Gastronomia

Fatmata Binta sukaldari sierraleonarrak irabazi du 2022ko Basque Culinary World Prize saria

Afrikako fula etniaren kultura eta gastronomia ezagutarazteagatik saritu dute sukaldaria. 100.000 euro jasoko ditu, nahi duen proiektua gauzatzeko.

Fatmata Binta sukaldari afrikarrak irabazi du 2022ko Basque Culinary World Prize saria. BASQUE CULINARY CENTER
ane insausti barandiaran
2022ko ekainaren 21a
12:13
Entzun

Afrikako fula etniako gastronomiaren eta kulturaren esentzia dibulgatzeagatik jaso du Fatmata Binta sukaldari sierraleonarrak 2022ko Basque Culinary World Prize saria. Izan ere, Dine on a Mat proiektuaren bitartez (Afaldu alfonbra gainean), fulen gastronomiaren ohiturak eta zaporeak partekatzen ditu Bintak, eta horri esker lortutako dirua Ghanako komunitatearen proiektuak laguntzeko erabiltzen da. Bintaren arabera, Ghanako hamabi komunitatetako eta lau eskualdetako hirurehun familiak baino gehiagok izan dituzte dagoeneko onurak proiektuari esker. 100.000 euroko saria jasoko du, BCCren eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik.

Ez da Bintak martxan daukan proiektu bakarra, ordea. Fulani Kitchen izeneko fundazioan ere aritzen da, eskualde guztiko emakumeak hezi eta ahalduntzeko helburuz. Emakumeen santutegi izango den zentro bat eraiki nahi dute, haien hezkuntza beharrak, eta behar sozial eta komunalak asetzeko. Horrez gain, hainbat produktu prozesatzeko eta ontziratzeko babesleku gisa ere funtzionatuko du zentroak.

Epaimahaikideak BCCeko Nazioarteko Batzordeko kideak izan dira, Joan Roca sukaldaria buru zutela. Gaur ematen dute sariaren berri, Gironan (Herrialde Katalank). Saria ematen duten zazpigarren aldia da, eta gastronomiaren bidez gizarte integrazioan, jasangarritasunean eta elikadura hezkuntzan egiten duen lanagatik nabarmendu dute Bintaren proiektua.

Bintaren lanaz gain, beste bi aipamen berezi egin ditu BCCk: batetik, Douglas McMasterri Erresuma Batuko sukaldariaren Zero Waste Cooking School proiektua txalotu du, zero zabor filosofia bultzatzeko egindako lanagatik; bestetik, Edson Leite sukaldari brasildarraren Gastronomia Eskola Periferikoa goraipatu du, gazteak sukaldaritzan trebatzeko eta laguntzeko diseinatzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.