe.

Txinako komunikabideetako lana nolakoa izan da aurten?

Hedabideak gobernuak kontrolatzen ditu, eta soilik informazio ofizialak ematen dituzte. Ez dago ikerketa kazetaritzarik. Pandemiaren lehen momentuetan, opakutasuna zegoen, eta Wuhanen benetan gertatzen ari zena kontatzen saiatu ziren kazetari batzuk desagerrarazi egin zituzten. Azkenaldian, gardentasun handiagoa egon da (Txinako ohikoak aintzat hartuta). Esan dezaket, baita ere, urrian Txinatik atera nintzenean herritarrek bizitza normala egiten zutela, kalean maskararik gabe, eta aurten ekonomikoki hazi egingo dela.

Nola daramazu freelance kazetaria izatea?

Denak du bere alde ona eta bere alde txarra. Askatasun handia ematen dizu freelance izateak, zuk aukeratu dezakezulako zer gai eta nola landu nahi dituzun. Hasieran diru iturri gutxi nituen, baina zortea izan dut, eta bezero asko ditut orain. Freelance kazetaritza aldarrikatu nahi dut, iruditzen baitzait egiten den nazioarteko kazetaritza onena kazetari autonomoak ari direla egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.