Sei egun falta dira jaia hasteko, baina, eguraldi beroarekin nahikoa ez balitz bezala, atzo festarako giroa berotzen hasi ziren iruindarrak. Peñen Eguna ospatu zuten, eta herritarrei erakutsi zizkieten bederatzi egunez hiriko kaleetan gora eta behera ibiliko dituzten oihalak. Goizean kalejiran irten ziren hamasei peñetako kideak, eta gero bazkaria eta dantzaldia izan zuten. Hirian, halere, ez zen dena festa: batzuk lanean ari ziren heldu den larunbatean dena prest egon dadin sanferminetarako; beste asko, berriz, erosketak egiten, zapi gorriz betetako dendetan.
Goizeko hamaiketan irten ziren peñetako kideak kalera, Jurramendi txarangak eta gaiteroek lagunduta. Dagoeneko hirian diren bisitari asko zeuden kalean, motxila bizkarrean, festan zirenei argazkiak egiten, eta ez ziren falta udaletxeko eraikinaren aurrean selfie-ak egiten zituztenak. Duguna dantza taldeko haurrak ere ibili ziren kalejiran, eta Cortesko dantzak dantzatu zituzten geldialdietan. Kazetaria gerturatzean, pozarren joan zitzaizkion neska-mutilak: «Ia urtebete eman dugu dantza hauek entseatzen», kontatu zuten; «Guretzat, oso egun polita da hau».
Larunbatetik aurrera, peñetako kideek eurenak egingo dituzte Iruñeko kaleak, gau eta egun; baina atzo jada festarako gogoekin ziren asko. «Guretzako, gaurkoa sanferminetako lehen eguna bezalakoa da», esan zuen Jose Retegi Txarko peñako kideak; «gero, ja, azken prestaketak egin, eta hasiko da jaia». Eguraldiak laguntzen zuen, eta batzuek argi zuten nola amaituko zuten eguna: «Gauean festa badago, hemen egongo gara», ziurtatu zuen San Fermin peñako Mikel Mugetak.
Alde Zaharra zeharkatu ostean, Orreaga etorbidean utzi zituzten oihal guztiak zutik; uztailaren 6tik aurrera egunero bisitatuko duten zezen plazaren parean. Han, pasilloa egin zuten pankartekin, herritarrek ongi ikus zitzaten. Ondoan, zezen plazaren kanpoaldean, eskulangileen azoka jarri zuten; han ere apaingarri zuri eta gorriak ziren salgai nagusiak. Plazaren barruan, Grand Prix lehiaketa egin zuten, eta, tarteka, gazteak kanpora ateratzen ziren, izerditan blai, edari bila.
Aurten ere aktualitateak markatu ditu peñen oihaletako marrazkiak. Aldaketaren amaiera, Espainiako eskuin muturreko alderdien gorakada, Maravillas gaztetxeko auzia, Pamplonesa bandaren mendeurrena eta Osasuna futbol taldeko emakumeen eta gizonen sasoi bikaina dira gai nagusiak. Urtero errepikatzen diren aldarriak ere badira, halaber: euskararen aldekoa eta eraso sexisten kontrakoa, besteak beste.
Fermin Valencia, saritua
Oihaletako marrazkiak erabakitzeko modu bat baino gehiago dute peñek. Unica peñako Irune Buenok azaldu zuenez, haien kasuan, marrazkilari berberak egiten du irudia urtero, eta hark erabakitzen du zer irudikatu: «Zirriborroa egiten du, eta peñara ekartzen du, baina besteok beti gaude ados, berak badakielako zer motatako oihala egin». Beste batzuek bozketa bidez egiten dute, deialdi ireki batekin. Hori da Alegria peñak aurten hartu duen bidea. Ainara Santiagok irabazi du peña horretako deialdia, eta berak ere politikara jo du: Enrique Maia marraztu du, Game of Thrones telesaileko tronuan eserita. Politikaz gain, Alegria peñan apirilean izandako sutea ere irudikatu du. «Normalean, zerrenda bat egiten dut urteko gertaerekin, eta hainbat marrazki egin ondoren, bat aurkezten dut», azaldu du Santiagok. Hirugarren aldia du oihal bat margotzen, baina, esan duenez, ez da ohikoa emakumeek beren burua lan horretarako aurkeztea. Berak «naturalki» egin zuen urratsa, baina ikusten du marrazkilarien artean orekarik ez dagoela. «Beste esparru batzuetan bezala, hemen ere gizonak dira nagusi», salatu zuen. «Nik emakumeak animatuko nituzke beren lanak aurkeztera».
Peñetako haurrek ere atera zituzten euren pankarta txikiak kalera. Batzuk oihala astintzen aritu ziren, eta beste batzuek lurrean jolasteko erabili zuten. Peñen Federazioak uztailaren 11n ospatuko du Txikiaren Eguna, eta atzo jakinarazi zuen nork irabazi duen egun horretako kartelaren lehiaketa: Eneko Calvo Alegria peñako mutikoak. Marrazkian islatu du jaietan «gustukoen» duen uneetako bat: peñak zezen plazako kailejoitik ateratzen direnekoa. Gaztetxoa pozik zegoen sariarekin, eta esan zuen festa hasteko «irrikan» dagoela: «Asko gustatzen zaizkit sanferminak».
Gero, Txupin Etxepare saria banatu zuten. Peñen Federazioak eta Memoriaren Autobusak banatzen dute sari hori 2015etik. 1931n festei hasiera emateko suziria botatzearen ohitura abiatu zuen Juanito Txupin Etxeparek. 36ko gerran fusilatu zuten, eta haren omenez banatzen dute saria urtero. Aurten, Fermin Valencia musikariari eman diote, «haren abestiak memoriaren kantuak direlako». Valenciak German Rodriguezi idatzitako Hilarria kantua abestuz eskertu zuen aitortza.
ATZEKOZ AURRERA
Festa usaina dario Iruñeari
Sanferminetarako astebeteren faltan, Peñen Eguna ospatu dute Iruñean. Hamasei peñek oihalak atera dituzte kalera, jai giroan. Fermin Valenciak jaso du Txupin Etxepare saria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu