ATZEKOZ AURRERA. Gladys Lopez eta Maritxu Insausti. Margolariak

«Festak egokiak izaten dira artea eta kultura bultzatzeko»

Arteak Kontxako badia hartu du Donostiako Aste Nagusian, 'Arte Nagusia, emakumeak artea sortzen' txokoan. Kultura Alternatiboa plataformako zazpi kide dira, eta haietako bi dira Lopez eta Insausti.

Maialen Unanue
Donostia
2019ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Arteak bere tarte propioa du Donostiako Aste Nagusian: Kontxako badian bertan jarri dute Arte nagusia, emakumeak artea sortzen txokoa. Zazpi emakume eta arte plastikoetako zazpi diziplina: KA Kultura Alternatiboa plataformakoak edo haren bueltakoak dira. Gladys Lopez (Santiago, Txile, 1976) eta Maritxu Insausti (Donostia, 1968) margolariak dira haietako bi.

Zer aurkituko du Kontxako badiara hurbiltzen denak?

GLADYS LOPEZ: Hasteko, zazpi erakusketa desberdin topatuko ditu: nork bere gaiak eta teknikak ditu. Nik neuk, adibidez, behatzekin margotzen dut; beste batek mandalak egiten ditu; beste batek material birziklatuarekin lan egiten du... Denetik. Lanak erakustearekin batera, han bertan margotzea eta tailerrak egunero egitea da asmoa.

Ez da ohikoa halako erakusketak kalean ikustea: zer alde on ditu?

G. L.: Batetik, artelanen eta artisten berri ematen laguntzen du. Kaleak eskulangilez beteta daude: edozein motatako azokak egiten direnean, beti egoten dira. Aldiz, ez dago margolaririk, eta espazioak behar ditugu. Bestetik, gure eta jendearen artean hitz egitea ahalbidetzen digu honek, jakin dezaten euren hirian zeregin horretan gabiltzanak izan bagarela.

Nola bizi ohi duzue Aste Nagusia?

MARITXU INSAUSTI: Nik, egia esan, ez dut oso gustuko: donostiar atipikoa naiz, alde horretatik. Nahiago dut edozein egunetan atera, festetan baino. Hala ere, Aste Nagusia eta artea uztartzeak erakarri egiten nau.

G. L.: Nik asko gozatzen dut Aste Nagusian eta gainerako jaiegunetan. Egia da aldiro aritzen naizela pentsatzen ea zer egin daitekeen arteak presentzia gehiago izan dezan halakoetan. Festak egokiak izaten dira artea eta kultura bultzatzeko; kultur ekitaldiz josiak egoten dira.

Arteak presentzia handiagoa izan beharko luke, oro har, kalean?

M. I.: Baietz uste dut. Beste mota bateko elkarrizketak eragiten dituelako, eta uste dut aberasgarria dela. Kultura bizitza da. Erakusketan, aniztasun kultural handia dago, gaur egun den bezala. Denok batzen gaituen hizkuntza da artea.

G. L.: Artean ez da existitzen mugarik, arrazarik, adinik... Mahai edo talde baten bueltan elkartzen gaitu arteak: beti da aberasgarria.

Artistei aukerak ematen dizkien hiri bat da Donostia?

G. L.: Nik uste dut, pixkanaka, baietz: erakusketa hau da horren erakusgarri. Oraindik asko dago egiteko, eta hemendik aurrera ere halako gehiago egitea beharrezkoa izango da baiezko borobil bat emateko. Jo dugun eta ireki egin den atetxo bat da hau, baina ate gehiago joko ditugu, segida bat izan dezan. Hiri handietan egoten dira margolariei eskainitako txoko iraunkorrak: Madrilen, Bartzelonan, Parisen, Buenos Airesen... Hori bera nahi genuke, donostiar erara.

KA sare moduko bat izango da zuentzat, ezta?

M. I.: Hala da, eta artistek beraiek bultzatua da, gainera. Nik hasieran Dabadaban egin zen topaketa batean parte hartu nuen, eta inpresio hori eman zidan. Oso ondo dago: gaur arte jarraitu dute, eta handitzen ari da taldea.

G. L.: Topaketetan, esaterako, ideia berriak botatzen ditugu, eta bakoitzak erabaki dezake bakarrik edo taldean garatu nahi duen ideia hori.

Gainerakoan, bestela, bakartia da artistaren bizitza?

G. L.: Batzuetan, bai. Bizimodua atera beharra dago. Nik asko bidaiatu izan dut, bakarrik askotan, baina erlatiboa da hori, maiz beste artista batek emandako erreferentziei esker joaten bainaiz. Herrialde berri batera iristen zaren bakoitzean, hutsetik hasi behar duzu, baina hemen ez gara bakarrik sentitzen: elkartuta indartsuago gara.

M. I.: Nik, orain, erakusketa bat daukat beste bi artistarekin batera Ekain galerian: Ritak [Unzurrunzaga], jabeak, elkartu gaitu. Eta polita da, sinergiak sor baitaitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.