Jaiak. Arrotxapea

Festak, liburu bati esker

Patxi Abasolok auzoari buruz egindako liburuari esker lortu dute Arrotxapeko jaiak aurrera ateratzea

Jaigunean botako dute txupinazoa bihar, 20:00etan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2013ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Txupinazo berezia izanen da aurtengoa. Diru faltarengatik kolokan egon dira jaiak, eta aurrera eramatea lortu dutela ospatuko dute. Egoera ekonomiko larrian dago Arrotxapeko jai batzordea, eta duela gutxira arte ez zuen jaietako aurrekontuari aurre egiteko gaitasunik. Liburu batek salbatu ditu festak. Patxi Abasolo historialariak eta auzoko bizilagunak Arrotxapeari buruzko liburua argitaratu berri du —Arrotxapea, historia, memoria eta konpromisoa—, eta liburuarekin erdietsitako dirua auzoko jai batzordera bideratu du.

Ia 3.000 euro lortu dituzte, egitaraua prestatzeko diru nahikoa. Horregatik, besteak beste, Abasolok botako du suziria. Joan den urteko abenduan kaleratu zuen liburua historialariak eta bi edizio egin dituzte. «Pozik gaude, liburuak arrakasta handia izan duelako, eta horri esker lortu dugulako jaiak aurrera ateratzea; libururik gabe, jairik gabe gelditu beharko ginen», azaldu du Garazi Lopez jai batzordeko kideak.

Krisiak gogor jo du jai batzordean eta ezin zuten jaietako antolakuntza bermatu, batik bat, Iruñeko Udalak eskatzen duen 1.000 euroko fidantza ezin zutelako ordaindu. Liburua idaztea otu zitzaion Abasolori, eta lortu dute behar zuten diru guztia. «Behar genuen baino gehiago atera dugu, eta horregatik, auzoko aldizkariak —Ezkaba— ere jaso du dirua».

Hortaz, jaiei hasiera emanen diete Abasolok eta Gurutz Zilbetik —liburuaren maketatzailea eta diseinatzaileak—. Baina ez dira bakarrik izanen, haiekin egonen dira liburuko beste protagonista batzuk: Juan Pedro Herranz Arrotxapeko bizilagun ezagunaren familia, eta Intsumisoen Elkarteko Manoli Loigorri. Abasoloren liburu gehien saldu duen dendariak ere izanen du txupinazoa botatzeko aukera. «Auzoko ordezkapen zabal batek botako du aurten suziria. Hitz batean, auzoaren alde egin dutenek».

Urteak dira jai batzordeak Iruñeko Udalarekin harremanak eten zituela, dirua laguntzen truke baldintzak jartzen zituelako beti. Hortaz, haien kabuz prestatzea erabaki zuten, eta urtez urte aurrera atera dira, 2000. urtean salbu. Urte horretan, Iruñeko Udalaren baldintzak ez betetzeagatik jairik gabe gelditu ziren. Aurten, ataka larrian egon arren, lortu dute aurrera ateratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.