Waltary Agusti

«Fenomenoa baino gehiago, nago ez ote naizen artista»

Trinketeko izarraren itzaleko bizia liburu batean argira ekarriko dute, hil honetan. Kubatarrak aitzina begira jarraitzen du, kritiken artetik, bere bidea suarekin zulatuz

Xan Aire.
2010eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Angeluko (Lapurdi) gimnasio batean beroketa lanetan ari da Waltary Agusti (Habana, 1980). Ipar Euskal Herrian, ezohiko bizimoldea du: trinketetik bizi den bakarra da. Fenomenoaren itxuraren haritik, bere biografia argitaratuko dute, frantsesez (Atlantica). Kubatik Euskal Herrirako ibilbideari segituz, argazki sorta batekin, beste Waltary bat ezagutzeko parada.

Inportanta zen, zuretzat, biziaren kontuak jendaurrean kontatzea?

Egia errateko, emazteak ideia piztu dit nire baitan. Hala ere, anitz gauza banuen kanporatzeko. Haurtzaroan miserian bizi izan naizela, eta horrelakoak erran nahi nituen. Jendeak nire bizia zein izana den ikustea nahi nuke. Trinketeko kantxa distiratsuetan ikusten nau jendeak, hemen, baina ez nau ezagutzen. Gauza franko deskubrituko dira, ez baitut deus ahantzi.

Zailtasunak izan dituzu Euskal Herrian?

Zailtasun bakarra, bai. Jendeak onartzea izan da zailena, batez ere pilotaren munduan. Hastapenean, kontrario anitz banuen. Gaur egun, gutxiago. Hala ere, gutxiengo bat badut kontra, bistan da, baina hori errespetagarria da.

Zergatik ukan dituzu horrelako kritikak?

Pilota mundua itxia delako. Jendeak uste du atzerritar bat ez dela pilotan aritzen ahal. Oker dela erakutsi dut, Amerikako beste pilotari batzuekin batera partidak eta txapelketak irabazita.

Preseski, hainbeste irabazten ez bazenu, ez zenuke halako kritikarik izanen...

Ez dakit, baina nik ez dut nehorekin zorrik. Entrenatzen naiz, etengabe, egunero. Kirolari profesionala naiz, eta nire eguneroko lanari esker nago goi mailan.

Batzuek diote zerbait gehiago baduzula...

Ez, ez, geldi istorio horiekin. Alderantziz, gauzak hobetzeko baditut oraindik. Partiden bideoak ikusten ditut, eta nire hutsak zein diren badakit.

Eta, zein dira?

Ez dizkizut erranen!

Trinket zaharretan dituzu zailtasunak zuk...

Hala zen garai batez, bai. Abiadura gutxiagoko trinketetan ez nuen behar bezala gozatzen. Baina hori menperatzen ikasi dut. Bistan da Moderne bezalakoak nahiago ditudala, nire jokoari egokienak baitira, abiadura handikoak. Baina kantxa zaharrak ez dira gehiago oztopoak niretzat, batez ere sakatzeko unean.

Ipar Euskal Herrian, trinketetik bizi den bakarra zara. Nola egiten duzu?

Babesleak baditut. Hala ere, beste pilotariek baino arrisku gehiago hartzen dudala erran nezake. Haiek lana dute bazterrean, seguritate hori badaukate. Nik txapelketarik irabazten ez baldin badut... babesleek bizkarra emanen didate, eta akabo !

Hala ere, bide bat zulatzen ari zara, Ipar Euskal Herrian, pilotatik bizi daitekeela erakutsiz...

Bai, hala da. Trinketeko munduan, hori ez da sinesten ahal. Alta, hemengo buruzagiek kaskoan sartzen balute posible dela, beste maila batera pasatzen ahal ginateke, Hegoaldean bezala. Baina arrisku hori ez da hartzen.

Beharbada ez dutelako denek diruaren erokerian sartu nahi?

Badira horrelakoak ere, egia da. Baina pilotatik gure ogibidea lortzeko eskubidea dugu. Edozein kirolari profesional ongi bizi da. Zergatik ez trinketeko pilotariak? Nik hala erakutsi nahi dut, ez baitut beste lanik.

Hori ukaiten dituzun kritiken iturri bat izan daiteke, beraz...

Bai, horretan ez dut dudarik. Jelosia badela ziur nago.

Orduan, zergatik ez Hegoaldera joan? Gainera, Asperekin saioak egin zenituen...

Bai, baina esperientzia ez zitzaidan hala gustatu. Eta ezker paretako jokoa ere, ez hainbeste. Pilota ez baldin bada plazera, niretzat ez du balio.

Edo galtzeko beldurra duzu, beharbada?

Ez. Kuban, karrikan bizi izana naiz. Kantxan ez dut nehoren beldurrik.

Hasteko, ez zinen Euskal Herrian bezain distiratsua izanen...

Beno... Jendeak erraten dit izarra naizela, hemen. Kantxan sartzen naizelarik, ez naiz beste pilotariak bezala. Barneko su guzia kanporatzen dut. Beti lehian naiz. Eta hori ez da hemengo kulturan. Gaizki ikusia da, baina ez da harrokeria!

Ez al zara fenomenoa?

Fenomenoa bainoago, nago ez ote naizen artista. Ez dut erran nahi besteak baino hobea naizela, baina estilo berria sortu dudala, bai.

Baina ez duzu uste batzuek fenomeno irudi horrekin jokatzen dutela, beren probetxurako?

Ez zait iruditzen.

Garaziko lehiaketa batean, zure aurkariei hamar puntuko abantaila utzi nahi zieten partida hasieran...

Bai, egia da. Eta, hastapenean, onartu dut, desafio polita baitzitzaidan. Baina beste pilotariek gaizki hartu dute, eta egia errespetu falta dela. Hala ere, nire irudiarekin ez nuke nahi jolastea. Neure buruaren orekari kasu egiten diot beti, nire familiaren orekarekin batera.

Preseski, nola zabiltza aita lanetan?

Alaba zoragarria dugu, eta zinez arazorik gabe gabiltza. Beste mota bateko zoriontasuna da hori, naturala.

Sorterria erakutsiko diozu, egun batez?

Nire emazteak erakutsi dio, eta nik ere eginen diot. Bere herria da. Nahiz eta nik han sufritu, han bizitzeko eskubide osoa izanen du, eta nik ahal bezainbat lagunduko dut. Hark ekartzen didan zoriontasuna zor diot.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.