Komunikazioa

Frantziako ordezkariak korsikeraz kantatuko du etzi Eurovisioneko finalean

Italia musika jaialdira itzuli da, aurreko 13 urteetan parte hartzeari uko egin eta gero

urtzi urkizu
Donostia
2011ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Aurreneko aldiz korsikera Eurovisioneko jaialdian entzungo da, Frantziako ordezkariaren eskutik. Larunbatean izango da jaialdiaren finala Alemaniako Dusseldorf hirian, eta irabazteko faboritoen artean dago korsikerazko doinua. TF1 kateak Amaury Vassili opera kantaria (Rouen, Frantzia, 1989) hautatu du Frantzia ordezkatzeko, Sognu abestiarekin. «Arriskuz betetako kanta da, eta besteengandik ezberdina, abeslaria opera mundukoa baita. Soinu banda epiko batekoa ematen du, eta zuzenekoa oso ondo dago», adierazi du Eurovisioneko ordezkari batek.

Erresuma Batuko Blue taldearekin batera, Vassili Eurovision irabazteko hautagai sendoenetakoa da, adituen arabera.

Bai Frantziak bai Erresuma Batuak larunbateko finaleko txartela ziurtatua dute, Alemania, Italia eta Espainiarekin batera. Gainontzekoek finalerdiak gainditu behar dituzte.

Asteartean jokatu zuten aurreneko finalerdia, eta honako herrialdeek egin zuten aurrera: Grezia, Lituania, Hungaria, Serbia, Azerbaijan, Georgia, Suitza, Finlandia, Errusia eta Islandia.

Gaur izango da bigarren final-erdia, eta La2 katean ikusi ahalko da, 21:00etatik aurrera.

Italiak aurreko 13 urteetan ez zuen parte hartu, baina itzuli da. Etziko finalean Raphael Gualazzi kantariak ordezkatuko du, Follia d'amore abestiarekin.

Sustatun, 'Euskovision'

«Inolako asmo musikazale edo kulturalik gabe», aurreko bi urteetan bezala, Sustatuk eta La Personnalitek Eurovision jaialdia Euskovision bihurtuko dute. Lartunbatean Sustatu.com-en musika jaialdiaren jarraipena egingo dute, 20:00etatik aurrera. Telebistako eta Sustatu.com-eko pantailak batera piztera animatu nahi dute jendea, «ondo pasatzeko asmoarekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.