Festarako melodiak Arabatik

Fanfarre Eguna ospatu dute Gasteizen, Arabako jaien barruan. San Prudentzio egunaren eta Estibalizko Andre Mariarenaren atarian, Ametza elkartea omendu du Arabako Foru Aldundiak, danborradaren bultzatzaile izateagatik.

Kilkir txaranga, gaurko Fanfarre Egunean pieza bat jotzen, Arabako festen barruan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kilkir txaranga, gaurko Fanfarre Egunean pieza bat jotzen, Arabako festen barruan. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Kerman Garralda
Gasteiz
2025eko apirilaren 26a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Ez dago festarik musikarik gabe, eta jai giroarekin loturarik estuenetakoa duten musika motetako bat txarangena da, inondik ere. Bada, sei fanfarrek (Aramangelu, Bihotzatarrak, Ezberdinak, Izen Barekuak, Kilkir eta Kirrinka) Gasteizko kaleak hartu dituzte Arabako jaien barruan, San Prudentzio egunaren eta Estibalizko Andre Mariarenaren atarian. Erdigunean zehar ibili dira goizean, eta eguerdirako Probintzia plazara jo dute, denek elkarrekin danborradako lau pieza jotzeko: San Prudentzioren erretreta, Arabako martxa, Gasteizko danborrada eta Deportivo Alaves.

Jende ugari zegoen ordurako plazan, eta bakarren batek jarraitu egin die musikariei, txaloka eta saltoka. Euskal dantza saioa, Arabako ardoak dastatzeko eta txistor mokaduak jateko aukera, eta kuadrilletako produktuen azoka izan dira. Saltzaileek kontatu dute plaza «ona» dela, datozen festa egunetan otordu asko egiten baitira, eta, beraz, bezeroek gutiziak eta bertako produktuak nahi izaten dituzte. Gainera, bozgorailuetatik behin baino gehiagotan egin dute tokiko produktuak kontsumitzeko deia. Gil-Saez familia ere musikak eta jan usainak erakarri du festara, kontatu dutenez: «Egun bereziak dira arabarrontzat. Festa apur bat egingo dugu».

Gasteizko hamar elkarte gastronomiko jo eta su aritu dira, ea nork prestatu platerik gozoena. Perretxiko nahaskia oinarri duen plater bat eta untxiarekin egindako beste bat aurkeztu behar izan dituzte parte hartzaileek. Bada, bi kategorietan Kukubarri elkarteko Joseba Carrerasek eta Jesus Fernandez Txutxi-k osatutako bikoteak irabazi du. Sari nagusia ere haientzat izan da, hortaz. Are, zilarrezko garaikurraren jabe ere egin dira, hirugarren aldiz jarraian irabazi baitute lehiaketako sari nagusia. «Mimo handiz prestatzea da gakoa. Eta bukaeran, ukitu bereizgarri bat eman behar zaio», argitu du Carrerasek. Arabako ardoen dastatze txapelketa Gure Zadorra elkarteak irabazi du.

Danborradak 50 urte

San Prudentzio egunaren bezperan egiten den danborradak 50 urte beteko ditu aurten. Ametza elkartearen ideia izan zen danborrada egiten hastea, eta, horren harira, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak oroigarri bat eman die Isidro Urzelai eta Leticia Becedeiro Ametzako kideei, esker onez. «San Prudentzio eguna luzatu egin nahi genuen, eta, Donostiako danborradan oinarrituta, pentsatu genuen guk ere egin genezakeela danborrada. Zergatik ez?», oroitu dute.

1975. urteko danborradan hamazazpi elkartek parte hartu zuten. «Trajerik ere ez genuen, eta danborrak beste herri batzuetako konpainiek utzi zizkiguten». Gaur egun, hogei elkarte irteten dira kalera, hirurehun lagun baino gehiago denetara.

Biharko danborrada berezia izango da, bi bider aterako baitira kalera. Aurrena, Otxanda Anderearen dorretik Plaza Berrirainoko bidea egingo dute; iluntzean, Plaza Berritik Florida parkera joango dira, ohiko ibilbide eginda. Tronpeta joleei emango diete lekukoa segidan, Probintzia Jauregitik San Prudentzioren erretreta jo dezaten eta Arabako egun handia has dadin. Justu, aurten ehun urte beteko dira erretreta lehen aldiz aldundiaren egoitzatik jo zutenetik.

Gonzalez ahaldun nagusia, Urzelai eta Becedeirorekin. Bera izan zen danborradan parte hartu zuen lehen emakumea. JAIZKI FONTANDA / BERRIA
Gonzalez ahaldun nagusia, Urzelai eta Becedeiro Ametza elkarteko kideekin. Becedeiro izan zen danborradan parte hartu zuen lehen emakumea. JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Etzi izango da San Prudentzio eguna. Ohiko legez, arabarrak Armentiako zelaietara joango dira, erromerian. Foru Aldundiak, bestalde, Arabako Domina emango dio Luis Lezama Barañano apaiz eta enpresariari. Festan jarraitu nahi duenak, horretarako aukera izango du maiatzaren lehenera arte. Estibalizko Andre Mariaren egunean, Estibalizko santutegian piztuko da festa.

Gaurko ekitaldietan gaztelania izan da nagusi. Esatariek euskarazko esaldi solteak baino ez dituzte erabili.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.