Filosofiaren eta bereziki euskal filosofiaren interesa piztea du helburu Maiatz elkartearen proiektu berriak: Filo Txoko izeneko kafe filosofikoak. Kide eta bultzatzaileetako bat da Beñat Castorene (Uztaritze, Lapurdi, 1949), 2023an Simone Weilen L'enracinement obra euskarara itzuli zuena: Askatasunaren erroak. Hari eta elkarteko kideei «Euskal Herrian den filosofiaren eskasia» konpontzea espero dute, belaunaldi guztietako jendea bilduz. Haien lehen solasaldia biharko antolatuko dute, Baionako Biltxoko elkartean. Castoreneren arabera, askotan frantsesera lerratzen da jendea, «ez baitu euskarazko mekanismorik ongi pentsatzeko».
Filo Txoko aurkeztu zenuten joan den ostegunean. Zer da?
Euskarazko filosofiaren inguruko solasaldiak izanen dira. Helburua litzateke urtean zenbait aldiz biltzea, eta pare bat ordu pasatzea filosofia testu batzuk ezagutzen, lantzen eta eztabaidatzen, gure oraingo egoera konprenitzeko eta analizatzeko; den-dena euskaraz eginen dugu, euskararen praktika sustatzeko. Ohartzen gara askotan frantsesera lerratzen garela, ez baititugu euskarazko mekanismoak ongi pentsatzeko; hori da filosofiaren beste interes bat; filosofiak irakasten digu pentsatzen, eta horretarako euskaraz egin behar dugu, euskararen praktika zabaltzeko.
Nola sortu zenuten proiektua?
Maiatz elkarteko kide naiz, eta elkartean filosofiari interesatzen den talde bat bazen. Talde honekin pentsatu genuen hasi behar genuela euskarazko filosofia lantzen eta estudiatzen. Hortaz, joan zen urtean, Maiatz argitaletxearekin Simone Weil filosofoaren obra bat itzuli nuen euskarara, Askatasunaren erroak. Eta liburu horren argitaratzearen kari Bilbon antolatua zen kafe filosofiko batean parte hartu nuen. Bertan Iñigo Martinez Peña bazen, eta oso interesgarria iruditu zitzaidan; eta pentsatu genuen horrelako zerbait egiteak laguntzen ahalko gintuela, baina gure neurrian, Ipar Euskal Herrian.
Helburua duzue filosofia euskaraz egitea. Ba ote da hutsunerik horren inguruan Euskal Herrian?
Bai, hutsune handia bada, bereziki frantses filosofiak edo testu frantsesek gehiago erakartzen gaituztelako. Horregatik, Filo Txokorekin erakutsi nahiko genuke posible dela euskaraz filosofian aritzea. Hala ere, azpimarratzekoa da ahalmenak filosofian ez direla anitzak, eskasia bada. Zaila izan daiteke frantsesez irakurritako obra bat gero euskaraz komentatzea edo aipatzea; trantsizioa ez da errazki egiten. Baina eskerrak gure taldean filosofo bat dugula, Piarres Aintziart; berme bat da guretzat.
Filo Txoko adin jakin batekoentzako pentsatua izanen da?
Bistan da denei zuzendua eta irekia izanen dela, eta nahiko genuke belaunaldi desberdinak biltzea. Gainera, ez urrun Bernat Etxepare lizeoa dugu, eta bertan filosofia klaseak dituzte. Horko gazteak etorriko balira gure artera gurekin elkarrizketatzera eta eztabaidatzera, guri bikaina irudituko litzaiguke, ez dugu hoberik galdetzen. Badakigu hasieran, beharbada, zaharrak bakarrik izanen garela, erretiratuen artekoa izanen dela. Horrelako elkarteekin beti gertatzen da hori, gazteagoek beste gauza batzuk dituztelako egiteko. Baina, hala ere, espero dugu ikasleak eta gazteak motibatuko direla, eta belaunaldien arteko solasaldi interesgarriak sortuko ditugula. Filosofiaz interesatuak ez direnei, bereziki gazteei, erranen nieke filosofiak jakin-mina sustatzen duela. Gazteak askotan kuriosoak dira, eta hor bada haientzat aukera bat kuriositatea elikatzeko. Filosofiaren praktika denentzat da onuragarria.
Noiz bilakatu zinen filosofiazale?
Ni oso laster bilakatu nintzen, kasik nerabezarotik. Terminalean bagenituen klaseei esker hasi nintzen interesatzen, baina klasean gaizki pasatu zen, irakaslea gainditua baitzen. Eta geroztik, beti frustratua nintzen. Beraz, nire baitatik irakurtzen hasi nintzen, eta jubilatu eta gero pentsatu nuen momentua zela indar bat egiteko eta euskaraz irakurtzen hasteko.
Zerk erakartzen zaitu filosofiara?
Filosofiak pentsatzen ikasteko bidea ematen du. Ikastea pentsatzen, gero ekiteko, eta, bereziki, ongi ekiteko. Baina ni ez naiz ez filosofoa ez itzultzailea, filosofia kontsumitzailea baizik ez [irriak]; ironikoa zen, filosofia ez baita kontsumo produktu bat.
Gainean duzue Filo Txokoren lehen topaketa.
Bai. Lehena bihar izanen dugu, Baionako Biltxoko elkartean, 18:30ean. Estreinaldia eginen dugu bihar, eta ikusiko dugu ea talde bat motibatzen den gurekin parte hartzeko.
LOTSABAKO
Irakurri duzun azken obra filosofikoa?
Simon Weilen Réflexions sur les causes de la liberté et de l'oppression sociale.Zure hurrengo itzulpena?
Albert Camusen L'homme révolté.Filosofia maite ez duen bati gomendatuko zeniokeen obra?
Askatasunaren erroak, Simone Weilena.