Film laburren festa Gasteizen

Gasteizko Korterraza film eta musika jaialdia egingo dute etzitik igandera bitarte, Artium museoaren kanpoaldean. Kontzertuak 18:30ean hasiko dira, eta film laburrak 22:00etan

Joan den urteko Korterraza, Gasteizko Artium museoan. KORTERRAZA.
unai etxenausia
2023ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Urtero legez, film laburrak Arabako protagonista bihurtuko dira uda osoan. 52 film labur proiektatzen ari dira lurraldeko 41 herritan, Arabako Korterraza film laburren aire zabaleko IX. zikloaren barruan. Ekainaren 24an hasi zen, eta irailera arte iraungo du. Bada, baina, egitasmoaren barruan nabarmentzen den jaialdi bat, musika eta film laburrak batzen dituena: Gasteizko Korterraza.

Etzitik larunbatera bitarte egingo da aurten Gasteizko Korterraza. Joan den urtean bezala, Euskal Herriko Arte Garaikidearen Artium museoan gauzatuko dituzte jarduera guztiak. Hiru egunetan, 22:00etan hasita, film laburrak proiektatuko dituzte, baina, lehenago, 18:30ean, kontzertuak izango dira museoaren kanpoaldeko plazan: The Soulbreaker Company, Rufus T. Firefly, Kamikaze Helmets, MFC Chicken, Memphis eta Sex Museum taldeak igoko dira oholtzara.

Urtero legez, hautaketa batzordeak «lan zaila» izan du: aurtengo aldian, 1.123 lanen artean aukeratu behar izan dituzte irabazleak. «Film laburren maila oso handia da. Obra oso onak datoz, eta zaila da batzuekin geratzea eta beste batzuk kanpoan utzi behar izatea», azaldu dute antolatzaileek. Aukeratutako lanen artean, El crédito (Jose Sacristan), Tu tijera en mi oreja (Miguel Angel Muñoz), Amarradas (Carmen Cordoba) eta Plastic Killer (Jose Mota) lanak nabarmendu dituzte aurten.

Arabako zortzi film labur ere proiektatuko dituzte: El parto (Xabi Vitoria), GASwoMAN (Xabi Vitoria), Artesania (David P. Sañudo), Malkoak (Sonia Estevez), Lugar de nacimiento (Mikel Bustamante), Lanbroa (Aitzol Saratxaga), Influencer (Nerea Torrijos) eta Psicópatas de clase media (Alvaro Herrero eta Hector Amado). Antolatzaileek Arabako zuzendarien lana nabarmendu nahi izan dute: «Arabako film laburrak estatuko onenetakoak dira azken urteotan. Lurraldeko zinemagile askok gauza oso interesgarriak, askotarikoak eta jarraitutasuna dutenak egiten dituzte».

Saria 'Lanbroa'-rentzat

Arabako film laburretako bat saritu dute, gainera. Aitzol Saratxagak zuzendu eta Amania Filmsek ekoitzitako Lanbroa film laburrak jaso du Bertako Igogailuak-Euskera saria. Euskaraz filmatutako lanak ekoizten eta zabaltzen lagundu nahi du antolakuntzak. Sariaren bitartez, Sail Ofizialean sartuko da film laburra. Aurten jaialdiak 8.000 euro inguru banatuko ditu saritan. Aurreko aldietan bezala, hautaketagatik eta ikusle kopuruagatik ere ordainduko du, epaimahaiaren eta ikusleen ohiko sariak emateaz gain.

Film laburren emanaldiek ez dute etenik izango. Korterrazak abuztuaren amaieran eta irailaren hasieran ere jarraituko du: Korterraza Sensibilizarekin, hau da, Artium museoaren kanpoaldean egingo den gai sozialeko lanei buruzko saio batekin; eta Korterraza Txiki haurrei eskainitako proiekzioarekin, Zumaia plazan. Iaz bezala, euskarazko ipuin kontaketa batekin hasiko da. Jarduera guztiak doakoakizango dira eta herritar guztiei irekiak. Informazio gehiago nahi izanez gero: korterraza.com/eu/.

Gasteizko Korterraza

Ostegunetik igandera, 18:30ean hasita, Gasteizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.