Adult Swim-en zigilupean eta Joe Bennett sortzailearen eskutik —Scavengers Reign-en sortzaileetako bat—, Common Side Effects lan ausart eta ezohikoa lurreratu da Max plataforman. Ekoizleen artean izen ezagunak ageri dira: Mike Judge (Beavis and Butthead, Silicon Valley) eta Greg Daniels (The Office, Parks and recreation).
Farmazialariak, gobernua, enpresari handiak... guztiek kezka eta izu bera dute: munduko gaixotasun guztiak sendatzeko gai den onddo baten aurkikuntza. Deskubrimendu horren atzean Marshall ageri da —The Big Lebowski-ko The Dude gogorarazten duena—, baina aurrerago Frances ere gehituko zaio; laborategi bateko bi lankide ohi dira. Biek ala biek konspirazio ilun bati egin beharko diete aurre.
Seriea ez da ikusle guztientzat. Sermoiak botatzen dituen marrazki bizidun arinak nahi dituztenek ez dute halakorik topatuko; satiraz mozorrotutako egia gordinak jaurtitzen dituen proposamen bat da. Ez du leziorik ematen; pentsarazteko gaitasuna du.
Istorioa hogei minutu inguruko atal laburretan eraikia dagoen arren, ezin hobeto zukutua dago guztia: sormen alderdia, intelektuala eta emozionala.
Egileek, helduentzako animazioaren eta umore satirikoaren bilgarriaren azpian, sistema kapitalistari eta medikuen industriaren ustelkeriari gaitzespen zorrotza egiten dion istorio bat eraiki dute. AEBetako osasun sistemari eta industria farmazeutikoari egindako kritika da telesailaren alderdi aipagarrienetako bat.
Adult Swimen beste ekoizpen batzuen ildoari jarraitzen dion animazio lan bat topatuko du ikusleak; animazio errealista baten aurrean ez egotea oztopo izan daiteke askorentzat, baina kasu honetan elementu erakargarrienetako bat da hori. Estilo surrealistak eta xeheak ezin hobeto osatzen du narratiba, eta istorioaren elementu fantastikoei sakontasuna ematen die horrek.
Proposamenaren tonua bitxia da: umorezko konspirazio thrillerra etiketa izan liteke, akaso, egokiena. Helduentzako proposamena izaki, indarkeria animaziozko ohiko lanetan baino handiagoa da; ez da doakoa, ezta gehiegizkoa ere, kontakizunaren parte da, eta, narrazioa aberasteaz gain, gaiaren berezko gordintasuna indartzeko balio du. Umore beltzak ere leku nabarmena betetzen du kontakizunean, arindu egiten du guztia. Barrearen eremuan, BoJack Horseman telesailaren zinismoaren printzak topatuko ditu ikusleak, eta thrillerraren arloan, Coen anaien oihartzunak.
Entretenimendua eta gizarte kritika oso ondo orekatzen dituen serie aparta da.
Adult Swim
Bilduma moduko hau helduentzako animazio eta serie esperimentaletan espezializatuta dago. Haren edukiek sarritan umore iluna, satira, surrealismoa eta absurdoa erabiltzen dituzte. 2001ean sortu zuten, eta bere katalogoan Rick and Morty, The Eric Andre Show, Aqua Teen Hunger Force edo Robot Chicken bezalako izen ezagunak daude. Askotan, independenteak edo alternatiboak diren sortzaileei ere aukera ematen diete formatu arriskutsu eta berritzaileak probatzeko. Sorreran, AEBetako telebistan, gaueko ordutegian eta Cartoon Network-en barruan ematen zituzten Adult Swim katalogoko edukiak, baina, plataforma digitalen etorrerarekin, zabalkundea asko aldatu da. Eduki horiek toki desberdinetan topa daitezke, herrialdearen arabera; Europan, Maxen barruko azpiatal batean ageri dira.
fitxa
- Sortzaileak. Joseph Bennett eta Steve Hely.
- Herrialdea. AEBak.
- Urtea. 2025.
- Non ikusi. MAX.
- Atal bakoitzaren iraupena. 25 minutu.
- Generoa. Thrillerra, umorea.