Alkoholaren eta bestelako drogen kontsumoa, sexu erasoak, animalien aurkako tortura, langileen esplotazioa, euskararen presentzia, masifikazioa, festaren antolaketan auzoetako kolektiboek eta eragile sozialek duten rola, ekologismoa, berdintasuna, kontrol poliziala, kultur aniztasuna... Ertz anitzeko festak dira sanferminak, eta horien inguruan gogoeta egiteko eskatu dute hainbat gizarte eragilek behin baino gehiagotan.
Urteetan, tradizioaren izenean —edo inertzia hutsagatik—, auzi horietako asko ez dira mahai gainean jarri, eta, norbaitek jarri izan dituenean, tradizioaren aldekoen ezezko borobilari egin behar izan dio aurre. Aurten sanferminak bertan behera gelditu izanak, baina, ustekabeko abagunea ireki du festa eredua zalantzan jartzeko eta aldatu beharko liratekeen elementuez eztabaidatzeko.
«Gauzak birpentsatzeko aukera izan daitekeela uste dugu», azaldu du Herri Sanferminak plataformako kide den Aika Martinikorenak. Iruñeko hainbat elkartek eta eragile sozialek 2016. urtean sortutako plataforma da Herri Sanferminak eta, ordutik, urtero paratu dituzte jai gune alternatiboak San Frantzisko eta O-ko Andre Mariaren plazetan, hain zuzen, aisialdi eredua iraultzeko xedez. Aurten, ez dute ezer antolatu eta, horren ordez, gogoeta egiteko deia berretsi dute: «Badugu zortzi puntuko zerrenda bat, eta hori da gure bide orria: jai herrikoiak nahi ditugu, parte hartzean oinarritutakoak, feministak, ekologistak, antikapitalistak, kulturalak, pluralak eta euskaldunak. Gure helburua da sanferminak aldatzea zortzi ardatz horien inguruan». Eztabaidari heldu diote plataformaren barruan.
Emakumeak protagonista
Feminismoaz eta emakumeek festetan duten rolaz gogoeta egiteko deia egin zuen Iruñeko Udaleko Berdintasun teknikari Zaloa Basabek iragan ostegunean, Euskalerria irratian. «Emakumeok betidanik parte hartu dugu festetan: etxean, kalean, herri mugimenduan... Arazoa da, historikoki, emakumeon presentzia horri ez zaiola eman behar besteko protagonismoa eta, aldiz, gizonek eginikoei gehiegizko ikusgarritasuna eman zaiela». Hori dela eta, sanferminetan emakumezko musikariak eta emakumez osatutako taldeak kontratatzeko ahalegina egin zuen lauko gobernu taldeak iragan legealdian, festen egitarau ofiziala parekidetasunaren isla izan zedin.
Horrez gain, oholtzaren azpian eta kameretatik urrun emakume askok egiten duten «itzalpeko lana» aintzat hartzeko ere galdegin du Basabek: «Janaria prestatu, arropa zuria garbitu, lisatu... Emakumeek beren gain hartu ohi dituzten lanak dira, sanferminetan are gehiago, eta prestigiorik ez dutenak». Iruñeko Berdintasun teknikariak ez du antzeman «lan horiek banatzeko interes handirik», esker txarreko lanak direlako: «Ez zaie ematen behar besteko aitortza».
Basaberen ustez, «erronkarik handienetako bat» izanen da lanen banaketa parekidea orokortzea, jai parekideak bermatze aldera: «Egia da rol banaketa aldatzen ari dela pixkanaka, baina bide luzea dugu aurretik».
Zezenketak jopuntuan
Sanferminetan animaliek pairatzen dituzten tratu txarrak bukatzea eskatzen dute hainbat eragilek. Peta eta Anima Naturalis elkarteek, adibidez, urtero egiten dute protesta zezenketen eta entzierroen kontra. Zezen plazaren aurrean egin zuten aurtengoa, uztailaren 7an. Iruñea Antitaurina taldeak ere manifestazioa egin ohi du urtero San Fermin egunean, baina aurten ez du protesta ekintzarik antolatu, COVID-19ak sortutako ezohiko egoeragatik. Hala ere, festak «aldatzeko beharra» nabarmendu dute.
«Sanferminak etengabe ari dira eboluzionatzen, baita animalien tratu txarrei dagokienean ere», azaldu dute ohar batean. Besteak beste, animaliak erabiltzen dituzten zirkuak debekatu izana txalotu dute: «Lehen aldiz, animaliak erabiltzen dituen zirkurik eta poniak dituzten karruselik ez dago Iruñean, iazko uztailaren 11n indarrean sartu zen Animalien Babeserako Foru Lege berriaren ondorioz». Neurri horren «hurrengo urratsa» zezenketak debekatzea dela uste du Iruñea Antitaurinak.
Auzi horien guztien gainean eztabaidatu ahal izateko baliabideak ere eskatu dituzte eragileek. Joseba Asironen udal gobernuak Sanferminen Mahaia sortu zuen, baina ikusteko dago Enrique Maiak bide horri eusten dion. «Oraingoz, Navarra Sumak ez du mahaia desegin, baina ez dakigu eskuduntzarik izanen duen ala ez: mahai informatiboa izanen da soilik? Erabakiak hartu ahal izanen ditugu?», galdetu du Martinikorenak. Eta segituan gaineratu: «Udala ezagututa, ez dugu itxaropen handirik».
Festari buelta emateko aukera
Sanferminak bertan behera gelditu izanak abagunea zabaldu du festaren ereduaz eztabaidatzeko. Erroko aldaketak proposatu dituzte hainbat eragilek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu