Firefox 12 bertsioa plazaratzeko data ofiziala atzo zen, baina, ohikoa bilakatzen ari den bezala, aurretik ere posible zen Mozillaren FTP zerbitzarietatik Firefox deskargatzea. Nabigatzailearekin batera, Mozilla Fundazioak Thunderbird posta bezeroaren 12. bertsioa ere kaleratu du.
Firefoxen azken bertsio horrek ez du berrikuntza handirik eskaintzen; izan ere, hilabete bakarra pasa da 11. bertsioa karrikaratu zenetik.
Hala ere, baditu berrikuntza txiki batzuk. Orri barruan egiten diren bilaketen emaitzak pantailan zentratu egin dira; Windowsen, eguneratze isilak sartu dira, eta HTML5en bideoak ikusteko kontrolatzaile batzuetan hobekuntzak egin dira.
Aldaketa txiki batzuk izan dira, eta espero da ekainean eskainiko den 13. bertsioak aldaketa sakonagoak jasoko dituela; esaterako, hasierako orriaren itxuran, hainbat aldaketa, eta fitxa berriak sortzeko aukeran, berrikuntzak.
Urte bakarrean, Mozilla Fundazioak Firefoxen laugarren bertsiotik 12.era egin du salto, eta badirudi eguneraketa egutegi horren atzean Firefox Chromeren mesedetan galtzen ari den kuota berreskuratzeko saioa egon daitekeela. Eguneraketa isilarekin, Mozillak hilero egiten ari den eguneraketak iraunkorrago egin nahi ditu erabiltzailearentzat.
Firefox 12 plazaratu dute, aurreko bertsioa kaleratu zutenetik hilabetera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu