Rakel Conde. Festagiroko kidea

«Festa eredu feminista, euskalduna eta autogestionatua sustatzen dugu»

JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
2016ko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Lizarrako gazteen beharrak bete nahiak bultzatu zuen Rakel Conde (Lizarra, Nafarroa, 1990) Festagiroko kide izatera. Lan tresna egokitzat jo zuen herriko hainbat gizarte eragilek eta kolektibok osatzen duten plataforma hori. Ikasketa, elkartasun eta laguntasun prozesutzat ditu bertan igarotako urteak.

Txosnen hogeigarren urteurrena da. Bilakaerarik izan al dute?

Bilakaera polita izan da, belaunaldien artean ez da etenik egon:ikasketa prozesua eskutik eskura igaro da. Lizarrako Flitter musika taldea eta intsumisioaren aldeko mugimenduko kideak izan ziren bultzatzaileak, beste hainbat eragilerekin batera. Egun ere ikusten dugu Lizarran txosnak muntatzeko beharra, eta hainbat gizarte eragilek lan egiten dute txosnak aurrera ateratzeko: gazte batzarrak, Zarata irrati libreak, Pikutara mugimendu antierrepresiboak, Ernaik eta Patriahorcado kolektibo feministak, tartean.

Zein da txosnekin indartu nahi duzuen jai eredua?

Jai eredu feminista, euskaldun, ekologiko eta autogestionatuaren alde egiten dugu. Herriak eginak eta herriarentzat diren jaiak nahi ditugu, parte hartzea sustatzen dutenak.

Ba al dago festetako egitarauan nabarmenduko zenukeen alderdirik?

Orain arte, txosnak gazteentzako gune ziren. Azken urteotan, gurasoen elkartea asko inplikatu da, eta haurrentzako ekintza ugari dago arratsaldeetan. Halaber, sukaldean eskaintza zabala dugu, beganoa barne.

Sexu erasoen aurka gogor egin duzue lan.

Batetik, udalarekin aritu gara elkarlanean: protokolo bat sortu dugu, eta, joan den astean, autodefentsa feministaren inguruko tailerrak oso harrera ona izan zuen. Txosnetan, bestetik, erasoak ikusarazteko eta salatzeko baliabide materialak ditugu, eta arduradunak laguntzeko, erasorik egonez gero. Erantzuna denok eman behar dugu: ez dugu erasorik onartuko, inola ere ez.

Udal berriarekin aldaketa nabaritu duzue antolakuntzan ere?

Udalarekin harreman zuzen eta estuagoa dugu orain. Erraztasunak handitu egin dira, eta ez azpiegitura eta baliabide materialen aldetik soilik: udalean sortu den jai batzordearekin ere jardun dezakegu orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.