Txosnaren barra ispilu baten tankerakoa da Itxaso Escudero (Basauri, 1985) eta Fernan Garciarentzat (Bilbo, 1974). Hontzak konpartsako kideak dira biak, eta konpartsaren txosnan hainbat txanda egiten dituzte Aste Nagusian. Baina lagunekin festan ibiltzeko denbora ere ez zaie falta. Hala, Garcia tragoak zerbitzatzen dagoen bitartean, Escudero tragoa eskatzen egon daiteke, edo alderantziz. Bata bestearen isla izango balira bezala.
Lau dira Hontzaken txosnan eguneko dauden txandak. Lehena goizekoa da, garbiketa egin eta hornitzaileei harrera egiteko. Eguerdikoa dator jarraian, arratsaldeko zortzietara arte luzatzen dena. Zortzietatik goizeko ordubietara arte, hirugarren txanda. Eta laugarrena, ordu bietatik itxi arte, goizeko zortziak aldera. Azken txanda hori da latzena, Garciaren ustetan. «Lehengo bi orduak nahiko gogorrak izaten dira, baina gero giroa dezente lasaitzen da».
«Txosna batetik bestera joan, kontzerturen bat ikusi...». Hori da Escuderoren gauerako plana txandaren bat egin behar ez duenean. Baina askotan euren konpartsan pasatzen dute gaua, txosnaren atzeko aldean duten terraza «pribatuan». Pribatua hitza kakotxen artean jarri behar da, beste konpartsetako kideen bisitak etengabekoak baitira. Ustezko pribatutasun horretaz gain, Hontzaken terrazak badu beste abantaila bat Escuderorentzat: «Izugarri ondo ikusten dira su festak».
Harreman estua dago beste txosnekin. Horren adibide garbia dira «inbasioak». Txandarik ez duten konpartsa kideek beste konpartsen txosnak «inbaditzen» dituzte: barra gainean dantzan hasten dira, banderak lapurtzen dizkiete... Baina kontraerasoa ere edozein momentutan irits daiteke. «Beste konpartsekin harremanak egiteko modu bat da», azaldu du Escuderok. Baina txandarik gabeko gaua bat-batean alda daiteke, barran jende falta baldin badago. Escuderoren hitzetan, txandarik gabeko kideak «erreserban» daude beti, «eta laguntza behar izatekotan, bertaratu egiten gara».
Ixtean, Bilbo Zaharrera
Azken finean, Aste Nagusian txosnan txanda bat egitea ez da oso gogorra. Funtsean, taberna batean lan egitea baino «arinagoa» da, Garciaren arabera. Haren ustez, jendeak badaki txanda egiten daudenak ez direla profesionalak. «Oso bitxia da; jende eta alkohol asko dago, baina harremana oso goxoa izan ohi da».
Gainera, txandan egonda ere badago parranda egiteko beta, konpartsa kidearen ustetan. «Ezin zara txosnara erabat mozkortuta sartu, baina ez duzu zertan guztiz mozkortuta egon txandan ondo pasatzeko». Eta, txosna itxita Bilbo Zaharrera joatea plan ona izan daitekeela iradoki du Escuderok. Txanda egin zein egin ez duten kideak elkarrekin joan ohi dira auzo horretara, azken potea hartzera. Eta, oraingoan bai, guztiak barraren kanpoko aldean egoten dira.
Jaia, alderik alde. Txandarekin eta txanda gabe
Festa, barraren bi aldeetan
Milaka ordu eskaintzen dizkiote konpartsetako kideek txosnetan aritzeari, Aste Nagusiaren bederatzi egunetan. Baina, txanda batetik bestera, izaten dute parranda egiteko beta ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu