Donostiako Aste Nagusia. Balorazioa

Festek gainditu dute azterketa

Herritarren parte hartzea goraipatu du Donostiako alkateak.Piraten guneak egunero bete dira

Piraten La Flamenka gunea beteta egon da bertan egin diren jarduera guztietan, batez ere kontzertuetan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2014ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Donostiako Aste Nagusiaren biharamuna balorazioa egiteko eguna izan zen. Bai udala eta baita Piratak ere pozik daude aurtengo festek eman dutenarekin. Aste Nagusiak herritarren izaera islatu duela uste du Juan Karlos Izagirre alkateak; izan ere, «inoizko festa parte hartzaile, plural, ireki, euskaldun eta herrikoiena» izan dela azpimarratu du. Piratek, beren aldetik, nabarmendu dute, urtez urte beren jardueretan geroz eta jende gehiago dagoela, eta eskertu dute ekaitzak eragindako kalteak direla-eta jendearengandik jasotzen ari diren erantzuna.

Eguraldi nahasiak eman du zeresana Donostiako festetan, bainakalteak kalte, herritarrek «erantzun ezin hobea» eman ziotela esan du alkateak. Udalaren eta Piraten egitarauak osagarri izan direla ere esan du, eta gogora ekarri du Piratek Jaurlaritzarekin izandako afera, eta La Flamenka urte askoz izan dezatela desiratu die Piratei. Beste zenbait gauzaren artean, herritarren parte hartze aktiboa goraipatu du Izagirrek, eta esan du, hobetzeko aukera beti dagoen arren, uste duela bide onetik doazela donostiarrak jaiak antolatzeko moduari dagokionez.

383 jarduerak osatu dute udalaren egitaraua, eta guztiek jaso dute harrera ona, Nerea Txapartegi Kultura eta Euskara arduradunaren hitzetan. Hala ere, urtero moduan, su festak bildu du jende gehien; azken eguneko ikuskizun piromusikala, esaterako, ehun mila pertsona inguruk ikusi zuten. Aurten, zezensuzkoak 30 urte bete ditu, eta horrek ere piztu du jendearen ikusmina, eta 25.000 pertsona gerturatu ziren hura ikustera azken larunbatean.

Saguesko kontzertuei dagokienez, Txapartegik esan du beste urteetan baino ikusle gutxiago izan dutela, eta eguraldiari ez ezik, guneen ugaritasunari ere egotzi dio horren zergatia. Izan ere, esan duenez, inoiz baino jende gehiago bildu dute gauetan Easo eta Konstituzio plazetan izan diren dantzaldi eta erromeriek. Gainera, Piratek antolatutako kontzertuek ere zerikusia izan dezaketela aitortu du.

Goitibeherei buruz, Txapartegik esan du lehen aldia izateko jende dezente bildu dutela; hala ere, emakumeen parte hartze eskasa deitoratu du eta datorren urtean bertaratzeko gonbidapena egin die. Bere aldetik, Izagirrek esan du, Donostiako kultur, kirol eta gastronomia jarduerak hobetuz eta hazten doazela, eta horiek erakusteko ere baliatu dutela Aste Nagusia, «gu harro gaude daukagunaz, eta kanpotik datorren jendeak bertakoa ikusteko eta ezagutzeko aukera ona dira festak».

Herritarren lanaren emaitza

Horrez gain, festa herrikoiak egiten lagundu duten elkarteen lana eskertu, eta datorren urtera begira haiekin elkarlanean jarraitzeko asmoa dutela azaldu du udalak.

Donostiako Piratak ere, harro agertu dira beren egitarau anitzek jasotako erantzun onarekin. Oraindik balorazio osoa egin ez badute ere, antolatzaileek azpimarratu nahi izan dute, beraiek antolatzen dituzten ekintzetan jendea gehituz doala urtez urte. «La Flamenka, Nautikoko DJ gunea, zein Trinitate plazako Kantina Pirata goraino bete dira egunero», azaldu du Mireia Mochalesek, Piraten bozeramaileak. Egitaraua ere, ia osoki gauzatu ahal izan dutela esan du, astearte gaueko ekaitzak arazo larriak sortu bazizkien ere. «90.000 euroko diru galerak gutxinaka osatuz goaz jendeak emandako erantzun izugarriarekin, eta dagoeneko 16.000 euro baino gehiago jaso ditugu. Beste behin, aukera izan dugu erakusteko jendearen laguntzarekin edozer dugula posible», esan zuen Mochalesek. Gainera, segurtasun aldetik, oso egoki aritu zirela azpimarratu du «suhiltzaileek ere esan zigutenegin genezakeen onena egin genuela», eta pozik dago horregatik.

Festari orban beltz bat jarri dion bakarra lehen gauean jazo zen sexu erasoa izan da. Donostiako Piratek eta udalak ekintza gaitzetsi, eta horrelakorik berriro gerta ez dadila eskatu dute, ez festetan eta ez inon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.