Festak beste doinu batean

Iruñeko Udalak omenaldia egin nahi izan dio Euskal Herriko musika eszenari, bertako talderik ezagunenen kontzertuak Gazteluko plazako agertoki erraldoian programatuta.

Izaro Andres Iruñeko Gazteluko plazan, uztailaren 6ko kontzertuan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Izaro Andres Iruñeko Gazteluko plazan, uztailaren 6ko kontzertuan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko uztailaren 10a
05:00
Entzun

«Kontzertu hauek ez dira erakargarriak ikusle gehien-gehienentzat, proposamen gehienak euskaraz direlako eta horietako batzuek, gainera, karga politiko erradikala dutelako». PPren Iruñeko udal taldearen ohar batetik ateratako esaldia da. Badira gehiago: «Sanferminetako musika programazioa erabat sektarioa da», «Gazteluko plaza gaztetxe bihurtu dute»... Eta PPrenak soilik ez: Iruñeko Udalak aurtengo sanferminetako kontzertuen egitaraua iragarri zuenean, UPNren hautetsiak ere bortizki mintzatu ziren. Cristina Ibarrola UPNko zinegotzi eta sei hilabetez Iruñeko alkate izandakoak Espainiako irrati kate batean esan zuen udal gobernu berriak eginiko musika eskaintza «iazkoa baino dezente kaskarragoa» dela, «anbiziorik gabea», eta Joseba Asiron alkateak «bere obsesioak» azaleratu dituela, Herri Sanferminak kolektiboari baimena emanda txosnak O-ko Andre Maria plazan paratzeko: «Alde Zaharra Bilduren aldekoekin bete nahi dute».

Eta ezin uka daiteke Alde Zaharra bete, bete dutela. Sanferminetako lehen lau egunetan, mukuru egon da Gazteluko plaza, asteburuko kontzertu nagusiekin: Izaro Andres, Dinamita, Chill Mafia, Zetak eta Gorka Urbizu igo dira taula gainera, eta emanaldi gogoangarriak egin dituzte festaren bihotzean. Estreinakoz, Euskal Herriko eta, batez ere, Nafarroako artistekin osatu du udalak sanferminetako musika eskaintza, eta, eskuin politikoaren eta mediatikoaren iragarpen beltzen gainetik, jendeak besoak zabalik hartu du proposamena. «Plazak beteta eduki ditugu festaren lehen egunetan: Konpainia plazako eta Foruen plazako agertokietara jendetza bildu da, baina Gazteluko plazako kontzertuak izan dira arrakastatsuenak, jende gazte pila bat erakarri baitute», azaldu du Maider Belokik, Iruñeko Udaleko Kultura, Festa, Hezkuntza eta Kirol zinegotziak.

«Omenaldia egin nahi izan diogu bertako musika eszenari. Etxeko musikaren alde egiteak badu beste indar bat eta beste esanahi bat: zerbait kontatzen du».

MAIDER BELOKIIruñeko Udaleko Kultura zinegotzia

Haren esanetan, UPNren udal taldeak sanferminetako programazioan utzitako «hutsunea» baliatu du udal gobernu berriak, «bestelako apustu bat» egiteko eta musika programazioari «beste norabide bat» emateko. Izan ere, Cristina Ibarrolaren aurkako zentsura mozioaren ostean, agintari berriei esan zieten 2024ko sanferminetako programazioa «egin gabe» zegoela oraindik. Hutsetik abiatu beharko zutela, alegia: «Kultura alorrera 2023ko abenduaren 29an iritsi ginen, eta ez zegoen deus ere. Hori zen gure errealitatea duela sei hilabete. Eta Kultura alorrarentzat sanferminak erronka handienetako bat direla aintzat hartuta, berehala hasi ginen aukera guztiak aztertzen».

Uztailaren 6tik 14ra jotzeko libre zeuden artisten zerrenda osatu zuten lehenbizi, eta hori aztertzean, konturatu ziren euskal talde ugari azaltzen zirela: «Aukera genuen kanpoko artista eta talde ezagunak kontratatzeko, beste urte batzuetan egin izan denaren ildotik, baina etxeko musikaren alde egiteak badu beste indar bat eta beste esanahi bat: zerbait kontatzen du». Belokik uste du Nafarroako musika eszena «oso indartsua» dela gaur egun, eta horrek «omenaldi bat» merezi zuela: «Gure festetako agertokirik handiena eskaini diegu».

Kritikak, «ezjakintasunez»

Eskuinak programazioari eginiko kritika gogorrei buruz, Kultura zinegotziak esan du «ezjakintasunez» eginiko adierazpenak direla: «Ez dute ulertu zer-nolako eragina eta oihartzuna duten Nafarroako taldeek, hemen eta kanpoan. Bertako taldeek sekulako potentzialtasuna dute, bira oso arrakastatsuak egiten dituzte, nazioarteko jaialdirik entzutetsuenetan parte hartzen dute, eta aretoak betetzen dituzte». Horregatik uste du Belokik eskuinaren jokabidea «sektarioa» dela auzi honetan: «Kritika politikoa egin nahi izan dute, eta musika taldeak nahasi dituzte beren estrategian. Eskuinak jomugan jarri ditu Nafarroako musika talde ezagunenak, Iruñeko Udalari egurra eman ahal izateko».

74.000

Sanferminetako kontzertuetara joan direnak. Iruñeko Udalak emaniko datuen arabera, sanferminetako lehen hiru egunetan 74.000 pertsona bildu ziren Gazteluko plazako, Konpainia plazako eta Foruen plazako kontzertuak ikustera. Gazteluko plazakoek 12.000 ikusle inguru izan dituzte gauero; Foruen plazakoek, 10.000; eta Konpainia plazakoek, berriz, 6.000 inguru.

Hain zuzen, UPNk eta PPk esandakoaren kontra, zinegotziak uste du aurtengo sanferminetako egitaraua beste urte batzuetan baino pluralagoa dela, «askotariko musika estiloak eta proposamenak» uztartu baitituzte. Hala, Gazteluko plazan programatu dituzte euskal talderik ezagunenen emanaldiak; Konpainia plazan, berriz, munduko musika eta jazz doinuak; eta Foruen plazan, azkenik, DJak, musika elektronikoa eta urbanoa, Sound Fermin programaren barruan. Iruñeko Udalak emaniko datuen arabera, 74.000 ikusle bildu dira egitarau ofizialeko kontzertuetan, sanferminen lehen hiru egunetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.