Frantziako eta Espainiako selekzioetan jokatzeari uko egin zioten hainbat pilotari elkartu ziren iaz, eta Euskal Selekzioa Orain elkartea sortu zuten azaro bukaeran. Elkartearen asmoak eta beharrak entzunarazteko, egun eta gau osoko egitaraua antolatu dute gaurko, Makean (Lapurdi); lehen biltzar nagusia eginen dute 10:30ean. Amaia Larralde pilotaria da elkartearen bozeramailea (Hendaia, Lapurdi, 1997). Abenduaren 28an Iruñean Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren ofizialtasuna onartzeaz mintzatu da, eta sortu berri duten elkartearen xedeez.
Zuen erranetan, abenduaren 28a egun «historikoa» izan zen pilotaren arloan. Zer pasatu zen Iruñean?
Lehen pauso garrantzitsua izan zen. Abendu bukaeran, Iruñean egindako biltzarrean, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren ofizialtasunaren alde bozkatu zuen. Baina oraindik ez da deus egina, ez da ezer finkatua. Oraingoz, ez da lehendakaririk, baina laster hautatuko dute; horren arabera ikusiko dugu zer bilakaera izanen den. Halere, Euskadiko Selekzioa ofiziala bilakatzen bada ere, lau probintzia ofizialtasun horretatik kanpo geldituko lirateke oraindik: Nafarroa, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherea. Parte hartzeko irizpideak ere ez dira zehaztuak, ez dakigu Euskadiko Selekzioan parte hartu nahiko dutenek Euskal Autonomia Erkidegoko nortasuna ukan beharko dutenetz, edo EAEn bizi beharko dutenetz, han jokatu...
Euskal Selekzioa Orain elkartea sortu berri duzue. Zein izan da elkartearen abiapuntua?
Iaz, Ipar Euskal Herriko hamabost bat pilotari elkartu ginen, eta uko egin genion Frantziako selekzioan parte hartzeari. Gure erabakiaren berri emateko, ekainaren 29an agerraldi bat egin genuen Hendaian. Hortik, Euskal Selekzio bat sortzeko gogoetan hasi ginen. Hainbat ekintza egin genituen, pilota partidak eta lehiaketak adibidez. 2024aren hondarrean sortu genuen elkartea. Ekinaldi handiago bat antolatu nahi genuen; beraz, Makean izanen dugun eguna antolatzea erabaki genuen. Gure lehen egun eta gaualdi handia izanen da.
Gaur duzue Euskal Selekzioa Orain eguna, eta elkartearen lehen biltzar nagusia ere eginen duzue.
Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren onarpena ailegatu aitzin antolatua genuen eguna. Egun horren helburua da elkartea ezagutaraztea, eta gure izena zabaltzea, pilotaren inguruan hainbat ekitaldi antolatuz. Eta espero dugu egun horri esker diru pixka bat ere lortzea elkartearentzat. Gure lehen biltzar nagusiarekin hasiko da eguna, 10:30ean; elkartearen hari gorria aurkeztuko dugu, gure helburuak, proiektuak, gogoak eta abar. Ondotik, 12:30ean, bertso bazkaria izanen da, Baigurako ikastolako burasoek antolaturik. Arratsaldeko, animazioak antolatu ditugu: Pontx pailazoaren emanaldia eta pilota partidak. Gauean, kontzertuak izanen dira: Kalume, Xutik, Etxekalte, RTZ Kolektiboa, eta, bukatzeko, Newhauz eta Jow DJak.
Erabaki zenuten ez parte hartzea Frantziako eta Espainiako pilota selekzioetan. Behin errefusatu eta, zer gertatzen da?
Elkarteko anitz jadanik arituak ginen Espaniako edo Frantziako selekzioetan, garai hartan ez baikinuen Euskal Selekzioaren ideiarik, edo, behintzat, ez zen posible. Azken hilabeteetan, lege aldaketekin batera, pentsaketetan hasi ginen, eta naturalki jin zitzaigun inguruko herrialdeen selekzioetan ez parte hartzea. Ezezkoa eman, eta kanporatuak izan gara ari ginen federazio horiei lotuak diren zentro guzietatik. Gure helburu nagusia da Frantziako edo Espainiako selekzioarekin aritzeari uko egin diotenak babestea. Kanporatuak izan diren gazteak babestu behar ditugu. Ez ditugu bazterrean utzi behar.
Gazteak baitira geroa...
Bai. Gu zahartzen hasiak gara, esperientzia badugu. Gazteak dira geroa, eta horiek dute Euskal Selekzioa osatuko. Adibidez, 2030eko Munduko Txapelketako, gazteak nahiko genituzke, sustut Euskal Selekzioan, eta ez Euskadiko Selekzioan baizik. Gazteak sentsibilizatu eta motibatu nahi ditugu, bereziki 18 urtez azpikoak, adin horretan hasten baitira selekzioak.
Elkartean pilotariak baizik ez zarete?
Elkartean, mementokotz, pilotariak baizik ez dira; hamabost bat pilotari. Baina, halere, gure helburua da elkartea ez izatea pilotari elkarte bat bakarrik. Beste eragileei ere irekiak gara, eta selekzioaren alde ari direnei irekia izatea nahiko genuke: edozein pertsona, enpresa... Orokorrean, elkartea laguntzeko prest den edonori irekia da. Ez da pilotariei baizik hetsia.
LOTSABAKo
Pilota hutsa ala betea?
Pilota hutsa, pilota betearen arauekin.Erreferente bat?
Simone Biles.Gehien maite duzun trinketa?
Hendaiakoa [Lapurdi].