Agoizko (Nafarroa) dantzariek eta txistulariek jaurtiko dute jaien suziria, gaur hasi eta hilaren 16ra arte iraungo duten jaiak iragarriz. Urtero dakarte berrikuntzaren bat Agoizko jaiek. Aurten, esaterako, esku pilotaren esparruan, biharko txapelketan lehen aldiz hartuko dute parte emakumeek. Eta, horrez gain, asteartean ere Muebles Polque txapelketa egingo dute, gazte afizionatuentzat. Bi egunetan izango da aurten pilota, beraz. Bestalde, astelehen arratsaldeko mozorro lehiaketaren aurretik, kalejira egingo dute sortu berria den eskolako fanfarreko haurrek, lehen aldiz.
Txupinazoaren jaurtitzailearen aukeraketa Kulturgunea foroaren esku dago. Urtean lau bat aldiz elkartzen da jaiak eta kultur agenda prestatzeko. Herriko eragile kulturalak eta sozialak biltzen ditu, eta, halaber, bere kabuz parte hartu nahi duen edonor. Udaleko osoko bilkurak Kulturgunetik datozkion ideia guztiak errespetatu eta kontuan hartzen ditu. Izan ere, instituzioen eta eragile sozialen arteko elkarlana sustatzea da Agoizko Udalaren lehentasunetako bat.
Unai Lako alkateak zera argitu du txupinazoari buruz: «Adibidez, urtemugaren bat dagoenean eta oso argi dagoenean nork bota beharko lukeen suziria, ez da bozketarik egiten, zuzenean Kulturguneak aukeratzen du. Baina aurten ez zenez inolako urtemugarik edo data esanguratsurik, ez da hain argi egon».
Hiru aukera proposatu zituen foroak, baina batek uko egin zion, eta bi hautagai geratu ziren: alde batetik, Agoizko eskola publikoa, 40 urte igaro baitira eraikin berrira pasatu zenetik; eta, bestetik, bozketa irabazi duten herriko txistulariak eta dantzariak. Azken horiek hautatzeko arrazoi nagusia haien «ibilbide luzea» izan dela esan du Lakok, inork ez baitaki zehazki noiztik dabiltzan txistua jotzen eta dantzatzen.
Herritar omenduei sariak
Txupinazoaren aurretik, 11:30ean, hainbat sari banatuko dituzte udaletxean, urte honetan hainbat esparrutan nabarmendu diren agoiztarrentzat. Sarituak, adin guztietakoak, hurrengoak dira: jaietako kartel lehiaketaren irabazle Alfredo Leon, Nafarroako lanbide heziketan notarik altuena lortu duten Miren Larrea eta Mikel Donazar, Espainiako Atletismo Txapelketako 4x100 errelebo proban zilarra lortu duen Nerea Bermejo, Nafarroako Kirol Jolasetan duatloieko kadete kategorian irabazle Aitana Moreno, eta Nafarroako Karate Txapelketako senior kategorian bigarren postua lortu duen Iranzu Gonzalez.
Gaur, Angiluerreka kultur elkarteak antolatutako kontzertuak izango dira Merkatuko plazan; haien artean, Raperos de Emaus eta DJ Bull. Udalak, berriz, herriko hainbat disko jartzaileren emanaldiak antolatu ditu gaurko, eta gazteentzako dantzaldia, bihar. Kresala eta Kaoba orkestrek joko dute bihar eta astelehenean, hurrenez hurren, eta Luisiana taldeak (musika mexikarra), asteartean. Astearte gauean, gazteen eguna denez, Trikidantzek eskainitako dantzaldia ere egongo da, Merkatuko plazan. Azkenik, adinekoen egunean, Custom orkestraren kontzertuak itxiko ditu jaiak.
Jaietako aurrekontua 80.000 eurokoa izan da aurten, aurreko urtekoa baino «zertxobait txikiagoa», Lako alkateak azaldu duenez. «Jaien antolakuntzaz gain, besteak beste garbiketa zerbitzuak ordaindu ditu udalak diru horrekin».
Festak Agoitzen
Folklorez beteriko suziria Agoitzen
Herriko dantzariek eta txistulariek eguerdian jaurtiko duten suziriarekin hasiko dira Agoizko festak. Asteazkenera arte iraungo dute; aurtengo berrikuntzen artean emakumeentzako esku pilota dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu