Añarbeko Urak sozietateak jada ez du ura fluoratzen. Fluoratu, hau da, edateko urari fluorra gehitu. Abenduan hartu zuen erabakia eta, ondorioz, txorrotetatik fluorrik gabeko ura jasotzen dute jada Añarbeko Uren Mankomunitateko Gipuzkoako herri eta hiriek: Donostia, Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Pasaia, Oiartzun, Urnieta, Usurbil, Lezo eta Astigarragak. 300.000 herritar baino gehiagok. Horietako askok, ziurrenik, ez zekiten ur fluoratua edaten ari zirenik.
Ura fluoratu, zertarako? Herritarren aho-hortzetako osasuna hobetzeko. Hori da jatorrizko arrazoia. Izan ere, fluorrak hortzak babesten ditu. Hortzen esmalteetako hidroxiapatita fluorapatita bihurtzen du, kaltzifikazioaren kontra eraginkorragoa. Hortzak birmineralizatzen ditu eta desmineralizazioa galarazten du. Sendoago bihurtzen ditu, txantxar arriskua gutxituz. Añarben 0,7 miligramo fluor gehitu izan dute litroko. 0,7 gramo mila litroko. Urak, berez, badu fluorra, baina oso kopuru apaletan, ez hortzak babesteko adina.
AEB Ameriketako Estatu Batuetan hasi ziren ura fluoratzen. Grand Rapids (Michigan) izan zen edateko urari fluorra gehitu zion lehen herria, 1945ean. Frederick McKay dentista zen. Ikasketak bukatu berritan, 1901ean, kontsulta zabaldu zuen Colorado Springsen (Colorado). Bezeroetan unibertsitatean ikasi ez zuen fenomeno bat ikusten hasi zen: orban marroiz betetako hortzak, txokolate koloreko hortzak. Ez zuen azalpen logikorik aurkitu, ezta garaiko literatura zientifikoan ere. Colorado Springsen jaiotako hamar haurretik bederatzik hortz marroiak zituzten. Eta txantxarrik ez.
Ez zen Colorado Springsen bakarrik gertatzen. Leku gehiagotatik ere eman zioten hortz marroien berri. McKayk baieztatu ahal izan zuen urak eragiten zituela orban marroiak, baina ez zekien zergatik.
Arkansasgo Bauxite herrian aurkitu zuten erantzuna, 1931n. Amerikako Aluminio Konpainiak (Alcoa) bauxita meategi bat ustiatzen zuen garai hartan —aluminioa ateratzen dute bauxita arroketatik—. Bertako herritarrek hortz marroiak zituzten; ingurukoek ez. McKayk ez zuen ezer berezirik aurkitu Bauxiteko uretan; Alcoa konpainiako kimikarien buruak, H.V. Churchillek, ordea, McKayk baino azterketa zehatzagoa egin zuen, Bauxiteko urari buruzko albisteek berez jada Alcoaren eta aluminiozko produktuen kontra zeuden iritziak gehiago hauspotuko zituztelakoan.
Erantzuna, Bauxiten
Churchillek fluoruro kopuru handiak aurkitu zituen Bauxiteko uretan. Herritarrek hortz marroiak zituzten lekuetako uren laginak bidaltzeko eskatu zion McKayri. Fluoruro asko aurkitu zuten horietan ere. Fluoruroak ziren, beraz, hortzak marroi bihurtzen zituen elementua. Fluoruroak ziren hortzak txantxarretik babesten zituen elementua.
Edateko urari fluorra gehitzen hasi aurretik, fluor maila egokia zehaztu behar izan zuten, hortzak babesteko adina, baina gehiegizko fluorrak eragindako fluorosia saihesteko neurrian. Fluorazioaren eragina ikertzeko, Grand Rapidsen 30.000 haurren hortzen hondatze maila neurtu zuten urari fluorra gehitzen hasi eta hamabost urtean. Txantxar kopurua %60 gutxitu zen. Uraren fluorazioa zabaldu egin zen, AEBetan aurrena, munduan gero.
Edateko uraren fluorazioa munduan zabaldu zen, baina gehiago dira ura fluoratzen ez duten herrialdeak, fluoratzen dutenak baino. Euskal Herrian, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan fluoratu izan da, Eusko Jaurlaritzaren 1988ko dekretu batek derrigorrezko bihurtu zuelako 30.000 biztanletik gorako herrietan. 1989an hasi ziren Gasteizen, eta 1994an eta 1995ean Bizkaian eta Gipuzkoan. Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ez.
Eztabaidak eragin izan dituen neurria da. Europan, Irlandan eta Ingalaterran fluoratu dute ura —ez lurralde osoan— eta Espainiako zenbait probintziatan ere bai; Eskozian, Herbehereetan eta Suedian, berriz, ura fluoratzen hasi ziren, baina gero utzi egin zioten. Argentinan, Australian, Brasilen, Israelen, Kanadan... egiten dute. Gaur egun oraindik hainbat lekutan eztabaidatzen ari dira uraren fluorazioari buruz: Calgaryn (Kanada) gaiari buruzko zazpigarren galdeketa egingo dute urrian.
Eusko Jaurlaritzak 1988an onartu zuen uraren fluorazioari buruzko dekretua. Era berean, 1990ean jarri zuen haurren ahoa eta hortzak zaintzeko PADI programa, 7 eta 15 urte arteko haurrei, hortzen aldaketa garaian, behin betiko hortzak egonkortzen diren urteetan, hortzetako doako arreta eskaintzeko.
Aho-hortzak, hobeto
30 urte geroago, herritarren aho-hortzetako osasuna asko hobetu da, haurrena batez ere. Hala erakusten du CAO indizeak: txantxarra duten, falta diren edo konpondu behar izan diren hortzen batazbestekoa. 1988an, Eusko Jaurlaritzak haurren aho-hortzetako lehen azterketa epidemiologikoa egin zuenean, 12 urteko haurretan 2,3koa zen eta 14 urtekoetan 3,98koa; 2018an, berriz, 0,46koa eta 0,56koa, hurrenez hurren. Aldaketa handiena 1988ko datuetatik 1998koetara gertatu zen. Txantxarrik ez duten haurren portzentajea %31tik %76ra pasatu da 7 urtekoetan, eta %18tik %74ra 12koetan. 2008ko ikerketa epidemiologikoan datuak hobeak ziren ura fluoratzen zen lekuetan, fluoratzen ez zenetan baino.
Bilakaera ikusita, Jaurlaritzak bertan behera utzi nahi du ura fluoratzeko betebeharra. Iazko otsailean jarri zuen jendaurrean horretarako dekretu proiektua.
Ikerketa gehienek babestu egiten dute uraren fluorazioa. Nazioarteko erakundeek ere bai. CDCrentzat, Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko AEBetako Erakundearentzat, XX. mendeko osasun publikoko hamar neurri nagusietako bat da. FDI Munduko Hortz Federazioak 2014an berretsi egin zuen fluorazioaren garrantzia eta eraginkortasuna.
Itziar Abarrategi dentista etaBizkaiko Haginlarien Elkargoko lehendakariordearen iritziz, «edateko ura fluoratzea txantxarra saihesteko lehen mailako osasun neurria da». Zenbait onura aipatu ditu: hortzaren egitura kontserbatzeko modua ematen du, eta saihestu egiten ditu minak, infekzioak, hortzak galtzea eta aho osasuneko tratamendu garestiak.
Haurretan du eragina batez ere, baina ez haurretan bakarrik. Baita helduetan eta edadetuetan ere, «txantxarra prebenitzen baitu edozein adinetan». Edadetuetan, listu gutxi sortzen dutenen kasuan, bereziki.
Gizarte osoarentzat
Ura fluoratzearen aldekoek diote aho-hortzak babesteko neurri orokorra dela, gizarte guztira iristen dena, baita aho-hortzak zaintzeko baliabide gutxiago dituztenengana ere. «Hainbat ikerketak erakusten dute murriztu egiten direla alde sozioekonomikoek eragiten dituzten aho osasuneko ezberdintasunak», nabarmendu du Abarrategik.
Neurri merkea da, eta herritarrak ez du ezer egin behar. Eraginkorragoa da txantxar indize handiak dituzten lekuetan.
Ura fluoratzearen kontrako argudio nagusietako bat da gaur egun aho-hortzetako pareko osasun maila dutela, bai ura fluoratzen duten herrialdeek, bai egiten ez dutenek. Datu horietatik gehienak 1970etik aurrerakoak dira, hau da, fluorra duten hortzetako pastak zabaldu ostekoak.
Abarrategik eutsi egingo lioke uraren fluorazioari, are gehiago Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako haurren aho-hortzetako osasun maila ikusita, «Europako onenetakoa». «Ez da kasualitatea», azaldu du. «PADI programaren eta uraren fluorazioaren ondorio da».
Ondorioak jakinak dira, baina faktore bakoitzaren garrantziaren neurria ez. «Planari zutabe bat kentzen badiozu, ez dakizu zer gertatuko den, baina kenduko diote», kexu da Abarrategi. «Gerta daiteke PADIrekin bakarrik ezin eutsi ahal izatea osasun maila honi». Ura fluoratzeari uztearen eragina neurtu beharko dela uste du.
Osasuna
Fluorrik ez txorrotatik
Gero eta leku gutxiagotan gehitzen zaio fluorra edateko urari. Añarbeko Urek ere utzi egin diote hori egiteari, eta Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi nahi du neurria. Garrantzitsua izan da aho-hortzen babesa hobetzeko, eta badira ura fluoratzen jarraitu behar dela uste duten profesionalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu