Arribes jatorri izena Espainiako txikienetakoa da. Zamorako hego-mendebaldean eta Salamancako ipar-mendebaldean kokatuta, 47 udalerriz osatua dago guztira, eta, paraje horietan mahastiak 2.500 hektarea betetzen baditu ere, 270 hektarea soilik daude izena emanda Arribes sor-markaren batzorde arautzailean.
Juan Garcia, rufete eta bruñal dira, ardo beltzetan, mahats autoktonoak, eta malvasia castellana edo doña blanca zurietan. Horiez gain, tempranillo, garnatxa, mencia, verdejo eta albillo mahatsak ere erabiltzen dituzte. 21 upategi daude izena emanda Arribes jatorri izenaren batzorde arautzailean.
Gaur hona dakarkizuedana Arribes del Duero natur parkean dago kokatuta, Iberiar penintsularen goi ordokiko biosfera erreserbaren barruan: El Hato y El Garabato; artisau lana egiten duen upategia da, familia upategia, Jose Manuel Beneitez eta Liliana Fernandezek 2015ean sortutakoa.
On Kixote Mantxakoa liburuko pasarte bati egiten dio erreferentzia upategiaren izenak, Santxo bere «ondasun» guztiak fardel, kako edo makilatxo batean eskegita agertzen zenekoa; Jose Manuel Beneitez eta Liliana Fernandez irudi horrekin euren hasiera apalarekin identifikatuta sentitzen ziren.
Baso ingeniariak dira biak eta ardogintzan zein mahastizaintzan eskarmentua dute Australian, Kalifornian (AEB) nahiz Portugalen. Espainiako bazter horretan garatu dute euren proiektua, Portugaletik hain gertu dagoen Dueroko Arribeseko paraje horretan. Jose Manuelen birraitonak aspaldi Formarizen (Zamora, Espainia) harriz eraikitako etxea berritu eta familiarengandik jarauntsitako mahastitxoa zaindu dute ardoa egiteko.
Gaur egun, hamabi hektarea lantzen dituzte, ekologikoan, 32 partzelatan sakabanaturik. Guztira, 20.000 botila inguru ekoizten dituzte, eta esportatu egiten dute zati handi bat. Formarizen lau ume jaio eta hazi dira azken 30 urteetan; Luisfer Cebrero da horietako bat, upategian zein mahastian lan egiten duen hirugarren kidea.
Liliana eta Jose Manuel oso aktiboak dira mahats autoktonoekin lan egitean; berezko hartzidurekin lan egiten dute, aurrez erabilitako upelak baliatzen dituzte, eta fudre berri bat ere badute; iragazketarik gabe, klarifikaziorik gabe eta sulfuroso kopuru baxuekin. Ardo orekatuak bilatzen dituzte, dotoreziaren eta indarraren arteko oreka, alegia. Paraje hauetako izaera tradizionala bilatzen dute: azidotasun naturala, izaera mediterranearra ahoan eta alkohol gutxiko ardoak.
Zortzi ardo egiten dituzte: gorri bat, hiru zuri eta lau beltz. La Xefa da Juan Garcia mahatsez egindako gorria; Eclectico markarekin zuri bi egiten dituzte, bata ligekin ondua eta bestea erabilitako upelean egina, biak zortzi hilabetez; Otro Cuento ere zuria da, batez ere doña blanca mahatsez egina.
Beltzetan, berriz, Cotexa, freskoa, zuzena eta erraz edatekoa da, modu tradizionalean egina, mahastietan dauden mahats desberdinak nahasiz, Juan Garcia batez ere, baina hainbat mahats zuri ere badaude tartean. Ardo beltzetan, Sin Blanca da upategiko ardorik bikainena, lore ukituarekin, zaporetsua eta oso landua, findua, batez ere Juan Garcia, bruñal, bastardillo eta rufete mahatsez lagundua.
De Buena Jera partzelarioa da. 35 eguneko beratzearen ostean, erabilitako upeletan ontzen dute hemezortzi hilabetez. Freskoa, orekatua eta belusatua da.
Ikasturteko azkena da gaurkoa. Uda ederra igaro eta bueltara arte!