Udako proposamenak

Fotogramak eskultura artean

Aire zabaleko zinema gauak egingo dituzte Txillida Leku museoan, bihartik larunbatera.

Aire zabaleko zinema gauetako argazki bat, Txillida Leku museoan. TXILLIDA LEKU
Aire zabaleko zinema gauetako argazki bat, Txillida Leku museoan. TXILLIDA LEKU
ane insausti barandiaran
2024ko uztailaren 31
05:00
Entzun

Artearen eta naturaren topaleku bat da Hernaniko (Gipuzkoa) Txillida Leku museoa: biak elkarreraginean jarri, bisitariek horietaz gozatzeko arnasgune bat izan dezaten. Horixe zen Eduardo Txillida artistaren ametsa: «Egun batean, utopia batekin egin nuen amets: nire eskulturak finkatzeko leku bat nahi nuen, jendeak eskultura horien artean ibiltzeko aukera izan zezan, baso batean bezala». Baina, eskulturaz ez ezik, bestelako arte diziplina batzuei ere egiten diete tokia museoan: zinemari, esate baterako. Aurten ere, aire zabaleko zinema emanaldiak egingo dituzte, bihartik larunbatera bitartean.

Filmak ikusi aurretik, 19:00etatik aurrera, museoa ilunabarrean bisitatzeko aukera izango du jendeak, eskulturatik eskulturara Txillidaren unibertsoan murgiltzeko. Gero, pantaila parera joango dira: 22:00etan hasiko dira proiekzioak. 

Gaur-gaurko gaiak lantzen dituzten filmak antolatu dituzte aurtengo aire zabaleko zinema egitaraurako. Bihar izango da lehen emanaldia: Wim Wenders zuzendari alemaniarraren Perfect days filma (2023) proiektatuko dute. Tokioko komun publikoak garbitzeaz arduratzen den Hirayama du protagonista, eta, eguneroko errutinan zoriontsu bada ere, hura kolokan jarriko duen gertakari baten ondorioz, aurre egin beharko die iraganeko hainbat korapilori. 

Sala de profesores filma (2023) izango da ostiraleko proiekzioa. Carla Nowak matematika eta gorputz hezkuntzako irakaslearen bizitza kontatzen du filmak. Nowakek bere lehen lana hasiko du Bigarren Hezkuntzako ikastetxe batean, eta eskolan gertatzen diren lapurreta batzuk ikertzen amaituko du, haren ikasle bat erruduntzat jotzen baitute. Hala, topo egingo du guraso haserretuekin, lankide egoskorrekin eta ikasle oldarkorrekin.

Azken filma larunbatean izango da, eta iaz estreinatutako film frantses bati egingo diote lekua: Une année difficile. Komedia horretan, erosle konpultsiboak dira Albert eta Bruno, eta, dituzten zorrei aurre egiteko, ingurumenaren aldeko ekintzaile talde gazte batean murgilduko dira, haiengandik probetxua ateratzeko asmoz. Intouchables,C’est la vie eta Hors normes filmen zuzendari berak dituzte: Olivier Nakache eta Eric Toledano.

Sarrerak salgai

Zinema emanaldiak izanik, krispetak ez dira faltako, eta Euskal Herriko oilaskoarekin egindako ogitartekoak ere eskainiko dituzte, Lurra Caferen eskutik. Hori bai, museoko kideek arropa nahikoa edo estalkiren bat eramatea gomendatu diete bertaratuko direnei, iluntzean freskatu egingo duelako. 

Sarrerak salgai daude Txillida Leku museoaren webgunean: Tickets.museochillidaleku.com. Hamasei euro balio du ohiko sarrerak, baina urteko bonua dutenek merkeago erosteko aukera izango dute: 12,8 euroan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.