ATZEKOZ AURRERA

Foku guztiak aporofobiari

'Aporofobia stop' antzezlanean pobreen kontrako gaitzespena salatzen dute. Antsoaingo antzokian (Nafarroa) taularatuko dute gaur, 20:00etan.

Aporofobia stop antzezlaneko eszena baten entsegua atzo, Antsoaingo antzokian (Nafarroa). IDOIA ZABALETA / FOKU.
Olaia L. Garaialde.
Antsoain
2022ko martxoaren 11
00:00
Entzun
«Kabinan gaude? Bai? Nahi duzunean, Xabi». Ahots batek eman zuen agindua Antsoaingo antzokian (Nafarroa). Argiak itzali ziren. Piano baten melodia jarraian: Javier Asin pianista zen; eta pertsona bat balantzaka, oholtzako erdigunean, erori zen arte. Horrela hasi zenAporofobia stop antzezlanaren entsegua, atzo. Pobreen kontrako jarrera salatu nahi dute obran. Paris 365, Ados Teatroa, Asin Sounde, Bidebitarte kooperatiba eta Arteria taldeak dira antolatzaileak. Antsoaingo antzokiko atze-oihala ireki, eta obra taularatuko dute gaur, 20:00etan.

Hiru estore, eraikin handiak eta zortzi aulki oholtzaren hondoan; bat bera ere ez da iguala. Antzezlana finantzatzeko 46 aulki egin dituzte Paris 365 jantoki solidarioko zenbait erabiltzailek, eta horietako batzuk obraren eszenografiaren parte dira. Fermin Lorda zurginaren lantegian egin dituzte aulkiak, Zorokiain herrian (Nafarroa). Azken hamarkadetan hutsik egon da herria, eta orain berriz ere populatzen ari dira.

Material baztertuei beste erabilera bat eman nahi zieten; horregatik, Nafarroako Emausko Trapuketariek emandako material birziklatuarekin egin zituzten aulkiak. Batez ere egurrezko materialarekin eginda daude. Aulki guztien azpian egileen sinadura dago.

Aulkiak sortzeaz gain, obrako aktoreak ere badira, eta gidoia askoren bizipenetatik sortu dute. Gidoia «bizirik» dagoela esan zuen Jose Antonio Vitoriak, Ados Teatro konpainiako zuzendariak: «Gidoia haien esperientzietatik abiatuta sortu dugu, eta haiek esandakoarekin kontrastatuz».

Kulturaren erdigunean

Baztertuak dauden edo baztertze arriskuan dauden pertsonen kontrako gaitzespena salatzearen garrantziaz mintzatu zen Myriam Gomez, Paris 365eko kudeatzaile eta koordinatzailea : «Oso presente dagoen eta, aldi berean, ikusezina den errealitate bat da, baina kasu honetan egoera horietan egon diren edo dauden pertsonek egin dute». Gomezen ustez, sortzeko gai direla erakusteko modu bat da: «Argi utzi dute gauzak eta diskurtsoak sortzen dituztela».

Pianoaren melodiaren intentsitatea handituz joan zen. Oholtzako erdigunean lurrean botata zegoen oraindik ere balantzaka zebilena. Haren inguruan eta alde batetik bestera ibili ziren gainerakoak. Aulkiak eskuan hartu, eta alde batetik bestera ibili ziren, eta tarteka begirada tinko mantentzen zuten. Albo batean utzi zituzten aulkiak. «Amaitu da lehenengo eszena», esan zuen ahots batek, eta piztu ziren argiak.

Oholtza gainean zegoen Ruben Saunier aktorea. Modu batean edo bestean beti izan da kulturaren parte, baina oraingoan lehengo aldiz taula gainean egotea tokatu zaio, eta ilusioz bizi du proiektua: «Kulturaren parte garela islatzeko aukera ikaragarria da; senidetasuna sortu dugu».

Batzuek ez dute aukerarik izan hasieratik proiektuan lan egiteko, lanaren eta antzezlanaren arteko oreka bilatu behar zutelako; hori izan da Iris Cardenas aktorearen kasua: «Familia bat sortu dugu, eta espero dugu ondo ateratzea». Behin eta berriz entzuten zen beste aktoreen ahotsetan baxu eta irribarretsu: «Bai, ondo atera dadila».

Cardenas ez zen izan familia sentimendua adierazi zuen bakarra; askoren ahotan entzun zitekeen hori. Andrea Segovia ere hortaz mintzatu zen: «Familia bat sortu dugu, oholtzan egoteak indarra ematen digulako, jendearekin konektatzen gaitu eta sendatzen gaitu».

Maskararik gabe

Aporofobian arreta jartzen du antzezlanak, eta, Segoviaren arabera, «desberdina dena» baztertzen du gizarteak: «Ikuspegi orokor batetik hitz egin da; zergatik babesten ditugu errefuxiatu batzuk eta beste batzuk baztertu?». Segoviaren ustez, zer pentsatua emango du.

Urduritasuna, beldurra, ilusioa eta poza igartzen ziren taula gainean. Tartean estreinaldirako teknikak lantzen ari ziren batzuk. «Hartu arnasa eta bota», esaten zion batek besteari. Ahoa ixteneta irekitzen mokoka egongo balira bezala zebiltzan. Elkarri botatako begirada konplizeak ere ikus zitezkeen, denak ondo ateratzearen esperoan.

«Badator beste eszena bat»,ohartarazi zuen ahots batek, eta argi guztiak itzali ziren.Zortzi maskara zurik zortzi aurpegi estaltzen zituzten. Aurpegia estalita, eraikin artean zeuden aulkiak hartu zituzten. Pianoaren melodia ozenduz zihoan. Maskara kendu, eta aurpegiak biluzik geratu ziren.

Hitzik esan gabe aulkiekin gora eta behera ibili ziren, lehen lerroan jarri arte. Oihuka hasi ziren denak bata bestearen ahotsa zapalduz; «pobrezia» eta «ez nauzu ikusten» entzuten ziren besteak beste, baina pianoaren melodiak gain hartzen zien ahotsei. Argia piztu, eta ahots batek esan zuen: «Amaitu da eszena».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.