Frantsesak eraikitzen segitzeko oroitarriak

Lehen Mundu Gerlara bortxaz eramandako eta zendu ziren 6.000 lagunen omenez ez ezik, «frantses nazioa eraikitzen segitzeko» ere altxatu zituzten monumentuak Zuberoako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko herri guzietan. Alta, zuri eta gorrien arteko tirabirek desadostasunak ekarri zituzten, Alduden konparazione.

Aldude. Adostasun gabeziak bi oroitarri eginarazi zituen; hau zubi ondoko laikoa da. CLAUDE MARTINEZ.
Ainize Madariaga
Baiona
2021eko azaroaren 18a
00:00
Entzun

Euskaraz baizik ez zekiten haiek. Haiena ez zen aberriaren alde», dio Morts pour la patrie Kaleko Urdangak taldearen kantuak. Lehen Mundu Gerlara abiatu ziren 25.000 euskaldunen tragedia laburbiltzen du, frontean 6 000 euskaldun hil baitziren, eta milaka gasez ito behin etxeratuta, eta bertze horrenbertze zaurituak eta traumatizatuak; konprenitzen ez zuten lengoaia bateko manuei obedituz, haiena ez zuten nazio baten zerbitzuko.

 

Akitu zen noizbait ere gerla hura, eta bere odolak ito zituenak oroitzeko garaia hasi: oroitarriak eraiki baitzituzten Zuberoako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko herri guzietan. Zein testuingurutan altxatu ziren ikertu berri du Claude Martinez historialariak. Bihar emanen du mintzaldia horretaz, Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Ducontenia gelan, 18:00etan.

Alta, Lehen Mundu Gerla 1914ko uztaila aitzin abiatu zen, eta ez zen 1918ko azaroaren 11n akitu; segitzen baitu oraindik ere frantses herriaren aldeko oldeak, manera sotil eta lausoago batez beharbada. Alabaina, nazio zapalduetako jendea lubakietara igorri aitzin, Frantziak lurra ongi labakitu baitzuen. Orduko hartan, frantsestasuna eta frantses mintzaira bera ez baitziren Frantziak gobernatzen dituen lurretaraino hedatuak. Alta, indarrez kausitu zuen euskara baizik ez zekiten haien milaka bizitza bere alde biltzen.

Eneko Bidegainek tesia egin zuen gaiaz, eta liburu bat ere argitaratua du: Lehen mundu gerra eta Euskal Herria (Elkar, 2014). Egileak argitu du gerla baino 50 urte lehen «aski teorikoa» zela frantses izatea orduko euskaldunentzat, frantses «nazio eraikuntza berria» zelako oraino: «Frantzia estatu gisa existitzen zen, baina ez nazio gisa, edo arrunt leku mugatuan. Hizkuntza ere ez zuen zabaldua berak kontrolatzen duen lurralde horretara. XIX. mende bukaera izan zen frantsesak eraikitzeko makineria guzia martxan ezarri zuten garaia: frantsesa irakatsiz, baita Frantziako historia-geografia eta kontakizun sinboliko guzia ere. Fisikoki eta psikologikoki prestatu zituzten noizbait gerla egitera Alemaniaren kontra. Prestaketa teorikoa praktikara eramateko garaia izan zen gerla, fisikoki eta odolez».

Lehenagotik bezala, gerlatik landa ere «makineriak» jarraitu zuen. Horregatik, Frantzian sekula eraiki izan den oroigarri gehien egin ziren orduan, eta epe laburrean: 30.000 bat estatu osoan. Claude Martinezek ohartarazi du: «Berehala oroimen baten finkatzeko nahikundea izan zen, denen bistakoa izan behar zuen, hilen memoria identifikatzeko».

Oraingo egunean Zuberoako, Lapurdiko eta Nafarroa Behereko herrietako sozialki estrategikoak diren lekuetan ikusgai dira: plaza, herriko etxe edo eliza inguruetan usuenik. Bidegainek azpimarratu du oroitarriek duten funtzio politikoa: «Frantses nazio eraikuntza hori ez zen gerlarekin finitu, horren azpimarratzeko gerlaren ondotik eraiki zituzten oroitarriak herri bakoitzean, egunero erakusteko herri bakoitza dela Frantziari lotu herri bat; gerla horretarako egin duen sakrifizioaren bitartez, Frantziaren «nazio» erakustaldi etengabea da».

Frantziak indarra egin zuen gerla hori oroitarazteko; alde batetik, monumentuen egiteko diru laguntzak paratu baitzituen 1919an: eraikitzeko gastuen %15 bere gain hartuz, eta 1922an, legez onartu zuen azaroaren 11 besta egun nazionala izanen zela.

Harriz harri, herriz herri

Gerla Handiaren aitzineko giro politikoa Ipar Euskal Herrian bi kolorek margotzen zuten: gorriak eta zuriak, gerora ezkerra eta eskuina bilakatuko zirena. Erregezale, katoliko eta bonapartistak zuriak ziren; gorriak, berriz, errepublikazale laikoak.

XIX. mende bukaerako eta XX. mende hastapeneko Frantziako legeek aldaketa bortitzak eragin zituzten: 1882ko Jules Ferry Hezkuntza ministroak eskola publiko laikoa behartu baitzuen, eta frantsesa orotan inposatu. Halaber, 1905eko estatuaren eta Elizaren arteko bereizketak Elizaren ondasunen inbentarioa eragin zuen: «Alduden, herritarrek elizako atea blokeatu zuten, eta borta aizkoraz zabaldu behar izan zuten», erran du Martinezek.

Alta, gerla abiatu orduko, Batasun sakratua egin zen Ipar Euskal Herrian bezala Europako bertze herrialdeetan ere. Martinezek Eskualduna aldizkariari esker kokatu ahal izan du garai hartako giroa. Preseski, agorrilaren 7ko alearen azala erakutsi du: «Gerla haste-Biba Frantzia!», leitu daiteke, eta, lerro batzuk beheitiago: «Ez da gutartean, churi ez gorri, berechkunderik. Oro Frantses Frantzian; Eskual herrian oro eskualdun, elgarren aneiak».

Gerlaren akitzeak ekarri zuen Batasun sakratu horrena ere; oroitarrien eraikuntzaren tirabirak ez ziren horren isla baizik izan. 1922ko abenduaren 22ko aleko eleek ongi salatzen dute: «Haatik bakea ez da oraino katolikonganatua, kanpoko etsaien ondotik hor ditugulakotz barnekoak, egundaino bezain borthizki jazarriak. Gerlan gelditu direnak erori dira ondokoak bizi ziten deskantsuan, eta horra nun gorriak baztertuz hilen orhoiztapena, hilen nahikundea, ari zauzkun lan tzarrean, Eliza eta gure erlisionea ezin aski behera ezarriz».

Gorriak eta zuriak, beraz, oroitarrien bi muturretan zeuden, zenbaitetan adostasunik ezin atzemanez; kasu horietan, herriko kontseiluak zuen azken hitza. Lehen urratsa izaten zen elkartea muntatzea; gero, dirua bildu eta nolako oroitarria egin behar zen eztabaidatzea: Laikoa? Erlijiosoa? Zein tokitan? Martinezek Aldudeko kasua ikertu ahal izan du bereziki, Jean Etxepare mediku eta idazleak izkiriaturiko artikuluei esker. Herri horretan agitutakoa «bitxikeriatzat» du, elkartean ez baitziren ados jarri; bi proiektu agertu ziren: plaka bat paratzea elizaren sartzean, eta oroitarri laiko bat zubi puntan. Baina herriko etxekoak ere nekez aritu ziren ezin erabakiz, zatiketa handia baitzen; hondarrean, azken hitza bakar batentzat eman zuten. Alta, bi oroitarri eraiki zituzten: «Baztertua den elizako oroitarria eraiki da, eta inauguratu zubi ondoko oroitarri ofiziala baino lehen! Bitxikeria da. Herritarrek eman dirua bildu da, gogoeta bat eraman da...». Hain den bitxikeria Aldudekoa non gerlan hildakoen zerrenda ere ez baita bera bi oroitarrietan: laikoan hamalau dira; erlijiosoan, berriz, hamahiru: «Arrotz bat baitzen Alduden, hemengotua, bere sinestea bizi, zeno gorderik atchiki zuena, haren izena berech eta choil», diote Eskualduna-ko eleek, hamalaugarren hildako laikoa elizako oroitarriko zerrendatik kanpo gelditu zela salatuz.

Martinezek lanaren konklusioa honela laburtu du: «Holako gertakari baten ondotik ez da oroimen bateraturik egin, eta memoria anitza da lekuen arabera, eta azkenaren buruan oroimen baten eraikitzea ez da adostasun zabal batean egiten ahal».

Etxepare Aldudeko oroitarri laikoaren taldeko buru zen, eta gogoeta «sakona» egin zuen gaiari dagokiolarik, alde batetik deskribatu baitzituen Aldudez bertze herrietako oroitarriak, bai eta haien «euskalduntasuna» aztertu ere, baina proposatu ere zuen nolakoa zatekeen bere aburuz oroitarri egokia: «[...] ez bakarrik soldadoak, bainan oraino hauien amak, semeak gerlako galbideetan zituztelarik hainbertze eta hain gogotik lur lanari jarraiki ziren emazte onak. Soldado bat guduan, gibelean eta beherachago haren emaztea lur lanetan ari, eta bazter batean bizpahiru haur, bat edo bertze josteta, bertze bat othoitzean aitarentzat». Alta, ez dute nehon halakorik eraiki, «garestiegia» zelakoan. Emazteen presentzia, bestalde, Martinezek ikertu du: agertzekotan bakarrik «doluan». Alde horretatik, haatik, Etxeparek bertzerik galdetzen zuen: emaztea lanean irudika zedin.

Aberriak harri

Martinezek ikertu ere du oroitarrietan beren burua nola irudikatu nahi zuten, ongi prestatu asimilazioaren bide horretan: aberri Handiaren eta Ttipiaren artean; frantsesa izateko euskaldun ona behar zela. Etxeparek oroitarriaren estreinaldi mintzaldian argiki adierazi zuen: «Eskualdun gira eta orozbat frantses. Eskual Herriari zor balin badakogu gehienik gure bizipidia, Frantziari dakogu guziz zor gure adimenduko argia, gure bizitzaren errestasuna, gure bihotzian dukegun anaitasun goxoa, gure ahalen handia ere ba, erran nahi dut gure indarra [...] Izan zitezte haurride on elgarrentzat, eskualdun garbi, zinezko frantses».

Martinezek azpimarratu du bazela garaian euskalduntasuna azpimarratzeko beharra; konparazione, Baionako Euskal Museoa orduan sortu zen: 1922an. Gernikako arbola ere monumentuen estreinaldietan kantatzen zuten; zehazki, Frantziako himnoarekin batera.

Bidegainek ere badu bere irakurketa: «Frantziak patchwork moduan eraiki du bere nazioa, euskaldunak hor eroso sentiarazteko, eta horretarako esaldi batzuk asmatu zituen trikimailu gisa: «euskaldunak zaretelako zarete frantsesak». Gaur egun termino horietan ez da hainbertzetan erabiltzen, baina hor da beti; euskal musika, eman dezagun, Frantziak bere ondarearen partetzat dauka».

Gaurkotasunik ez dute galdu oroitarriek, azaroaren 11 iragan berri honetan, ekitaldi franko egin baita. Bertzeak bertze, Ziburun, auzapez abertzalea bertan egon da. Haren lekukotasuna bildu nahi izan du BERRIAk, baina ez dio ihardetsi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.