Atzo hasi zituzten Lekeitioko sanantolin jaiak (Bizkaia), txupina botatzearekin, eta lehenengo egunaren biharamunarekin batera helduko zaio lekeitiar bati baino gehiagori bigarrena. Gaurkoan San Antolin eguna ospatuko dute herrian, eta, horretarako, alkandora zuriz janzteko deia egin dute festaren antolatzaileek. Akordeoi joleek kalejira batekin esnatuko dituzte herritarrak, baita oraindik parrandan dauden gautxoriei igandea heldu dela abisatu ere.
Goizean, urtero legez, Lekeitioko alkatea eta zinegotziak udaletxetik elizaraino joango dira, Lekitto musika bandak lagunduta. Egun osoan, lekeitiarrek hainbat ekintzatan parte hartzeko aukera izango dute: tiragoma txapelketa, txapel jaurtiketa eta esku-pilota partidak, besteak beste. Afaldu aurretik, 20:00etan, bertsozaleek udaletxe aurrea hartuko dute, eta hiru ordu geroago, su festekin gauaz gozatzeko aukera izango dute portuan biltzen diren lagunek. Horren ostean, azken suziriaren leherketarekin batera, Egan taldeak musikaz jantziko du herriko plaza.
Lekeitioko txosnek Amnistia-Euskal Herria eguna ospatuko dute gaur. Horretarako, hainbat ekimen antolatu dituzte. Eguerdiko hamabietan, txupina botako dute, parkeko gunea zabalik dagoela ezagutarazteko. Bertan hainbat tailer egongo dira, hala nola adarra eta txalaparta jotzekoak. Arratsaldeko seietan, berriz, umeentzako ipuinak irakurriko dituzte, eta ordubete geroago, euskal dantzen ikastaroa egingo dute. Gaua iristean, su festen ostean, euskal preso eta iheslarien aldeko ekitaldi bat egingo dute parkean bertan.
Gastronomia eta dantza
Bihar, astelehenarekin, Kamiseta Eguna egingo dute lekeitiarrek, eta goizean goiz gastronomia lehiaketak izango dira. Goizeko hamarretatik aurrera, parte hartzaileak plazara bilduko dira, paella eta bakailao plater gozoenak ea nork prestatzen dituen erabakitzeko.
Txosnetakoek, berriz, ekitaldiz beteriko gazte eguna antolatu dute biharko. Eguerditik hasita, dantzan arituko dira bertaratzen diren neska-mutilak. Izan ere, senegaldarren musika eta dantzak zein hip-hop eta funkya ikasteko tailerrak egingo dituzte egun osoan. Gerrikoa mugitu ostean, tripak asetzeko eta indarberritzeko bazkaria egingo dute 15:00etan. Ondoren, aurreko dantza tailerretan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango dute parkean antolatuko duten diskotekan. Gaua iristearekin batera, musika emanaldien ordua helduko da. Hala, Kraussk, Nessun Dorma, Siroka eta Joxpa musika taldeek portuko agertokia girotuko dute.
Antzar Eguna, ate-joka
Festak aurrera egin ahala, Lekeitioko jaiei ospe handiena ematen dien eguna hurbilduz doa. Asteartean Antzar Eguneko proban parte hartzeko izena emateko epea zabalduko dute, 10:00etatik 14:00etara. Hala, parte hartzaileen zerrenda bete ostean, asteazkenera arte itxarotea baino ez da faltako. Antzar Egunean Euskal Herri osotik etorritako neska-mutilak bilduko dira Lekeitioko portura. Hala, jasoaldi gehien nork egiten dituen ikusteko aukera izango dute.
Jaia ez da antzaren proban soilik oinarrituko, egun osoan musika eta jaia presente egongo baitira herriko toki guztietan.
Festak eztanda egin du Lekeition
Txupina jaurti, eta hasi dira Lekeitioko sanantolinak; asteazkenean dute Antzar Eguna, jaietako egunik ezagunenaSan Antolin eguna da gaur; alkandora zuria janzteko deia egin diete herritarrei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu