Seaska Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioaren hastapenetik egin du lan Gillermo Etxebarriak (Zaldibar, Bizkaia, 1954) euskara zabaltzearen alde. Denbora luzez ibili da irakasle lanetan, eta Baionako Bernat Etxepare lizeoko zuzendari izan da azken zazpi urteetan. Erretreta hartu berri du, baina lanerako gogoa ez zaio akitu.
Eginen zenuke urte hauetako balorazio orokor bat?
Duela 40 bat urte hasi nintzen Seaskan, eta garai horretatik hona aldaketa handiak izan dira euskarari dagokionez. Seaska 1969 inguruan hasi zen, eta ni 1976an sartu nintzen. Oraindik ez zen horrenbeste jenderik. 1950eko hamarkadan, izugarrizko beherakada izan zuen euskarak, eta hizkuntza ofizial bakarra frantsesa da. Frantziak euskara desagertzeko mila bide hartu ditu; haren eskutan balego, desagertua izanen litzateke. Hegoaldean baziren euskal eskolak, eta hemen ikastolekin hasi ziren.
Beranduago, baina lortu zenuten.
Eztabaida handiak izan ziren, eta lortu zen kolegioa egitea, nahiz eta hainbat euskaldunek beren seme-alabak ez sartu kolegioan. Baina mugimenduaren hastapen bat izan zen hura. 1981ean, kolegioa egin zen. Horrez gain, toki batzuetan, baziren helduentzat egiten diren gau eskolak. Gau eskolen elkarretaratzea lortu zen. Horiek egin ziren garai hartan, eta elkarlanean ere egin ziren irratiak, telebista moldeak... Lehen, oso ikasle gutxi ziren Seaskan; orain, badira 3.500 inguru.
Nondik atera zenituzten indarra eta baliabideak?
Lan anitz zegoen egiteko. Horretan ari zirenak izugarrizko borondatearekin zeuden, eta aitzina egiteko lan pila bat egiten zuten. Kolegioa hasi zelarik, ez zen dirurik aitzina segitzeko. Bide luzea izan zen, baina, azkenean, Kanboko toki bat salgai eman zuten. Horretan sartzea lortu genuen. Hori aitzinarazteko, behar genuen bankuko dirua, eta hamar bat familiak ezarri zituzten beren etxeak berme moduan. Gero, Herri Urrats hasi ginen egiten, eta horko diruarekin, adibidez, materiala erosten genuen. Kolegioa egiten ere segitu behar genuen, gero eta ikasle gehiago zegoen eta. Asteburu guztietan eta bakantzetan hor ari ginen gurasoak, irakasleak, egunkarietako kideak, hegoaldetik etortzen zirenak, denak lanean. Oso giro ederra, goxoa zen, eta jendea erabat horretan finkatua zen, aitzinatzeko. Orain, askoz jende gehiago dago, baina askoz erdaldunagoa ere bai.
Zure ustez, hobera edo okerrera egin du euskararen egoerak?
Euskararen egoerak segitu du beheranzko bidea; desagertzeko bidea, oro har. Baina badira zenbait bide hori pixka bat trabatzen dutenak eta ez dutenak uzten beherantz joaten. Ikastolak, adibidez, AEK, irratiak… horrek guztiak pixka bat atxikitzen du. Funtsa da oraindik frantsesa dela hizkuntza bakarra Frantzian. Oso nekeza da. XXI. mendean gaude, eta horretan gara oraindik.
Zein aldaketa gehiago egin beharko lirateke?
Baxoa euskaraz egin ahal izatea. Haurrek kanpoan euskaraz egin dezaten indartu behar da. Bestalde, Lanbide Heziketarik ez da egiten, baina hori abian jartzeak arazoak dakartza. Hemen, eskola bat dago Lanbide Heziketa bakoitzarentzat, eta guk hori ezin dugu egin. Lanbide Heziketa batzuk egiten hasiko gara datorren ikasturtean, baina hastapen bat izanen da. Unibertsitaterik ere ez dugu, Bordele eta Pauekoak baitira. Hemen ditugun fakultate txiki horiek frantsesez dira gehienak, euskarazko zer edo zer dagoen arren. Egun, ikastoletatik pasatzen diren ikasleen %90 Frantziara joaten dira ikasketak egitera. Asko han gelditzen dira lana dela eta, edo lagunak egin dituztelako. Nahiz eta hemen hurbil den euskaraz ikasteko aukera, oso jende gutxik egiten du hautu hori.
Seaskan apustu egiten duzue Ipar Euskal Herriko ikasleak Hegoaldera ikastera joan daitezen? Ezinezkoa ikusten duzue Ipar Euskal Herrian dauden fakultateetan ezer lortzea?
Hori behar litzateke, baina, hizkuntza ofiziala frantsesa denez eta unibertsitatea ez denez hemengoa, oso zaila da. Egin beharko da; denboraren afera da. Baina Hegoaldera joateko ere badira hainbat traba tartean. Lehenik, garaia: han izena emateko azken eguna baxoko nota eskuratu baino lehenago da. Baxoko noten berdinketa hango notekin ere ezberdina da erabat. Hori UNEDen bidez egiten da, Madrilen. Momentu batez, duela bost bat urte edo, erran zuten Jaurlaritzari emanen ziotela hori egiteko aukera. Urte hartan saiatu ginen, baina Madrilera jo behar izan genuen azkenean, guretzat ez zegoelako erraztasunik, Frantzian ikasten ari ziren hegoaldekoentzat baizik. Gainera, garai hartan horretaz arduratzen zena Madrildik etorritako PPko bat zen. Orduan, hari bost axola.
Laguntza eskaintzen diezue joan nahi duten ikasleei?
Guk urteak daramatzagu hango EHUko irakasleekin mintzatzen.Jaurlaritzakoekin ere bai. Badira aferaz ohartzen direnak eta laguntzen dutenak. Beste batzuk ez. Hilabeteak eta hilabeteak pasatzen ditugu eztabaidan. Iaz, eta aurten ere bai, denboraren aferan EHUko errektoreordeak lagundu gaitu. Horri esker, nahiz eta hiru edo lau aste beranduago ukan kredentziala, notazioa ona baldin bada onartua izaten da ikaslea.
Aurrekoetan aipatu duzu hastapenean jendeak beldur zuela haurrak euskaraz matrikulatzeko. Hori gainditu al da?
Hastapeneko afera bat da. Jende euskaldun anitzek ez zituen haurrak ikastolara eramaten. Etxean egiten zuten, baina eskolan frantsesez ikas zezaten nahi zuten. Gaizki ikusiak ziren ikastoletara matrikulatzen zituztenak. Abertzale anitzen artean ere bazen halako beldur bat. Oraindik ez zen baxoa egina, eta ez zekiten ongi nola pasatuko zen. Hori gainditu dugu jada. Gainera, baxoa egiten dute askok, eta ongi pasatzen dute. Orain, guztiak lehen mailatik kolegiora pasatzen dira, eta, gero eta gehiago, kolegiotik lizeora. Ikasleen gehiengoa oraindik ez, ordea.
Euskara ikasi bai, baina erabili...
Lan handi bat da hori. Lehenik, erdaldunak diren gurasoak konbentzitu behar dira, eragin handia baitute hizkuntzaren erabileran. Bestalde, ikastola bakoitzean urtero egin beharreko lana da.Tokiaren arabera, gehiago egiten dute euskara erdara baino. Baina hori hastapenetik egin behar da. Dena den, 25 haur direlarik denak erdaldunak, edo gehientsuak, zaila da kanpoan direlarik euskaraz eginaraztea.
Zailtasunak eta atzerapenak dituztenentzako baliabiderik ba al duzue egokitzapenak egiteko edo laguntza emateko?
Badira, alde batetik, buruko arazoak dituztenentzako toki bereziak eskolan bertan, kolegio bukaera arte. Egokitzapenak egiten zaizkie, dituzten arazoak zaintzen eta konpontzen saiatzen. Hori lortu da hainbat urtetatik hona. Lehen, arazoak zituztenek ama eskolatik joan behar zuten frantses guneetara.
Orain, lizeo berria eraikitzean jarria duzue indar guztia?
Ez guztia, baina bai handia. Gaur egun, hiru kolegio eta lizeo bat ditugu. Lizeoan jada ez da toki gehiagorik, eta kolegio guztietan ere ez. Kanboko kolegioan ez dira haur gehiago sartzen. Laster, 400 izanen dira, eta ez da lekurik. Hor egin ahal zen lan guztia egina da. Orain, beste bat behar da. Azpiegitura handiagoak behar ditugu. Eta lizeoan Lanbide Heziketa egiteko moldeak ere sortu nahi ditugu. Horrelako lan bat egiteko, orain hasi behar dugu, eta datorren ikasturterako bukatua izan. Baina traba pila bat topatzen ditugu. Badira horren aurka azaltzen direnak eta euskararen kontra daudenak.
Curriculumari dagokionez, Frantziako programa darabilzue. Posible al da euskal curriculum bat sartzen hastea?
Egiten ditugu, adibidez, beste ikastoletan egiten diren programazioak. Loturak egiten saiatzen gara programa batzuen eta besteen artean. Baina, funtsean, batxilergoa egiteko frantses programari jarraitu behar zaio, nahiz eta euskaraz egin. Kolegioan lortu izan da hainbat programa eta lan euskaraz egitea. Lizeoan, itzulpenak etengabe egiten izan gara.
Geratu al da norbait ikastolatik kanpo leku faltagatik?
Ez, beti lortu dugu hitzeman duten horientzat toki bat ematea. Ez da jende gehiegi eta toki gutxiegi. Ikusirik batxilergoan zein nota-eta zegoen, urtero jende askok idazten digu Frantzia osotik, ea posible den sartzea. Ezetz erraten diegu. Posible da teorian, baina euskaraz egiten dugu, eta ez dakite. Halere, zenbait urtetan, bat edo bi etorri izan dira hegoaldetik lizeora, eta arazorik gabe pasatu dute batxilergoa. Baina erdaldunak, ostera, lizeora ez dira sartu; kolegiora ere ez.
Ama eskolatik lizeorako ibilbidea egitea da normalena?
Bai, baina hori bada konpondu beharko litzatekeen beste afera bat. Norbait Euskal Herrira baldin badator hamabost urterekin, aukera izan beharko luke euskara ikasteko. Hori ez da gertatzen.
Euskarak ikastoletan al du etorkizuna? Non du lekua eskola publikoak?
Eskola publiko eta pribatuetan hasi ziren ordu bat edo bi euskaraz egiten ikastolak hasi ziren garaian. Euskarazko hainbat irakasle daude, eta hainbat gauza lortu dituzte publikoetan. Baina traba handiak daude. Eskola publikoan euskarazko ordu batzuk lortzeko, gurasoen eta zuzendarien baimenak behar dira. Orain, aldaketa bat izan da, eta hainbat eskola publikotan arazoak dituzte ordu bat gutxiago izanen dutelako euskaraz.
Elkarlana egiten al duzue ikastetxeekin?
Ez dira erabat elebidunak. Batzuetan, hiru edo lau ordu egiten dituzte euskaraz; batzuetan, zazpi. Harremanak baditugu, nahiz eta Seaskak badituen Frantziako Hezkuntza Nazionalarekin hitzartze batzuk. Bide horretan segitzen dugu. Euskal Kultur Erakundearekin ere lan egiten da. Eskatu behar da ahal den guztia. Frantsesa hizkuntza bakarra izatetik kendu behar da lehendabizi. Hori lortu arte, hala izanen da denbora guztian.
Bizitza erdia baino gehiago egin duzu Seaskan. Eta, orain, zer?
Lehengo zer guztiak segitzen du: eginbehar asko daude.
Baina lasaiago?
Ahal duguna eginen dugu. Hau guztion eskuetan dago. Hedatzea lortu behar dugu. Iparraldeko gehienek frantsesez irakurri eta ikusten dute telebista. Toki gehienetan egon behar dugu; gazteentzat erakargarriak diren gauzak euskaraz asmatu behar ditugu.
Gillermo Etxebarria. Etxepare lizeoko zuzendari ohia eta Seaskako kidea
«Frantsesa hizkuntza bakarra izatetik kendu behar da lehendabizi»
Ipar Euskal Herrira 1976an heldu zen Etxebarria, eta, harrezkeroztik, euskararen eta ikastolen alde lanean ibili da Seaskan. Lanbidez irakaslea da, eta azken zazpi urteak Etxepare lizeoko zuzendari moduan egin ditu. Duela aste batzuk hartu du erretreta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu