Formatu berritzaileen bila

Next Stationeko finalistak aurkeztu dituzte, eta deialdi bat egingo dute euskarazko proiektuentzat

Humanes, Loredo, Bugatti, Casanova eta Belandia dira Next Stationeko bost finalistak. JOKIN ETXEBERRIA.
urtzi urkizu
2017ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Eiken ikus-entzunezko klusterrak eta EITBk formatu berritzaileak sortzeko laborategi bat jarri zuten martxan iaz, Next Station izenarekin. Media Attack, Develop HUB eta J.O.K. Films ekoizpen etxeak aritu dira proiektua koordinatzen. Lehen deialdian, zortzi herrialdetako ikus-entzunezko 63 proiektu aurkeztu ziren —gutxi batzuk izan ziren euskaraz—, eta atzo bost finalistak aurkeztu zituzten, Bilbon: Ivan Humanes kataluniarra, Adrian Loredo mexikarra, eta Txemi Bugatti, Eneritz Casanova eta Ibon Belandia euskal herritarrak. Bostek gaztelaniaz garatuko dituzte lanak.

Jokin Etxeberria J.O.K. Filmseko ekoizle eta Next Stationeko koordinatzaileetako batek azaldu du bost finalistek proiektua garatuko dutela orain, eta horiek zabaltzea dutela helburu. Formatuak hainbat eragileri aurkeztu dizkiete egunotan. «Bestalde, deialdi bat prestatzen ari gara, web telebistak euskaraz egiteko. Gure asmoa da aurten egitea deialdi hori, eta irabazleak proiektu bat garatzea Interneten». Nabarmendu du Develop HUB eta Media Attack ekoizpen etxeekin elkarlanean jarraituko duela, antzeko proiektuak egiteko. «Aurrera begira, formatu berrietarako deialdia urtean behin, behintzat, egin nahiko genuke».

Next Stationeko lehen deialdiko hautaketa Interneteko sare sozialen bitartez egin zuten, bai erabiltzaileek, bai aditu batzuek. Mondragon Unibertsitateko Luis Berasategik sortutako Open Innovation metodologia erabili zuten azken prozesuan adituek. Proiektuek garatzeko eta bideragarritasun ekonomikorako izan ditzaketen aukerak hartu dituzte aintzat adituek.

Bost finalistak, bestalde, Bilbon izan ziren martxoaren 6tik 9ra, Mondragon Unibertsitateko instalazioetan. «Lau egun horietan saioaren biblia idatzi zuten, bideo bat egin, eta proposamena lantzen aritu ziren», azaldu du Etxeberriak. Era berean, trebakuntza saio batzuk jaso dituzte ikus-entzunezko profesionalen eskutik. Haien bideoak sare sozialetan izango dira ikusgai.

Bost proiektu oso ezberdin

Denetarik dago bost finalisten proposamenetan. Eneritz Casanovak Princesas y machotes lana garatuko du. Hezkuntza proiektu interaktibo bat da, eta, sare sozialen eta jokoen bitartez, nerabeak berdintasunaren inguruan kontzientziarazi nahi dira. Ibon Belandia Reviéntalo formatua ari da lantzen. Saioko parte hartzaileek irudimena eta objektu pentsaezinak erabili behar dituzte aparatu batzuk puskatzeko. Plataforma ezberdinetan garatu ahalko da saioa. Txemi Bugattik Diario de un secuestrado web telesaila garatuko du. Fikzio kontakizun batean, bahituta dagoen pertsona batek bi minutuko bideoak egingo ditu, eta erabiltzaileekin komunikatuko da. Ivan Humanesek ¿Quieres ser presidente? izeneko reality-show-a garatuko du. Presidente izateko hainbat hautagai egingo dira, eta proba bereziak jarriko dizkie Humanesek. Adrian Loredoren proposamena Ultimate Crossfit da. Talent show bat da, crossfit kirolaren ingurukoa —gimnastika ariketa zehatzak ditu oinarri—.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.