Sanferminen zurrunbiloan bete-betean murgildurik dabil dagoeneko Zaloa Basabe (Bilbo, 1978). Estreinako bestak ditu aurtengoak Iruñeko Udaleko Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko eta Auzoetako zinegotzi gisa; lanez lepo badabil ere, jaiaz eta gertukoez disfrutatzeko betarik izatea espero du. Halaber, festen hasieran izandako eraso sexistak irmoki salatu ditu, eta emakumeek jaietan parte hartzeko eta disfrutatzeko duten eskubidea aldarrikatu du, besteak beste.
Hainbat eraso sexista salatu dituzte festetan. Zer-nolako balorazioa egiten duzue udalean?
Emakumeen aurkako erasoak gure askatasunaren kontrako adierazpenak dira. Jaietan ere emakumeon parte hartzea aldarrikatzen jarraituko dugu, baita edozein eraso irmoki salatzen ere.
Beste urte batez, Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske estrategia komunikatiboak ardaztuko du Iruñeko Udalak indarkeria sexista ororen aurka egiten duen lana. Zertan datza estrategia hori?
Hiru dira helburuak. Lehena, eraso sexisten aurkako mezu tinkoa eta erantzun irmoa ematea; bigarrena, eraso sexisten biktimen arreta eta babesa erdigunean jartzea, eta hirugarrena, emakumeok jaietan parte hartu eta disfrutatzeko eskubidea aldarrikatzea. Halaber, sentsibilizazio kanpaina bat ere martxan jarri dugu: hiriko hainbat tokitan sexu erasoen aurkako esku gorri ikonikoak jarriko ditugu, eta gida bat eta bestelako hainbat material ere jarri ditugu eskuragarri hiriko hamaika txokotan. Garrantzitsua da eraso sexisten aurka Iruñeak duen jarrera kalean nabaritzea.
Aurten ere eraso sexisten aurka sentsibilizatzeko informazio gunea egonen da Gazteluko plazan.
Bai. Adituak egonen dira bertan, euskaraz, gazteleraz, frantsesez eta ingelesez argibideak ematen. Azpimarratu nahiko nuke ez dela arreta gune bat, informazio gune bat baizik. Dena den, ekintza koordinatuko protokoloa aktibatu daiteke bertan, baina ez da toki bakarra. Protokolo horrek koordinaturik dauden beste hiru protokolo biltzen ditu, mugimendu feministarekin elkarlanean egindakoak: esku-hartze protokoloa, ekintza sozialerako protokoloa eta laguntza protokoloa.
Festa parekideak dira sanferminak?
Jaiarekin harremana duten ekintza ikonikoak beti egon dira maskulinitate hegemonikoari lotuak: entzierroan, txarangetan, peñetan... gizonak dira protagonista. Festetako karteletan ere gizonak izan dira nagusi; kiliki guzti-guztiak ere gizonezkoen irudikapena dira. Tontakeria dirudi, baina haurrek gauza horiek ikusten dituzte... festa oso maskulinizatuak dira sanferminak.
Zer eginkizun dute auzoek festetan?
Jaiak deszentralizatzen saiatzen gara, baina gaur-gaurkoz erdigunea Alde Zaharra da. Dena den, Herri Sanferminen itzulerarekin, auzoetako hainbat eragile buru-belarri dabiltza prestaketetan; ezinbestekoa da haien parte hartzea.
Eta euskarak?
Guretzat garrantzitsua da euskarari bere tokia ematea, eta nabari da hori programazioan; musika talde euskaldunak ekarri ditugu Iruñeko erdigunera, Gazteluko plazara. Badira euskararen alde ari diren bestelako eragile batzuk; hala nola Karrikiri, Zaldikomaldiko, Nafarroa Oinez txokoa... euskararen presentzia geroz eta nabarmenagoa da, baina hiztunen eskuetan dago hori nagusiki.
Noizbait utziko al dio animalien sufrimenduak sanferminetako ikono izateari?
Bakoitzak bere iritzia du, eta ni ez naiz batere aldekoa. Dena den, uste dut ez dagoela soilik instituzio baten esku hori aldatzea; jaietan parte hartzen dugun guztion artean erabaki behar da, guztiona baita ardura.
Lanpeturik zabiltza sanferminetan?
Bai, baina azken urteetan bezalaxe. Aurten, zinegotzia izanik, [uztailaren] 14ra arte ariko naiz lanean, egunero.
Bestarako tarterik izanen duzu?
Ea... eguerdiko poteora eta bazkarietara joaten saiatuko naiz.
Alpargataren dantzara sikiera?
Ez naiz oso folklorikoa... nahiago dut bermutiko moment, asko disfrutatzen dut.
Urrezko galdera: Bilboko Aste Nagusia edo Iruñeko sanferminak?
Bilbokoa naiz, baina... sanferminak [barrez]. Konpartsen bueltan egiten da jaia [Bilboko] Aste Nagusian; sanferminetan, berriz, aukera gehiago daude. Hiriak modu askoz espontaneoago batean hartzen zaitu.
LOTSABAKO
Txurroak edo limoi sorbetea?
Txurroak.Inolaz ere galduko ez duzun zerbait?
Bazkariak lagun eta senideekin.Sanferminetako abesti bat?
Baratze bat [Pier Paul Berzaizena].