Film laburrak, kalean

Korterraza jaialdiaren zortzigarren aldia egingo dute Artium museoaren plazan. 34 film eta hiru kontzertu izango dira gaurtik larunbatera arte

Korterrazako 2013ko aldia, Andre Maria Zuriaren plazan. BERRIA.
Jon Rejado.
Gasteiz
2017ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Korterrazak, Gasteizko film laburren jaialdiak, zortzigarren aldia hasiko du gaur. Larunbatera arte, 34 film labur eskainiko ditu, baita hiru kontzertu ere. Ikuskizun guztiak doakoak izango dira, Artium Arte Garaikideko Euskal Zentro-Museoaren barruko plazan. Udako zinemetan ez bezala, ez da etxetik aulkia eraman beharko.

Antolatzaileek film laburren «kalitate handia» nabarmendu dute. Hiru egunetan 34 ikusiko badira ere, orotara 770 film jaso dituztela jakinarazi dute: horietako batzuk Oscar eta Goya sarietarako hautagaien artean egon direla argitu dute. Horrez gain, aurtengo aldian marrazkilariei omenaldi bat egingo diete. Gaur, besteak beste, Urdin film laburra botako dute, Alberto Camposen azken lana; Gasteizko marrazkilaria 2015ean zendu zen. Korterrazan parte hartzen duten film laburrek leihaketan parte hartuko dute; aurten, 6.000 euro inguru banatuko dituzte sarietan.

Filmez gain, Korterrazak musikarekin gozatzeko parada eskainiko du. Ofizialki 20:00etan hasi arren, 22:00 arte, iluntzen duenera arte, ez dira filmen emanaldiak hasiko. Aurretik, kontzertuak eskainiko dituzte: gaur, The Excitements taldeak joko du; eta, larunbatean, Kodigo Nortek eta DJ Lorok. Bihar, musika beharrean, haurrentzako film labur sorta botako dute: Alike, Ethnophobia, La Bruxa, Lakrua, Marcianos de Marte, eta Oa lanak emango dituzte Artiumen barruko plazan.

Arabako txoko guztietan

Hiriburuan ez ezik, Korterrazak Arabako bazter guztietara eraman ditu film laburrak hil hasieratik, eta hala egingo du irailera arte. Bihar, Amurrion eta Luiaondon eskainiko dute film laburren aukeraketa bat, 22:00etatik 23:45era arte; Ondategi eta Armiñonen etzi eskainiko dituzte; eta, hurrengo ostiralean, Zurbaon eta Maeztun. Hilabete amaierara arte, beste hainbat herritan egongo da, baita abuztuan eta irailean ere.

Korterraza Txikiko filmak ere Arabako bi txokotan ikusi ahalko dira. Uztailaren 29an, Markinezen emango dituzte, eta, abuztuaren 11an, Bastidan.

Korterraza

Gaurtik larunbatera arte, Gasteizko Artium museoaren barruko plazan, 20:00etatik 23:45era.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.