Frank Harrieten 'Ametsen doinua'-k irabazi du Next Station lehiaketa

Musika, politika, maitasuna eta drogak ditu osagai websail bat egiteko hautatutako proiektuak

Frank Harriet Next Stationeko irabazlea, Miarritzeko Mediatekako egonaldian lanean. NEXT STATION.
jakes goikoetxea
Donostia
2020ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Mutil bat eta neska bat. Bikotekideak. Musikariak, musika talde bereko kide. Mutilak bateria jotzaile ospetsua izan nahi du. Neskak, berriz, musika eta politika uztartzen ditu: herriko auzapez izan nahi du, eta hauteskunde kanpaina egiten ari da. Taldea osatzeko, hirugarren musikari bat hartuko dute, beste neska bat. Musika taldea oso ondo ari da, baina mutila iritsi berriaz maiteminduko da, eta, iritsi berria, iraganean droga mendekotasuna izandakoa, berriro ere hasiko da drogak hartzen. Haren osasunak okerrera egingo du.

Azkaineko (Lapurdi) Frank Harrieten istorio horrexek irabazi du Next Stationen hirugarren deialdia. Ametsen doinua izena du. Websailen sorkuntza eta ekoizpena sustatzeko egitasmoa edo laborategia da Next Station, eta Harrieten egitasmoa websail bihurtzea da helburua. Hamar minutuko sei ataleko websail bat. Harrietentzat ez da arrotza ikus-entzunezkoen mundua: soinu eta bideo teknikaria da. Intermitentea. Kanaldudeko Busti eta Hertzetan telebista saioetan ere parte hartu izan du.

Lau finalistaren artean aukeratu dute Harrieten proiektua. Interesatuek minutu bateko bideoa bidali behar zuten aurrena, istorioaren muina azalduz. «Azken momentuan» bidali zuen Harrietek. Lau finalistek hiru eguneko egonaldi bat egin zuten Miarritzeko Mediatekan (Lapurdi), urtarrilaren 14tik 16ra, Izaskun Arandia gidoigile eta ekoizlearekin.

Ikastaro trinkoa

Hasierako ideia websail bihurtzeko ikastaro trinkoa eta praktikoa jaso zuten Arandiaren eskutik. Mediatekako egonaldiaren ostean, jada eginda izan behar zituzten gidoia, pertsonaien deskribapena, atal bakoitzaren trama, sinopsi orokor bat eta blogline bat. «Nik ez nekien hori egiten», azaldu du Harrietek. «Arandiak erakutsi dit nola indartu pertsonaiak, nola sortu trama, nola landu gatazkak... Oso baliagarria izan da. Nire istorioa aberastu du».

Guztia idatzita dauka, «gutxi gorabehera». Apirilera arte jarraituko du istorioa lantzen, xehetasunak gehitzen. Atal bakoitzeko gidoia egin beharko du. Eta, apiriletik aurrera, berriz ere Izaskun Arandiarekin landuko du istorioa, bukatzeko. «Udazkenean grabatzea da asmoa». Lanerako prest dago: «Kitzikagarria izango da abentura hau».

Zergatik aukeratu dute Harrieten istorioa? «Unibertsala delako», besteak beste, Jokin Etxeberria (Jok Films) Next Stationeko sortzaile eta ekoizlearen esanetan. Media Attack agentzia eta ekoiztetxekoak ditu bidelagun. «Istorio unibertsal bat interesatzen zitzaigun, aurrena Euskal Herrian eta gero munduan zabaldu ahal izango dena». Horren adibide da Next Stationen bigarren deialdiko irabazlea, Puntu Koma websaila. Polonian ere saldu zuten, eta leku gehiagotan saltzea espero dute.

Era berean, Etxeberriari interesgarria iruditzen zaio Harrieten proiektuan politikak lekua izatea, are gehiago aintzat hartuta telesail digitalak jende gaztearentzat direla batez ere.

Proiektuaren idazketa bukatutakoan, babesleak lortzen hasiko dira, gauzatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.