Lander Otaola. Aktorea

«Film surrealista bat zuzentzeko asmoa dut»

Grupo Ganga Producciones ekoizpen etxea eta TVE 'Fugitiva' telesaila grabatzen ari dira Benidormen. Familia batek 90 orduan muturreko egoera bat biziko du thriller horretan. Otaolak rol protagonistetako bat du.

TVE.
urtzi urkizu
2018ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Antzerkian Obabakoak eta Striptease antzezlanekin ari da azkenaldian Lander Otaola (Barakaldo, Bizkaia, 1989). Zineman, kamera aurrean eta atzean jartzeko gogoz dagoela azaldu du. TVEko telesailean gustura ari da orain, Benidormen (Herrialde Katalanak): «Hiri honetan edozer gerta daiteke, denetik».

Thriller generokoa da telesaila. Zer-nolako istorioa kontatzen du, eta zure pertsonaiak zer ezaugarri ditu?

Emakume ausart baten istorioa da. Bere bizitza aldatu nahi du; ez du gehiago indarkeria matxista jasango. Hortik aurrera, ezin dut gehiago kontatu... Nire pertsonaia emakume protagonistaren anaia da. Tipo alfer bat, beldurti hutsa, amaren menpean dagoena. Baina egoera berri batek bizitza aldatuko dio.

Zer moduz Paz Vega, Roberto Alamo, Charo Lopez, Mercedes Sampietro eta halako aktoreekin lanean?

Ohore bat da niretzat. Haien zalea izan naiz betidanik. Haien lanekin hazi nintzen. Ezin duzu imajinatu zer den niretzat haiekin lan egitea. Asko ikasten ari naiz haiengandik, eta gainera oso jatorrak dira guztiak. Giro alaia sortzen dute. Duela hamar urte telesail batean Paz Vegaren anaia eta Mercedes Sampietroren semea izango nintzela esan izan balidate, ez nuen sekula sinistuko. Amets bat da.

Zertan izaten ari da berezia telesailaren grabaketa telebistarako egin dituzun beste lan batzuekin alderatuta?

Nahiz eta telebista izan, zinema izango balitz bezala grabatzen ari gara. Lasaitasunez, planoak eta interpretazioa zaintzen. Oso pozik nago, eta asko ikasten ari naiz. Hamar atal egiteko, sei hilabete daramatzagu.

Telesaileko trametan zer garrantzia du Benidormek berak?

Benidorm beste pertsonaia bat da. Oso leku berezia da: Cancun, Las Vegas, Miami eta Salou arteko hiri bat. Eklektikoa, koloretsua eta kontraste askotako lekua; kameran zoragarri gelditzen da. Benidormeko pertsonaiak eta ekosistema islatuko ditugu telesailean.

TVEko fikzio arduradun Fernando Lopez Puigek esan du estetikan eta grabatzeko moduan ezberdina dela Fugitiva.

AEBetako telesailen kutsua du, erritmoaren eta argazkiaren aldetik: Breaking Bad, Ozark... Gainera, aktoreen artean aniztasun handia dago. Aktoreen erdiak Mexikotik etorri dira; ahoskera desberdinak egotea eta fisiko eta profil hain desberdinak azaltzeak handitasuna ematen dio ekoizpenari. Espainiako kateetan ez dira thriller edo akziozko zinta askorik egiten. Produkzio honetan dena eman dute ekoizleek, gidoilariek, zuzendariek... eta hori nabarituko dela iruditzen zait.

ITV kate britaniarrarentzat urtero saio bat grabatzen dute Benidormen. Ezagutzen duzu saioa?

Benidorm izeneko sitcom-a oso ospetsua da. Kasualitatez, egunotan grabatzen ari dira, gu bezala, aldi berean, eta aktoreak gurekin batera daude hotelean.

Lehendik aritu al zara TVEko beste lanen batean?

Bai. El precio de la libertad telefilmean parte hartu nuen. Eta, iaz, Mi princesa Paca telefilmean, Pio Baroja gazte baten rola jokatu nuen. TVEn oso ondo lan egiten da fikzioan. Lasai gabiltza, eta ondo zainduta.

ETBn, ordea, Go!azen telesaila baino ez dago. Zer sentitu duzu 2019an euskarazko telesail berri bat egongo dela jakitean?

Oso albiste ona da. Lana sortu behar du gure telebistak. Aktore oso onak daude beren etxean zain, langabezian. Euskal industria sortu behar dugu. Eta, nire ustez, Euskal Zinemaren Akademia bat ere bai.

Zer garrantzi du fikzioak telebista batean?

Fikzioa kate baten aurpegia da. Vaya Semanita ezaguna da Espainian eta Hego Amerikan, eta, saioarekin batera, gure kultura eta herria ere bai. Horregatik, beharrezkoa da.

Kamera atzean jarri izan zara, hiru film labur zuzenduz. Bide horretatik jarraituko duzu?

Nire azken ametsa pelikula bat zuzentzea da. Proiektu bat daukat beste hiru euskal aktorerekin film luze bat egiteko. Euskaraz eta gaztelaniaz litzateke, aldi berean, bi hizkuntzetan. Pelikula surrealista bat da. Ea ametsa errealitate bihurtzen dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.