Josu Landa. Filosofoa eta poeta

«Filosofiak eta poesiak salbatu naute»

1936ko gerra galdutakoen semea da, Venezuelan jaiotakoa, 1960ko hamarkadan Euskal Herrian «borrokatutakoa», 1983tik Mexikon egonkortutako filosofia doktorea. Finean, halere, bitxikeria bat iruditzen zaio edonon atzerritar sentitzea.

IGOR SUSAETA.
Igor Susaeta.
Mexiko Hiria
2016ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Josu Landak (El Tigre, Venezuela, 1953) harrotasun hunkigarri batekin eta oraindik ere sarri marrazten duen ume bihurriaren irribarrearekin aipatzen du haren aita Ispasterkoa (Bizkaia) zela, «Zarandona baserrikoa». «Ez zen alderdi bateko buruzagia, eta gerraondoaren ezerezetik sarerik gabeko jauzi mortala eginda jo zuen Venezuelara». Han bizi da ama, Lekeitiokoa (Bizkaia) bera, 93 urterekin. Bere sustraiengatik eta urteetan osatu duen ibilbideagatik, Mexikon, askorentzat, «piztia arraro bat» dela dio; «batzuentzat, gainera, curriculum zabalegia daukat!», gehitu du umorez. Azkeneko 25 urteotan hainbat saiakera eta fikziozko liburu idatzi ditu, irakaslea da Mexiko Hiriko UNAM unibertsitate prestigiotsuan, eta poesia izkiriatzen du ia une oro; Treno a la mujer que se fue con el tiempo lan elegiazkoari esker, adibidez, Carlos Pellicer sari entzutetsua irabazi zuen, 1997an. Baladade Cioran y otras exhalaciones aforismo bilduma kaleratu du aurten. Eszeptikotasuna antzematen da bere obran. «Tira, ironia dela esango nuke». Harreman «anarkiko eta mugatuegia» dauka euskarazko literaturarekin, eta Bernardo Atxaga eta Joseba Sarrionandia nabarmendu ditu. «Goi mailako fenomenoak dira». Azken horren Lapur banden etika ala politika (Pamiela, 2015) saiakera darama irakasle zorroan. Politika eta etika izan dira, hain zuzen, Landaren zeregineko ardatzetako bi. Egungo krisia etikoa dela dio. «Halere, tira, beti topatu dut ingurunea positiboki interpretatzeko modua».

Edonon zaudela ere, atzerritar sentitu izan zara.

Finean bitxikeria hutsa iruditzen zait edonon atzerritar izatearena. Horren harira, gizakiak bere izateko modu bera, izate bera mantentzen du. Atenasen ere, Efesekoei atzerritar esaten zieten... Dimentsio unibertsala ere hartu behar da kontuan. Ez zait gustatzen kosmopolitismoaz hitz egitea. Kosmopolita ez da hiztegiak dioena; hau da, asko bidaiatu duena edo herrialde asko bisitatu dituena. Ez, ez. Definizio etimologikoari heltzen diot, zatar samarra izan arren: unibertsoko hiritarra. Estatu nazionaletan egindako banaketatik harago doan munduarekiko loturaadierazten du. Baina definizio horrek ez ditu munduaren ezberdintasunak eta aberastasunak ezerezten. Horrek ez du esan nahi Venezuelako identitatea ukatzen dudanik edo Mexikoko identitatearekin loturarik ez dudanik.

Venezuelan, txikitan, musiu deitzen zizuten mespretxuz. Ondo gogoratzen duzu. Zergatik duzu gogoan?

El Tigren jaio ginen, eta hasieratik nekien atzerritarra nintzela. Aita eta ama oso jakintsuak izan ziren, ordea. Batetik, gu hango gizartean erabat integratzen ahalegindu ziren; baina, bestetik, etxean bagenuen zorrotz bete beharreko arau bat: euskaraz bakarrik hitz egin zitekeen [barreak].

Han bizi zinetenetako askok atzerritar jatorria zenutelako integratu zineten erraz?

Ez nuke hori esango... Badago, dena den, beti atentzioa eman didan arazo bat: ghettoak osatzeko joera. Migratzaile talde guztiek sortzen dituzte unibertso txikiak, horietan isolatzen dira, itxi, eta mantentzen dituzte ideia batzuk ia-ia hesi gaindiezin bihurtzen direnak, benetako integrazioa oztopatzen dutenak.

1936ko gerra galdu eta erbesteratu behar izan zutenen semea zara. 7 urterekin bidali zintuzten anaiarekin batera Euskal Herrira, ikastera. Haiek, ordea, ez ziren sekula etxera bizitzera itzuli.

Euskal diasporan bazegoen pentsamendu bat, eta, horren arabera, seme-alabak sorlekura bidali behar ziren, hango balio, kultur atmosfera, nortasuna eta abarrak barnera zitzaten. Baina itxaropena zuten Franco noizbait hilko zela, bukatuko zela, eta itzulera errazagoa izango zela. Nik 1960ko hamarkada osoa Euskal Herrian igaro nuen. Bidaia hura erabilgarria izan zen, eta asmo hura zuen, gainera. Haiek bisitan baino ez ziren itzuli, eta izan zitezkeen erabateko itzulerakoak bidaia haiek, baina pentsatzen dut dena aldatuz joan zela eta errealitatea nagusitu zela azkenean. Batetik, Franco ez zen erortzen [barreak]; eta, bestetik, denbora pasatu ahala, geroz eta hobeto joan ziren integratuz jardun ekonomiko oparoago batera.

Tolosako Eskolapioetan ikasi zenuen aurrena, Donostiako La Sallen gero, eta udak Lekeition igaro zenituen, familiarenean. Gogoan duzuna da mukizu bat besterik ez zinenean frankismoaren kontra borrokatzen zinela…

Barnetegietan bizi ginen, eta udak Lekeition, familiarenean, igarotzen genituen. Borrokatzearena... [barreak]. Venezuelatik Euskal Herrira iritsi ginenean nire adineko umeek ideiarik ere ez zuten euskal abertzaletasunaz, bere buruzagiez... Guk sinbologia nazionalista guztia genekarren; Agirre lehendakaria ere ezagutzen genuen jada!

Nola borrokatzen zineten?

Aititeren zerrategitik tinta pote bat lapurtu genuela gogoratzen dut, eta horrekin eskolan pintaketak egiten genituela. Zer pintatzen genuen? Bada Gora Euskadi Askatuta, adibidez [barreak]. Kontzientzia argirik gabe, baina, nolabait, Euzko Gaztediren (EGI) eragina genuen, haien propaganda jasotzen genuelako-eta; bagenekien zer zen ikurrina ere, eta pintatzen genuen. Eskolako zuzendariak ohartarazi zigun noizbait, bai... Sekulako iskanbilak edukitzen genituen, eta beti esaten dut ez dakidala nolatan ez gintuzten anaia eta biok suntsitu. Ziurrenik oso txikiak ginelako...Baina oso desafiatzaileak ginen, ausartegiak! [barreak] Ez genuen arriskuaren kontzientziarik… Garai hartan politika patu moduko bat zen askorentzat Euskal Herrian, eta ziurrenik nirea ere izango zen...

Eta zerk bultzatu zintuen filosofia ikastera?

Filosofiarekiko daukadan zaletasuna bokaziozkoa dela uste dut. Halere, pentsatzen dut filosofiaren bidea hautatu izanak ez duela zerikusirik nire aurrekari politikoekin. Kontrara! Filosofiak kontrapisu inportantea egin du egun sostengatuko ez nituzkeen joera politikoekiko.

Erreferentziazko pentsalaria zara Venezuelan, urte hauetan guztietan azaldu duzun jarrera aske bezain kritikoarengatik. Zein garapen eduki du zure pentsamendu filosofikoak?

Filosofiak desafio batzuk exijitu dizkit. Pentsamendu filosofikoari dagokionez, oraindik ere prozesu serio eta oso zorrotz batean murgilduta nago. Poesiaren filosofia lantzen hasi nintzen, baina gelditzea erabaki nuen, etika kontuei sakonago erreparatzeko, munduak, une honetan, beste batzuetan baino gehiago, horri buruzko hausnarketa bat exijitzen duelako. Orain nago, sortzen ari den korronte bati jarraiki, filosofia bera bizitzeko modu bat bezala birpentsatzeko ahaleginean: akademizismo eta teorizismo hutsa gaindituz eta filosofia bizitzeko aukera bihurtuz. Jendeari eskaini behar zaizkio, ahal den neurrian, bizitza erreferentziak, baina erlijioa eta autolaguntza liburuak ez direnak [barreak].

Poesiagatik eta poesiarekin berriro jaio zinela adierazi zenuen behin. Zertan eta nola lagundu zizun eta dizu?

Arimak errealitatearekin konektatzeko dauzkan aukerek markatzen dute baten existentziaren zentzua. Aukera horietako bat poesia da, eta bestea, filosofia. Erreferentziak galdu dira, balioen nahaste-borraste handia dago, funtsik eza da nagusi aspektu etikoetan... Krisia ez da gertatu kapitalaren logikan egin diren hutsegiteengatik soilik; maniobra etikoki maltzurren ondorioa izan da. Ezin dugu alboratu alderdi etikoa. Mundua kolpatzen ari den krisia etikoa da, finean. Ez dut logika itsuetan sinesten, ez dut subjekturik gabeko prozesuetan sinesten. Prozesu guztiek funts humano bat dute, eta, hori hobea edo okerragoa den heinean, gauzak hobeto edo okerrago joango dira. Filosofiak eta poesiak erreferentziak ematen dituzte nahaste denborale honi eusteko. Salbatu egin naute. Heraklito zaharrak planteatzen zuen bezala, poesia eta filosofia esna bizitzeko modu bat dira.

Venezuelako gizartea polarizatuegia dagoela diozu, eta horren arriskuez ohartarazi duzu behin baino gehiagotan. Gauza bat argi duzu, dena den: «Ez dut biolentziatik datorren ezertan sinesten».

Gaur egun oso argi daukat biolentziaren erabilerak ez duela zentzurik, inora ez daraman akzio-erreakzio dinamika bat eragiten duelako. Kontuaren quid-a argi dago: petrolioaren errenta. Munduan petrolio astuneko erreserba handienak dituen herrialdea da. Gainera, mineral estrategikoetan aberastasun handia dauka: urrea, bauxita, burdina, diamantea, uranioa... Gehitu horri biodibertsitatea, ura, posizio estrategiko bat... Gauza gehiegi dira, eta horiek guztiak munduko indar gehiegik gutiziatzen dituzte. Mundu guztiak arrantza egin nahi du bertan. Ahalmen eta gaitasun horiek guztiek beraiek herrialdea zatitu zuten moralki eta politikoki. Horrek esplikatzen du Chavez buru zuten militar gazte batzuk bat-batean sartzea eta lidergoa eta gehiengo berri bat sortzea, Puntu Finkoko Itunean sostengatutako azpiegitura politikoa birrinduz. Venezuelan egunero lan egiten da, oso argiro, gainera, estatu kolpe batengatik, eta munduko ustezko indar demokratiko guztiek sostengatzen dute. Ni ez naiz dena batean onartzen duena, edo dena batean gaitzesten duena, baina Puntu Finkoko Itunaren balantzea oso negatiboa da orokorrean.

Venezuelan, beti, eredu ekonomiko errentadun bat existitu da, ez dena ez iraultzailea ez ezer, eta petrolioaren errenta baliatzen duena herrialdearen beharrei aurre egiteko, baina ez duena ezer produzitzen. Aspaldikoa da arazoa... Halere, Venezuelaren arazo larriena ez da ondasunen banaketa txarra, etika gabezia basatia baizik.

Euskal Herriko gatazkaren garapena nola bizi izan duzu distantziatik?

Demostratu da borroka armatua hutsegite politikoa izan dela. Euskal Herriaren kasuan nahiko penagarria iruditzen zait borroka armatura bideratutako energia hori alderdi kulturalera ez bideratu izana. Hutsegite nagusia hura izan zen. Estatu nazional guztiak eraikuntza kulturalak dira-eta!

Itzuli dituzu zenbait lan euskarara: euskal jatorriko Jose Gorostiza poeta mexikar laudatuaren Amaibako Heriotza (Labayru, 2009), eta baita Octavio Paz ikonoaren poema ezagunenetako bat ere: Eguzki Harri (1997). Zergatik? Arrazoi sentimentalengatik? Erronka gisa?

Handiagoa edo txikiagoa izango da, baina konpromiso bat daukat euskararekin; Euskal Herrian biziko banintz, euskaraz egingo nuke une oro! Nik zailtasunak dauzkat hemen. Euskal Etxeak ez du lortzen benetako kulturgune bilakatzea, eta Euskal Herria bera, izan beharko lukeen arren, ez da, egiazki, kulturgune bat. Gazteria hura bonbak jartzen eta tiroak jotzen egon izan ez balitz, egun Euskal Herria potentzia kultural askoz ere sendoagoa litzateke. Politika eta ekonomia Euskal Etxearen eta Euskal Herriaren beraren erdigunean egon dierenez, alderdi kulturala, bada tira, sustatu dute. Ez dut esango ahalegin bat egin ez denik, baina gehiago izan da gutxiengo intelektual batzuek asumitu duten konpromisoa; askotan, gainera, baldintza kaskarretan, balentriak eginez.

Zailtasunak dauzkat hemen, hemendik, lan horiek egiteko, baina ez da nahikoa argudio nire aurrekariak deuseztatzeko. Euskalduna sentitzen naiz! Zer bestela! Egin beharra neukan.

1936ko gerrak eragindako erbesteaz idatzi zenuen Zarandona nobelan (Txalaparta, 2000). Paulino Zarandona protagonistak baserri bat eraiki nahi du Orinoco ibaitik gertu. Zer adierazi nahi izan zenuen horrekin? Horrek adierazten al du erbesteratutako askoren nostalgia sentipena?

Hura osatu nuen euskal diasporarekin zor bat kitatzeagatik, nolabait. 1998. urtean pentsatu nuen ea nola zen posible euskal diasporatik bertatik diasporari berari buruzko nobelarik ez ateratzea. Inork ez zuen barrutik idatzi. Bazen idazle oso interesgarri bat, oso inportantea, oso ona, Martin Ugalde, Venezuelan bizi izan zena eta goi mailako lanak egin zituena euskaraz. Baina ez zen diasporan jaiotakoa, eta diasporan jaio ginenoz ari naiz. Horregatik heldu nion. Bestalde, erbesteratutako askoren artean sinkretismo moduko bat gertatu zen: nostalgikoki kontserbatutako balio eta espektatiben, eta errelitateak inposatzen zuenaren artean. Eta Latinoamerikak inposatzen dizun errealitatea da AmericanWay of Life bat; are gehiago lotuta bazaude petrolioaren munduarekin-eta, eta are gehiago garai hartan, dena atzerriko, batez ere Ameriketako Estatu Batuetako enpresen eskuetan zegoenean. Sinkretismo horrek bizitzeko eta izateko modu bakana sorrarazten du. Hori islatzen ahalegindu nintzen Zarandona-n.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.