PROPOSAMENAK

Festa eguna Artikutzan

Bihar, San Agustin egunean, kutsu tradizionaleko festa antolatu dute Artikutzan. Egun osoko ospakizuna izango da: meza, pilota partidak, trikitia, herri kirolak eta erromeria

2017an, Artikutzan, San Agustin eguna edo Artikutza eguna ospatzen. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Joseba Arratibel Ladron.
2022ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Bi urteko etenaren ondoren, bihar ospatuko dute San Agustin eguna edo Artikutza eguna, Artikutzan (Goizueta, Nafarroa). Urtero lez, kutsu tradizionaleko festa antolatu dute. Artikutza Donostiaren menpekoa da 1919. urtetik. Artikutzako arduradun Iñaki Urangak adierazi du inguruko basoetatik ezberdina dela, «ezohiko basoa eta errekak» dituelako.

Bihar, 08:00etan zabalduko dituzte ateak. Egitaraua, ordea, 11:00etan hasiko dute mezarekin; ondoren, 11:30ean, emakume zein gizonezko binakako pilota partidak jokatuko dituzte; arratsaldean, 15:30etik 17:00etara bitarte, trikitia izango da; 17:00etatik 19:00etara, herri kirolak: aizkolari, iparraldeko joko eta harrijasotzaileekin; eta, eguna amaitzeko, 19:30ean, Muxutruk erromeria. Egun osoan bi txosna jarriko dituzte. Bestalde, azoka ere jarriko dute hainbat euskal jaki eta produkturekin, hala nola pastelak, gaztak, taloak, artisautza produktuak eta halakoak.

Urangak aipatu du azken bi urteak kontuan izan gabe, urtero kutsu tradizionaleko festa antolatu nahi izaten dutela, paisaia ere aproposa baita horretarako. «Jende ugari biltzen dugu, batez ere inguruko herrietatik: Goizueta, Lesaka, Arantza, Oiartzun, Errenteria eta Donostia. Egun ederra izaten da, eta oso giro polita sortzen da».

Oro har, baimena behar izaten da Artikutzara autoz heltzeko, kopurua mugatua izaten delako, eguneko 25 auto bakarrik igaro daitezke. Baimena lortzeko webgunean [www.donostia.eus] tramite bat egin behar dela azaldu du, baina bihar ez da baimenik beharko. «San Agustin egunean ez dago autoentzako mugarik; denontzako dago lekua».

Basoaren berezitasuna

Urte osoan ez da beste ospakizunik antolatzen. Artikutza leku babestu bat da, eta Urangak esan du lehentasuna Artikutzako natur ondarea babestea dela.

Hortaz, Artikutza eguna edo San Agustin eguna salbuespen bat da, jende asko biltzen delako. «Betidanik egin den festa bat denez, mantendu egin dugu. Hori bai, egun osoan egingo diren jarduera guztiak natura zainduz egin behar dira».

Jarduera horiek natura kontuan izanda egiten direnez etafesta egun hau urteko jarduera bakarra denez, Artikutza inguruko basoak baino gutxiago ustiatzen dela esan du: «Horrek ematen dio berezitasuna eta esklusibotasuna basoari eta inguruko errekei».

Aurten 103 urte beteko dira Donostiak Artikutza erosi zuenetik. «103 urte hauetan basoak bere garapen naturala izan du, eta dena ondo kontserbatzen da ordutik. Garbi eta natural».

Artikutzako basoa Euskal Herriko basorik euritsuena da, eta tenperatura aldaketek bete-betean ere eragin dute. «Aurtengo uda ezberdina izaten ari da, eta espero dugu salbuespen bat izatea. Uztailean, historiako hilabeterik lehorrena izan dugu, 11 litro bakarrik bota ditu. Oso larrituta gaude; errekak ia urik gabe egon dira, eta zuhaitz askok udazken kolorea izan dute».

San Agustin eguna

Bihar, Artikutzan (Goizueta,Nafarroa).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.