Donostiako ez-jaiak

Festaren eztanda eten da

Luis Mokoroak 1993an jaurti zuen, estreinakoz, Donostiako Aste Nagusiari hasiera ematen dion kanoikada. Iaz hartu zion lekukoa alabak, Onintza Mokoroak. Aurten, ordea, ez da kanoikadarik izango. «Zentzuzko» erabakia dela uste dute aita-alabek.

Luis eta Onintza Mokoroa aita-alabak, Donostiako udaletxe parean. GORKA RUBIO / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo
Donostia
2020ko abuztuaren 8a
00:00
Entzun
Urtero, kanoikadaren eztandak iragartzen du Donostiako Aste Nagusiaren hasiera. Metxari su eman eta hiruzpalau segundo geroago, pum!, piztu da festa. Artillero kantua musika ofiziala izanik, keak eta kanoiaren soinu ozenak inauguratzen dute 1993az geroztik Donostiako urteko asterik bereziena. Aurten, baina, Alderdi Ederren 19:00etan ez da kanoi hotsik entzungo. Ohorezko batailoiko kideek ez dituzte jaka napoleonikoak soinean jantziko Artillero kantatzeko. Festaren eztanda eten egingo da urtebetez.

Aurten kanoikadarik ez egotea penaz hartu dute Luis eta Onintza Mokoroa aita-alaba eta artillari nagusiek; baina, datorren urtekoa «gogo handiagoz» hartuko dutela baieztatu dute irribarretsu. Are, erabakia «zentzuzkoa eta logikoa» dela uste dute. «Festarik ez egoteak mina egingo du, baina nik uste dut aurten beste gauza batzuez arduratu behar dugula, beste modu batean bizi behar dugu uda eta Aste Nagusia», azaldu du Onintza Mokoroak. Aitak, aldamenetik, antzeko hausnarketa egin du: «Pena da, bai; baina, agerikoa da giroa ez dela aproposa kanoikada jaurtitzeko».

Luis Mokoroa 25 urtez izan da artillari nagusi, eta 2017an piztu zuen metxa azkenekoz: «Pentsatu nuen: segitu, noiz arte? Erabaki nuen momentua zela aldaketa egiteko, eta erabaki zen egingo zela urte bat andre bat eta hurrengoan gizon bat, tartekatuz». 2018an, Elias Arruabarrena Danbor Nagusiak jaurti zuen kanoikada, eta iaz, berriz, Onintza Mokoroak. Lehen artillari nagusiaren erretiroak txandakako sistema bati aukera zabaldu zion, eta, hortaz, 2018tik txandaka jaurti dute kanoikada Onintza Mokoroak eta Elias Arruabarrenak.

Halere, 2014an jaurti zuen kanoikada lehen aldiz Onintza Mokoroak, txilibiteroen izenean. «2014an sorpresaz jakinarazi zidan alkateak, unean bertan, nik jaurtiko nuela kanoikada. Urte horretan omendu nahi ziren Aste Nagusia aurrera ateratzen laguntzen duten elkarte guztiak; eta gu, txilibituak, urtero gaude hor txilibitua jotzen eta Artilleroa abesten; orduan, guretzat ez zen zerbait berezia abestea. Orduan, zerbait berezia egiteko pentsatu zuten nik neuk jaurtitzea, txilibituen arduradun gisa, kanoikada urte hartan». Gogoan du ezustean harrapatu zuela lehen aldiak, eta iaz, bigarrenean, «kontzienteago» izan zela eta, ondorioz, gehiago «gozatu» zuela momentua.

Memoria ariketa bat

Donostiako Euskal Gastronomia kofradiaren izenean, eta ohorezko batailoiaren babesean, hiriaren memoria oroitzeko asmoz onartu zuen Luis Mokoroak kanoia jaurtitzeko proposamena: «Gu 1991n hasi ginen jantzi napoleonikoak soinean Gaztelu Eguna antolatzen, eta egun horretako ideia hartuta bihurtu zen kanoikada Aste Nagusiaren hasierako ekitaldia».

Gudu, bando eta data esanguratsuz josita dago historia. Are, egiaren eta kondairaren arteko orekan mugitzen da maiz; kontakizun kontraesanezkoetan murgilduta. Asko dira iraganetik orainera bidean galtzen diren gertakariak ere, aski lazgarri edo garrantzitsuak izanagatik ere urteen poderioz ahantzi egin direnak. Donostia hiriaren historian bada horrelako egun bat: 1813ko abuztuaren 31. Egun hartan hiriari su eman ziotela jakin badakite herritar askok, baina «benetan gertatu zena» galdu egin dela uste du Onintza Mokoroak: «Sekulako sarraskia egin zuten». Hala deskribatzen du Donostian duela bi mende baino gehiago gertatutakoa.

Bada, 1813ko abuztuaren 31n ordura arteFrantziako armadaren menpe zegoen Donostian sartu ziren espainiarren aliatuak ziren Ingalaterrako eta Portugalgo tropak. Hiria setiatu eta menderatu zuten, 1.600 pertsona inguru hil, eta lapurreta erraldoia egin zuten. Hiriari su eman zioten, eta egun Abuztuaren 31 izena duen kaleko eraikinek bakarrik iraun zuten.

Hiriaren historiako egun lazgarrienetarikoa izan zela irmoki salatzen du Onintza Mokoroak, eta jazotakoari buruz mintzatzean ileak lazten zaizkiola aitortu. Egun «tristea eta goibela» izan zela gogorarazi du Luis Mokoroak, baina badela alde positiborik ere: «Astebetean gai izan ziren egoerari buelta eman eta errautsetan galdutako Donostia berreraikitzeko, hiria altxatu egin zen. Erabat suntsituta zegoen hiria berreraiki eta altxatzeko ilusio hori dago kanoikadaren oinarrian».

Hain zuzen, pizkunde hori omentzeko asmoz bihurtu zen kanoikada Donostiako Aste Nagusiari hasiera emateko ekitaldia. Izan ere, 1813ko irailaren 8an, Urgull mendiko Lamota gazteluan gotorturik segitzen zuten soldadu frantsesak errenditu egin ziren, eta britainiarrek preso hartu zituzten. Egun berean, baina, Zubietako Aizpurua baserrian bildutako donostiarrek hiria berreraikitzea erabaki zuten. Onintza Mokoroak uste du kanoikadak karga sinboliko handia eta aproposa duela festen hasiera ospatzeko: «Donostiari oso ondo egokitzen zaio, hiriaren historia horretan oinarritzen delako. Historiari erreparatzen badiogu, beti egon dira gazteluetan soldaduak, beti egon da gerra kutsu bat hirian, kanoiak nonahi aurkitu ditzakezu.... azken finean, hori da izan garenaren parte».

Omenaldien plaza

Aste Nagusiaren hasiera ekitaldian, kanoikadarekin batera omenaldi bat egiten dute; urtero,Donostiako pertsona, elkarte nahiz ekinbide nabarmen batek abesten du Artillero artillari nagusi eta ohorezko batailoiarekin batera. Musikariak, politikariak, kirolariak, dantzariak... donostiar ugari bildu ditu udaletxeko balkoiak egindako lanaren aitortza gisa. Onintza Mokoroari joan den urtekoak ilusio berezia egin zion: «Errealeko futboleko eta errugbiko jokalari emakumezkoak omendu zituzten iaz, eta ni futbolaria eta errugbi jokalaria izan naiz, eta badakit emakumeek kirolean asko borrokatu behar izan dutela; joan den urtean kanoikadak emakume izena izatea oso garrantzitsua izan zen». Sonakay musika taldea, Kresala kultur elkartea, Easo abesbatza edo Alli Abajo telesaileko aktoreak izan dira beste urte batzuetan omendutako zenbait.

Aurten ez dute horrelakorik bizitzeko aukerarik izango, baina pozarren gogoratzen dituzte aurreko urteetako esperientziak Mokoroa aitak eta alabak. Kanoia jaurtitzearen unea «zirraragarria» da haientzat: «Kanoikada da momentu bat oso izugarria,baina hor daude gauza gehiago: festen hasiera da, jende guztia ikusten duzu adi-adi eztandaren zain; kanoikadarekin hasten da dena eta sortzen den komunikazioa oso polita da», azaldu du Luis Mokoroak. Bestalde, alabak aitortu du ezberdin bizi duela aita ikustea edo bera metxa pizten egotea: «Aita 25 urtez ikusi dutkanoikada botatzen, eta ni oso harro nago berak botatzeaz, baina, beste alde batetik kanoia arma bat da eta beldurra ere sentitzen nuen. Baina, ni igo nintzenean nire ametsa bete nuen eta jada ez nuen arriskua ikusten».

Ezohiko Aste Nagusia da aurtengoa mokoroatarrentzat,zeta jaia berriz ere pizteko gogoz igaroko dute 2021eko udaheldu bitarteko denbora. Donostiarrek urtebete gehiago egon beharko dute festen hasieraren esperoan. Oraingoz, etenda dago eztanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.