Gaur amaituko da Altsasu telesaila (ETB1, 22:30). Gaur amaituko da ETBk udazken honetarako prestatutako euskarazko telesailen eskaintza berezia (Go!azen alde batera utzita): Alardea aurrena (K2000 ekoiztetxearena), Hondar ahoak gero (Txintxua Filmsena) eta Altsasu azkena (Baleukorena). Berezia, ohiz kanpokoak izan baitira kantitatea, tramak eta horiek emateko moldeak.
«Ikusle euskaldunek aukera izan dute kalitatezko fikzioa ikusteko», Idurre Cajaraville Altsasu telesaileko produktore eragilearen iritziz. «Fikzioak funtziona dezake euskaraz: hori da albistea».
Altsasu-k gazteen artean izandako arrakasta nabarmendu du batez ere: 13 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, lehen atalak %63ko audientzia izan zuen; bigarrenak, %27koa, eta hirugarrenak, %16koa. «ETBn gazteen audientzia eskasa izaten da, eta datu hori oso deigarria da; ikusten da gazteen artean interesa sortu duela».
Datu orokorrak ere ETB1en batezbestekotik gorakoak izan dira, «oso onak»: lehen atalarena, %6,4koa; bigarrenarena, %4,6koa, eta hirugarrenarena, %3koa. Cajaravillek uste du hirugarren atalaren datuan eragina izan zuela abenduaren 23an emateak, Gabon giroko egun batean.
Datuez gain, Cajaraville pozik dago telesailari buruz iritzi onak jaso dituztelako, «urtebeteko lan gogorra eta gero». Asier Urbietak zuzendu du Altsasu, eta Harkaitz Cano, Mikel Alvarez eta Andoni De Carlos izan dira gidoilariak.
Telesaila Altsasuko auzian oinarrituta dago: gazte batzuek taberna batean liskarra izan zuten bi guardia zibilekin, 2016ko urrian, eta liskarra eta gero atxilotu, espetxeratu eta zigortu egin zituzten. Gertakari horietan oinarrituta dago, baina ez da dokumental bat, telesail bat baizik, fikzioa.
Tabernako liskarrik ez da agertzen, esaterako. Cajaravillek argitu du telesailaren muina ez dela tabernan gertatutakoa, eta helburua ez dela gertatutakoa argitzea: «Gertakari horrek protagonisten bizitzan eragindako aldaketei eman diegu garrantzia».
Gaurko atala epaiketari buruzkoa izango da. Epaiketan esandako guztien transkripzioa eskuratu zuten, eta handik hartu dituzte gaurko kapituluan epaiketan esango diren guztiak: «Atal honetan fikzio gutxi dago. Hitzez hitz agertzen da epaiketan esandakoa».
Atalaren emanaldiaren ondoren, grabazioari buruzko programa bat eskainiko dute, 23:30ean: Altsasu, kamera atzean.
ETB1en eman eta gero, TV3 Kataluniako telebista autonomikoan emango dute, urtarrilean; TV3k parte hartu du telesailaren produkzioan. Hortik aurrera, saiatuko dira beste telebistaren bati saltzen, eta plataformei ere eskainiko diete.
Diru eta denbora mugak
ETBk euskarazko telesailen eskaintza indartu du aurtengo udazkenean, baina telesail horietako batzuen arduradunek aipatu izan dute aurrekontuak oso mugatuak izan direla, eta lan erritmoak, berriz, oso azkarrak.
Bat dator Cajaraville: «Denboraz oso estu gabiltza, eta diruz ere bai, baina, antza, hau da markoa. Aurrekontuak gure telebistari egokituta daude, eta gure telebistaren aurrekontua oso murritza da. Nahikoa meritu daukagu, horrelako ekoizpenak aurrera ateratzen ditugulako». Cajaravillek herenegun arratsaldean ikusi zuen azken aldiz azken atala, telebistan gaur eman aurretik.
Estutasunak estutasun, pozik dago emaitzarekin. Izan ere, urte askotako lehortea eta gero, agerian utzi dute kalitatezko fikzioa egin dezaketela euskaraz. «Erakutsi dugu Euskal Herrian beste edozein herrialdetako lantalde teknikoen eta artistikoen parekoak daudela», nabarmendu du.
ETBko arduradunek euskarazko telesailak eskaintzen jarraitzeko asmoa dute. Baita aurtengoak baino luzeagoak ere, istorioek edo haien garapenak hala eskatuz gero. Ekoizleak haiekin bilerak egiten ari dira, eta egingo dituzte, egindakoa baloratzeko eta aurrera begira hobetzeko, baita baldintzak ere: «Telesail hauekin garrantzitsuena zen birplanteatzea ETBn fikzioa egin daitekeela. Zaila da? Bai, baina lehen urratsa egin dugu».
«Fikzioak funtziona dezake euskaraz: hori da albistea»
Gaur emango dute 'Altsasu' telesailaren azken atala, ETB1en. Saioak zenbat ikusle gazte izan dituen nabarmendu du Idurre Cajaraville ekoizleak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu