Gaur duela 77 urte jaio zen Freddy Mercury (Tanzania, 1946-Ingalaterra, 1991), eta, urtemuga hori baliatuz, Londresko Sotheby's enkante etxeak Queen taldeko abeslariaren 30.000 objektu jarriko ditu enkantean bihartik hurrengo asteazkena bitarte: Freddy Mercury, bere mundua izenburupean. 1.500 sortatan banatu ditu, eta tartean daude abeslariaren eta taldearen ikur izan ziren hainbat gauza. Sei enkante egingo dira egun horietan.
Freddy Mercury 1991n hil zen, eta haren gauzak bikotekide ohia izan zuenaren eta Mary Austin lagunaren esku egon dira orain arte. Enkantean aterako dituzte bihartik irailaren 13ra, besteak beste, We are the Champions, Somebody to love", Don´t stop me now eta Bohemian Rhapsody abestieen zirriborroak, Mercuryk kontzertuetan erabiltzen zituen jantziak, gitarrak, 1985ean Live Aid kontzertuan erabili zituen oinetakoak, orduko orbanekin, eta 1986an egin zuen azken biran Wembley futbol zelaian erabili zuen koroa.
Bohemian Rhapsody abestiaren zirriborroei esker jakin da Mongolian Rhapsody izenburua jartzea ere buruan izan zuela Mercuryk, eta fandango, galileo, eta scaramouche hitzak esaten dituen unean, matador eta belladona esatea ere pentsatu zuela. Abesti hori Queenen abestirik ezagunenetako bat da.
Abesti horien zirriborro batzuk British Midlands hegazkin konpainiaren ikurra daramaten orrialde batzuetan idatzita daude. «Ideia bat dutenean eskura dutena hartzen duten pertsona horietako bat zen», azaldu du Cassandra Hattonek, Sotherby's etxeko presidenteordeak.
Bohemian Rhapsody hamabost orrialdetan idatzi zuen, eta horiek milioi bat eta milioi eta erdi dolar bitarteko prezioa izango dute enkantearen hasieran. Salgai merkeagoak ere badaude: Mercuryk bibotea orrazteko erabiltzen zuen Tiffany's etxearen bi zentimetroko orrazi zilarrezko baten hasierako prezioa 900 dolar izango da.
Horiez gain, Mercuryren arte bilduma ere aterako da enkantera. Japoniako artearen zale amorratua zen, eta, horrez gain, mundu osoko artista ezagunen lanak zituen, Pablo Picassoren koadroetatik hasi eta art nouveau estiloko altzarietaraino. Austinek esan du Mercuryren bildumaren zati bat saltzeko garaia dela, «munduak ezagut dezan haren arima bakar eta ederra».
Enkantean irabazitako diruaren zati bat Mercury Phoenix Trust karitate erakundearentzat eta Elton John Hies fundazioarentzat izango da. Freddy Mercury eta Elton John lagunak ziren, biak abeslariak izateaz gain.