Olatz Beobide eta Amaia Lizarralde. Aktoreak

«Finantzaketa aukera berriak behar dira»

'Nomofobikak' websaila gaur estreinatuko dute, Bilboko Multi aretoetan, nazioarteko Seriesland jaialdian. Azaroaren 2tik aurrera Interneten ikusi ahalko dira Beobideren eta Lizarralderen abenturak (websailaren teaserra, amaieran).

NOMOFOBIKAK.
urtzi urkizu
Donostia
2017ko urriaren 25a
00:00
Entzun

Antzergintzan, telesailetan eta zineman esperientzia luzea dute Olatz Beobidek (Donostia, 1964) eta Amaia Lizarraldek (Donostia, 1966). Beobide Goenkale-ko zuzendaria izan zen 2007tik 2014ra. Lizarralde Madrilen eta AEBetan bizitakoa da, eta duela hiru urte itzuli zenean «harrituta» gelditu zen ETBn telesailik ez zegoela ikusita: «Ez dago ezer».

2015ean estreinatu zenuten Sarean kateatuak antzezlana. Nola bururatu zaizue antzezlanetik websailera jauzi egitea?

OLATZ BEOBIDE: ETBra urtean behin joaten naiz fikziozko proiektuak aurkeztera, eta ez dagoela dirurik esan ohi dute. Belen Cruzek eta Amaiak [Lizarralde] esan zidaten ea zergatik ez genuen websail bat egiten. Erantzun nien horrek ere lana eskatuko zuela.

AMAIA LIZARRALDE: Olatzek esan zuen: «Egiteko esaten badidazue, benetan egingo dut, e!». Handik aste batera Pedro Fuentesekin eta Joserra Camachorekin elkartu ginen. Eta hasi egin ginen.

O. B.: Antzezlaneko pertsonaien spin-off gisa planteatu genuen. Kalera atera genituen pertsonaiak, mugak non zeuden ikusteko. Cruzek utzi egin zuen gero. Eta Xabier Perurena batu zitzaigun, bere kamerarekin.

A.L.: Tabakalerako Kutxa Kultur-en coworking moduan aurkeztu genuen, eta baiezkoa eman zuten.

O. B.: Diru laguntzak lortzen saiatu ginen, baina ez genuen lortu. Badirudi orain hasiko direla websailentzako diru laguntzak.

Sakelako telefonoen menpekotasuna da ardatza umorea egiteko. Edozein ikusle sentituko da identifikatuta?

O. B.: Baietz iruditzen zaigu. Sakelakoarekin biziko gara hemendik aurrera. Argi dago hortik ez garela aterako.

A. L.: Gaia unibertsala da.

Websaileko atalak oso laburrak dira. Sakelakoan ikusteko?

O. B.: Websailez ikasi dugu laburrak izatea errazagoa dela formatura egokitzeko. Benetako telesail bat telebistan ikusten duzu. Baina, websail bat ikusi nahi baduzu, garraio publikoan sakelakoan ikus dezakezu, edo lantokian tartetxo batean.

Olatz, zure pertsonaiak une batean dio: «Whatsapp guztiak dira inportanteak». Whatsappen osagaiak ere sartu dituzue.

O. B.: Desegokiak diren elkarrizketetarako ere erabiltzen da egun Whatsapp. Neurri arriskutsu batean erabiltzen ari da, gaizki-ulertuak egon daitezkeelako.

A. L.: Emotikonoak erabiltzen dira emozioak adierazteko, zeren bestela...

Bilbon nazioarteko ikusleak izango dituzue. Ilusioz?

O. B.: Ingelesezko eta frantsesezko azpidatziekin erakutsiko dugu websaila. Frantzian, aurretik doaz sektorean, diru laguntzak dituzte, eta merkatu frantziarrean aukera bat izatea gustatuko litzaiguke.

A. L.: Bilbon, herrialde askotako jaialditako arduradunak egongo dira, eta atzerriko ikusleen iritzia jakiteko desiratzen gaude. Iaz ideia aurkeztu genuen, eta sari txiki bat eman ziguten. Arreta piztu genuen. Ea orain.

Azaroaren 2an hasiko zarete Interneten atalak jartzen. Sare sozialak erabiliko dituzue?

O. B.: Hala egingo dugu. Nomofobikak.eus webgunean jartzeaz gain, toki guztietan jarriko dugu. Ingelesezko eta frantsesezko azpidatziak dituzten piezek euren bidea egitea nahiko genuke.

Iruditzen zaizue euskarazko websail gehiago iritsiko direla?

O. B.: Gu ere arduratuko gara horretaz. Lantalde txikian egin daitekeen produktu bat da. Pertsona asko ari dira ohartzen hau beharrezkoa dela. Profesioa lan egiteko esparrurik gabe gelditzen ari da. Sortu, elikatu eta mantendu den profesio bat ezin da horrela bukatzen utzi. Bultzada bat eman nahiko genioke bati ala besteari, eta hori da gure helburua. Finantzaketa aukera berriak sortzea nahiko genuke.

ETBn haurrentzako telesail bat baino ez dago. Nola definituko zenukete egoera?

O. B.: Izugarri tristea. Uzta jasotzeko asko egin behar da. Produktuek gizartea asetzea ekartzen dute, gizartea heztea, begirada eta mezu batzuekin. Hori da telebista on batek egin beharko lukeena. Baina Sautrela ere kendu badute... Fikzioa behar-beharrezkoa da ETBn, fikzioa baita identitate kultural baten osagarri nagusia. Berdintasun aditurik ere ez du ETBk. Jaurlaritzako eta legebiltzarreko ordezkariei jo beharreko hordagoa da ETBren gaia. Aukerak galtzen ari dira.

[YouTube]https://youtu.be/2ddwoPoMiSg[/YouTube]

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.