Lizarrako (Nafarroa) kaleak jendez beteko dira gaur berriz ere. Biharamuna eta antzeko aitzakiak beste egun baterako utziko dituzte lizarratarrek, jai giroaz gozatu ahal izateko. Atzo hasi ziren Lizarrako jaiak, eta gaur egun handia dute berriro herritarrek. Inork ez dauka festari bizkarra emateko asmorik
Bizkarra, atzo eman zioten udalari herritar ugarik. Mayte Alonso Kultura eta Gazteria zinegotziak (UPN) bota zuen txupinazoa, eta jendeak desadostasuna adierazi zuen. Izan ere, Madrilen bizi da Alonso; eta, horrez gain, Lizarrako Udalarekin hainbat ika-mika izan dituzte elkarteek eta oposizioko alderdi politikoek. Esaterako, UPNren «jarrera antidemokratikoa» salatu zuen EH Bilduk. Apirilean, Puyko festetan, txosna bateratu bat jartzeko eskaera egin zuten herriko hainbat elkartek. Alonsoren taldeak, baina, baimena galarazi zien.
Abuztuko festen harira ere piztu da polemika. Oposizioak festen batzorderik egin ez izana leporatu zion UPNri. Gainera, gobernuan dagoen alderdia aurrekontua 24.000 euro areagotzen saiatu zenean, kontra egin zuten gainontzeko alderdiek. Horren guztiaren ondorioz, Alonsok suziria botatzean, haserrea adierazi zuen jendeak. Ondoren, ikurrina eskegi zuten hainbat zinegotzik.
Festa egun guztietan egingo dituzte protestak. San Andres peñak bertan behera utzi ditu aurtengo ekitaldiak, eta La Bota peñak aldaketa nabarmenak egingo ditu asteleheneko eta astearteko ekitaldietan. Lizarrako gazteria, ohiko zapi gorria alboratu, eta zazpi beltzarekin atera da kalera.
Politikarien hartu-eman garratzak alde batera utzita, festaz gozatzeko argudio ugari dituzte lizarratarrek. Goizetik programatu dituzte ekitaldiak. Musika bandak alboradarekin eta dianarekin esnatuko ditu herritarrak, 08:00etan. Gero, zezen plazatik alde zaharrera jaitsiko dira zezenak. Amaitzen dutenean, Lizarrako ikastolak salda banatuko du Santiago plazan. 09:00etan, zezen plazara bueltan aterako dira zezenak festetako lehenengo entzierroan.
10:30ean eskuz binakako pilota txapelketako finala jokatuko dute Remontival pilotalekuan. Ordu erdi geroago, udaleko kideek meza nagusian parte hartuko dute. Musika giroa gailenduko daeguerdian Lizarrako kaleetan: Lizarran Kantuz ekitaldian euskal abestiak kantatuko baitituzte.
Arratsaldean, zezenketak izango dira. Bertan parte hartuko dute Juan Jose Padilla, Francisco Marco eta Ivan Fandiñok (18:30). Ordu berean, haurrek San Martin plazako ginkanan gozatzeko aukera izango dute.
Garean Jai Alai elkarteak euskarazko hainbat ekitaldi antolatu ditu aurten ere, eta 20:00etakoa izango da horietako bat. Ordu horretan irrintzi lehiaketa antolatu dute Santiago plazan. Ilunabarra gerturatzearekin batera, musika doinuz beteko da Lizarra. Lehiaketa amaituta, Padre Hilario Olazaran txistulari taldeak eta Deierri akademiako gaita jotzaileek joko dute. Ordurako, London orkestrak bere emanaldia hasia izango du Foruen plazan (20:15).
22:45ean Zaragozana pirotekniaren su artifizialen ikuskizuna ikusi ahalko da. Suen zartadak isiltzean, Gaubela taldearen akordeen doinua piztuko da. Santiago plazan joko dute. Koroatzearen plazan DJak ariko dira; Txemi Kuality, Dropzet, Solano eta DJ George CJ, hain zuzen ere.
Txosnak, haurren eremu
Udalarekin hainbat arazo izan dituzten arren, aurten ere jarri dituzte txosnak autobus geltokiaren atzealdean. Ordutegia murriztu diete, baina egun osoko egitarauarekin erantzun dute. Beste urteetan ez bezala, haurrentzako ikuskizunak antolatu ditu Festa Giro taldeak. Gaur arratsaldean, Irriaren Lagunak klubeko pertsonaiek ikuskizuna eskainiko dute txosna eremuan (19:30). Bihar ere egongo dira txikientzako ekitaldiak. Peio Zabalak zirku lantegia egingo du 20:00etan.
Aurreko urteetan baino lehenago hasiko dira kontzertuak, goizago amaitu behar baitute: 23:00etan hasita, Ultimos Reyes, Nekez, Mi Primo el Chicharachero taldeak eta hainbat disko jartzaile ariko dira gaur; bihar, Solano eta Dropzet DJek jarriko dute giroa.
Haurrentzako espazioaz gain, hainbat berritasun dituzte txosnek. Biharko, pintxo-potea eta karaokea antolatu dituzte. Horrez gain, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko telefono zenbakia eta postua prestatu dituzte. Afari eskaintza hobetu dute.
Bihar itxiko dituzte txosnak, baina, asteartean, kalejira alaia antolatu dute, Puyko festetako debekua gogora ekartzeko. Kritika oso presente dago aurtengo festetan, baina jai giroari bizkarra eman gabe.
Lizarrako jaiak
Festari ez diote bizkarrik emango
Jaietako bigarren eguna dute gaur lizarratarrek.Atzoko txupinazoan herritarrek bizkarra eman zioten udalari, protesta moduan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu