'Mi hija, mi hermana'
Zuzendaria: Thomas Bidegain. Aktoreak: François Damiens, Finnegan Oldfield, Agathe Dronne, Ellora Torchia. Iraupena: 114 minutu. Generoa: Drama. Herrialdea: Frantzia. Urtea: 2015. Jatorriko izenburua: 'Les Cowboys'.
Belardi handi batean, country musika eta western estetika maite dutenen jaialdi bat egiten ari dira, Frantziaren ekialdean. Komunitate horren zutabeetako bat Alain da, eta jaialdian dago, familiarekin. Dantzan egingo du 16 urteko Kelly alabarekin, baina neska desagertu egingo da egun horretan. Familia suntsitu egingo du horrek. Alainek dena utziko du bertan behera, eta aurrerantzean ez du beste helbururik izango: Kelly aurkitzea. Horretan lagun bakarra Kid semea du.
'Capitan Koblic'
Zuzendaria: Sebastian Borensztein. Aktoreak: Ricardo Radin, Oscar Martinez, Inma Cuesta. Iraupena: 92 minutu. Generoa: 'Thriller'-a. Herrialdea: Argentina. Urtea:2016. Jatorriko izenburua: 'Koblic'.
Argentinako armadako kapitain ohi bat da Tomas Koblic. Diktaduraren garaian, heriotzaren hegaldietan parte hartu zuen: atxilotu politikoak hegazkinetatik itsasora botatzen lagundu zuen. Baina armada utzi egingo du landa eremu batera ihes egiteko. Han, berriz, Velarde komisarioaren legea dago indarrean. Polizia izanda ere, azienda lapur talde bateko burua da Velarde, eta ezkutuko loturak ditu inguruko militar buruekin. Kapitain ohiaren eta komisarioaren arteko tentsioa sortuko da berehala, eta, azkenean, gatazka gordina.