Itoiz taldeak arrasto handia utzi du euskal musikan. Hamar urteko ibilbidean, zazpi disko kaleratu zituen, eta ehunka kontzertu eman. Taldearen aurreneko urte horiek bilduko dituen dokumentala prestatzen ari da Larraitz Zuazo (Bilbo, 1980). Doxa ekoiztetxearekin batera, duela lau urte eman zion hasiera proiektuari, eta datorren urte erdialderako prest izatea espero dute.
80ko hamarkadan desagertu zen Itoiz musika taldea. Baina oraindik ere askoren soinu banda da, ezta?
Nirea bai, behintzat. Itoiz nire bizitzako soinu banda gisa definituko nuke. Belaunaldiz belaunaldi sekulako arrastoa utzi du, eta nire kasuan, nahiko bitxia da, taldeak jotzeari utzi zionean nik oraindik ez bainuen haien musika entzun ere egiten; gerora hasi nintzen.
Nondik dator ideia?
Beste talde batzuen lanak ikusi ondoren, konturatu nintzen ez zegoela ezer eginda Itoizen inguruan. Hortaz, lagun bati esker, Juan Karlos Perez abeslaria ezagutzeko aukera izan nuen, eta hor hasi nintzen gaiaren inguruan bueltaka. Gainera, elkar ezagutu genuenetik konexio handia izan dugu elkarren artean, eta horrek asko lagundu du.
Euskal Herrian dauden talde guztien artean, zergatik Itoiz?
Itoizek esanahi berezia du niretzat. Izan ere, talde honekin hasi nintzen musikarekiko kontzientzia hartzen. Nire familian ere asko entzun izan dugu, eta oroitzapen polit asko etortzen zaizkit gogora. Fenomeno sozial bat izan zen, eta oraindik ere bada. Ondorioz, desio pertsonal batetik abiatzen da proiektua, baina urtez urte garatu den xarma berezi bat du taldeak.
Taldearen lehen urteak bilduko dituzue dokumentalean. Urte horiek markatzen dute esentzia?
Hori da, bai. Lehenengo urte horiek dira taldekideentzat berezienak, eta hori guztia nostalgiaz gogoratzen dute. Hau da, haientzat urterik garrantzitsuenak direnak guretzat ezezagunenak dira, eta hori berreskuratu nahi dute.
Nolako esperientzia ari da izaten?
Oso polita, baina, era berean, intentsitate handikoa. Errespetu handia zor diogu talde honi, eta, ondorioz, kontu handiz ari gara lanean. Sakoneko elkarrizketa batzuk eginda daude jada, baina uda ondoren ekingo diogu produkzioari.
Nola ari zarete moldatzen materiala biltzeko orduan?
Aitortuko dizut artxibo falta dela prozesu osoko atalik zailena. Oraindik ere material gutxi daukagu. Hortaz, norbaitek etxean zerbait izango balu, asko eskertuko genuke gurekin harremanetan jarriko balitz: argazkiak, posterrak, sarrerak... Dena da ongi etorria guretzat.
Euskal talde erreferenteetako bat izanik, presiorik sentitzen duzu?
Itzela. Ardura handia da niretzat, eta errespetu handia ematen dit. Hala ere, bidea taldekideekin batera egiten ari naiz; komunikazio handia dago elkarren artean, eta horrek asko lasaitzen nau.
ATZEKOZ AURRERA. Larraitz Zuazo. Dokumental egilea
«Fenomeno sozial bat izan zen eta da Itoiz musika taldea»
Itoiz musika taldeari buruzko ikus-entzunezko bat prestatzen ari da Zuazo. Material «gutxi» dutela aurreratu du, eta etxean zerbait gordea izanez gero haiekin harremanetan jartzeko eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu