Ferixa Nausikoen lehen asteburua bukatzear dela, jaietan murgiltzeko gogoak bere horretan dirau Elorrion (Bizkaia). Egunak joan eta egunak etorri, herritarren alaitasunak giro paregabea sortzen jarraitzen du. Izan ere, beste zortzi egunez izango dira festak, eta oraindik indarrik gabe gelditzeko asko falta zaie elorriarrei. Atzo arratsaldean txupinazoan parte hartu zuten, eta gaurko egitarau oparoak goizetik gauera kalez kale ibiltzeko aukera emango die.
Bart parranda egin ez zutenentzat, goiz jaikitzea eta abere eta nekazaritza azokako saltokietatik buelta bat ematea izan daiteke jai eguna hasteko modua. Baserrietan ekoitzitako produktu osasuntsuak izango dira sal-gai 10:00etatik aurrera ferian. Horrez gain, musikaz gozatze- ko abagunea ere izango dute elorriarrek zein bisitariek bazka- lorduaren aurretik: Elorrioko txistulariek antolatuta, kale- jiraren doinuek herriko erdi-gunea girotuko dute goizean,eta, bidez batez, atzo gautxori izandako lagunak umoretsu es-na daitezen lagungarri izango dira.
Arratsaldera arte ez da beste ekitaldirik izango. Modu horretan, batzuek bazkalostea lasai luzatu ahal izango dute, eta besteek siesta egiteko aprobetxatuko dute ekintza guztiak ikusteko aukera galdu gabe. Hala ere, 18:00etatik aurrera elorriarrek jaietako martxa berreskuratuko dute, denbora tarte luze batez atseden hartu ondoren. Ordu horretan, Hilario Azkarate kiroldegiko pilotalekuan dozenaka lagun biltzea espero da, Berrio-Otxoa pilota eskolak afizionatuen pilota partidak antolatu baititu.
Airean jiraka
Ikuskizun berritzaileagoak nahiago dituztenek 19:00etan plazara joan besterik ez dute egin beharko aho bete hortz gelditzeko. Izan ere, Txinako Chongqing hiriko akrobazia konpainiako kideek ezinezkoa posible bihurtuko dute salto eta bira txundigarrien bitartez. 20:00etan, Los Txikis musika talde ospetsuak habanera eta bilbainaden emanaldia egingo du Aldatslekuan.
Afalostean, berriz, zezensuzkoak hartuko du plaza. Atzo ez bezala, ekitaldi klasiko horren zaleek ez dute gauerdira arte itxaron behar izango, gaur 22:30ean ikusiko baitituzte kartoizko zezenen adarretatik irtengo diren txinpartak. Eguna amaitzeko, Orquesta Espectaculo Jamaica musika taldeak kontzertua emango du 23:30ean plazan. Dantza egin nahi dutenek logura uxatzeko aitzakia hoberik ez dute aurkituko.
Jaiak. Elorrio
Festak beste zortzi egunez
Txupinazoarekin abiatu dira Elorrioko jaiak; abere eta nekazaritza azoka eta pilota partidak dituzte gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu