Irakurri hemen serieko artikulu guztiak
Natura 2000 Sareko kideak dira Obarenes mendiak, eta kontserbazio bereziko eremua izendatua izan da aspaldi. Babesaren araberako zonak zehaztu dira mendigunean zehar, betiere barreiaturik dauden altxorrek kalterik ñimiñoena jasan ez dezaten. Kareharriz jantzitako paisaia antzematen da Fonceakoan, eta, irudimenari tartea utzita, aise pentsa liteke orrazi erraldoi baten antzo gailendua izan zela. Geologian gutizia, akaso. Mendiguneko bidezidorretan barna hasteaz batera, txangolaria konturatuko da artadiak neke handiko lana egin duela substratu harritsuan. Kareharriz emokatutako paisaiaren baldintza ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula. Izan ere, zuhaitzok urte mordoa eman dute leku berean, harkaitzari lotuak. Tamalez, batzuek sugar suntsitzaileak gertu-gertu ezagutu dituzte, eta ondoezaren berri izan dute; beste batzuk, ordea, ikazkintzaren eta abelazkuntzaren beharretara makurtu ziren aspaldi, geroztik hamaika motibo dituztela horren abailduta egoteko. Askoz gehiago izango dira haizea dabilela zabuka hasten diren zuhaitzak. Memoria handikoak izaki, haien altzoan ederki bermatuta, orduak labur egingo zaizkio ibiltariari.
Eremu babestu honek 5.000 hektarea inguru hartzen ditu, eta, bertan hazten den landaretzak uraren presentzia gustuko badu ere, egonarri handikoa ere bada urre gardenaren faltan. Hala ere, nor bere estrategian jenioa den legez, belar altuak eta uretako baldintzapean bizirik irauteko landare propioak ikusiko dira toki batzuetan; hala nola Fonceako lohitzunean. La Laguna leku izena hartu du bazterrak, eta, adituen hitzetan, narrastientzat eta anfibioentzat toki garrantzitsua da. Euria eskuzabala denean, belazea ihintzarekin bezala izaten da busti-busti, eta usain gozoz betetzen joaten da apurka-apurka. Lehorrari lehian, segurki, ur geruza finak lagun berriak erakarriko ditu bere ondora. Orduan olgetan ibiliko dira animalia batzuk larre bustian, irrist eta irrist; igeriketa baldarrean, beste batzuk.
Hegaztiek ere arnasa hartzen dute Obareneskoan. Agian xuxurla arrotz bat entzungo du ibiltariak artadiaren nagitasun gozoan. Ez da txori kantarien harmonia adeitsua izango, ez. Zerua alderik alde zeharkatzen duen harraparien lorratz zaindu eta ongi ikasia baizik. Bonelli arranoa jirabiraka ibiliko da han isil-misil, Burebako lautadatik Fonceako Hoyora bidean, zapla-zapla. Sai arrea ere gelditu gabe ikusiko da hainbatetan zerua urratzen, hara-hona dantza apainean. Foncea herria hautatu da bide batez Pancorboko haizpitarte gainean goititzen den Meriendillas tontorra bisitatzeko. Ibilbidean zehar, gainera, Fonceako lohitzunea, Hoyo sakonunea eta aspaldiko harbideak ezagutzeko parada ezin hobea izango du ibiltariak.
Fonceako zidorrak
Ibilbideari hasiera emango zaio Fonceako (Errioxa, Espainia) San Miguel elizaren aurreko kalean, Erdiko kalean hain justu ere. Kalean gora hartuta, ospitale zaharraren (1536. urtekoa) aurretik igaro eta ibiltariak Costanilla kalearekin bat egingo du berehala. Orduan, eskuin-ezker egin eta Fonceako zidorrak dakartzan mapa bat ikusiko du, baita ibilbideaz gozatzeko hainbat aholku ere. Muralaren ezkerretik doan kaleari hainbat metrotan jarraituta, iturria eta bankutxoak dauden bidebanatzera helduko da ibiltaria. Tinda zuri-moreak dituen bide seinaleari jaramon egite aldera, ezkerrera joko du han, eta goraxeago ikusiko duen Antiguako Kristo Sainduaren baselizarantz egingo ditu urratsak. Bureba eta Errioxako paisaia neurrigabeaz gozatzeko talaia ezin hobea da. Bisean bis, San Vicente, Haro, Sajazarra, Cihuri, Tirgo eta Sistema Iberikoko gailurrak.
Torre Mocha —hilerria, gaur egun— bisitatzeko gonbita eskainiko dio zidorrak bisitariari. Fonceako historian atzera egiteko desenkusa ona, dudarik gabe. Dorreari bisita egin ostean, GR zidorra lagun, Fonceako mendigunera begira jarriko da berriz. Belarrez jantzitako bideari segika, ezkerrera hartuko du bidebanatzean, eta goratasuna hartzen joango da astiro-astiro. Aldatsa amaituta, Peña Aguila agertuko zaio aurrez aurre, harkaiztegia artadiak ondo maskaratua. Foncea eta Aguila mendien artean zabaltzen den lepora iritsiko da begi itxi-ireki batean.
Mendizaleak alde batera utziko du lepoan Fonceako mendi tontorrera doan zidorra, eta zuzen hartuko du xenda maiztua. Hala, sakonune batera jaitsiko da ziztuan. Desbideratzerik hartu gabe jarraituko du tinko-tinko, eta, azkenik, soilgune batera iritsiko da. Suebaki baten antzo egokitutako basabide batekin egingo du topo bizkor. Basabidea gurutzatu eta noranzkoari men egingo dio, pinuak eta arteak lagun. Aurrerago topo egingo du Pancorbotik datorren Barbalantes zidorrarekin. Orduan, Valcavadoko kastrora jotzen duen bidea utzi eta eskuinera egingo du zaletuak. Aurrez aurre altxarazten den lerro karstikora igoko da segituan. Behin lerro gainean, ezkerrera hartu eta Meriendillas talaiara iritsiko da. Erne ibiliko da azken zatian, postontzia duen kareharrizko haitz puskaren gainean igotzeak lana ekarriko baitio. Pancorbo herriak eta Oroncillo ibaiak irekitako haitzarteak ikusgarritasunez beteriko multzo paisajistikoa osatzen dutenez, Obarenesko mendebaldeko muturrak eskaintzen duen aukera paregabeaz profitatuko du itzuliari berriz ekin aurretik.
Escalerongo harbidea
Tontorretik 25 metro atzera egin, eta, bide seinaleak dioenez, ezkerretik doan xendari ekingo dio bidaztiak. Iparraldeko mazelan barrena jaitsiera bizia egingo du. Hala, ler gorriekin bat egitean, eskuinera jo eta, PR eta GR zidorrak lagun, Burgos eta Errioxa banatzen dituen alanbrera iritsiko da. Alanbrea gurutzatu eta basabide nagusitik jarraituko du, beherantz. Segidan, eskuinetik segitu eta deblauki pinudiaren errainuan sartuko da. Ibarrean behera egingo du orduan, goxo-goxo, ler gorrien eta larizioen babesean. Soilgune batean Laguna izeneko paraje lauak atentzioa emango dio. Normalean ez du ur emaririk gordetzen, baina euria goian-behean egiten duenean, geruza fin batez estaltzen da zabalgunea. Fauna herpetologikoa garatzeko gune interesgarria da.
Hezegunea atzean utzi eta berehala, zundaketa bat bidebanatze batean ikusiko du ibiltariak. Ezkerrera hartuko du han, eta, aldapa amaitutakoan, behera doan bideari ekingo dio. Eskuinaldean, Lagunako sakan ederra bista aurrean izango du. Aurrez aurre, ordea, Cotilloko malkar urdinkara. Sakonunera iritsita, eskuinera egin eta izeien artetik jarraituko du maldan behera. Hoyoko sakonune zabalera iritsiko da berehala. Ur biltegi biribilaren ondotik igaro eta hartxintxarreko bideak lagunduta, goratasuna hartzen hasiko da.
Basabideak eskuinera jotzen duenean, Escaleron bidea hartuko du Fonceako herrira itzultzeko. Horretarako, basabideak egiten duen legez, txangolariak ere eskuinera egingo du. Segituan, bide zabala utzi eta maldan gora abiatuko da harbide estua gogaide. Maldaren amaieran bat egingo du Fonceako haizpitartea eta Hoyo inguruko bazterrak lotzen dituen basabidearekin. Orduan, ezkerrera egin eta, trafiko seinalera iritsita, basabidea utzi egingo du. Eskuinetik jarraituko du han, hegoalderantz. Fonceara jaisten hasiko da bizkor-bizkor. Kareharria jaun eta jabe den sakanean behera abiatuko da zoli eta zalu. Hala, bide zaharra gogaide, paisaia amiragarria bezain liluragarria zeharkatuko du Harbideari segika; hortaz, Fonceara iritsiko da, eta bertan emango dio amaiera ingurubirari.