Ehun urte igaro dira 1922ko azaroaren 4an Howard Carter arkeologo britainiarrak eta Lord Carnarvonek Tutankamon Antzinaroko Egiptoko Erregearen hilobiaren sarrera aurkitu zutenetik, Erregeen Haraneko nekropolian (Egipto). 1923ko otsailaren 17an lortu zuten ganbera irekitzea, eta oso egoera onean aurkitu zuten, 3.000 urte baino gehiago itxita mantendu bazen ere. 3.598 pieza aurkitu zituzten guztira: urrezko zerraldo bat, hileta maskara, hainbat orga... Aurkikuntzak miresmena sortu zuen mundu osoan, baita euskal herritarren artean ere. Ehun urteren ondoren egindako ikerketa bati esker jakin da euskaldunak izan zirela Tutankamonen hilobia ezagutu zuten lehenengotariko turistak.
Espedizio horiek eta Tutankamonen aurkikuntzaren nondik norakoak hobeto ezagutzeko, erakusketa bat antolatu du Gasteizko Bibat Arkeologia Museoak. Tutankhamon, 100 urtez liluratuta. Egipto eta Ekialde Hurbilerako espedizioa jarri diote izena, eta urriaren 30era arte izango da ikusgai Bibat museoan bertan.
XlX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera arte, hainbat bidaia antolatu zituzten Euskal Herritik Egiptora eta Ekialde Hurbilera. Gasteizko apezpikuak antolatutako erromes espedizioak ziren hasieran. Maria Luz Mangado egiptologian doktoreak eta erakusketako komisarioak sakon ikertu du gaiaren inguruan. Ziurtatu duenez, bidaien kutsu erlijiosoaz gain, Tutankamonen hilobia aurkitu izanak «interes handiko bidaia turistiko» bihurtu zituen: «Ikusgarria izan zen hilobia aurkitzea, eta bidaiek ospea lortu zuten. Ondorioz, Euskal Herritik, Espainiatik eta Hego Amerikatik 250-300 pertsonak bidaiatzen zuten hilobia bisitatzera».
Faraoiaren hilobia bisitatzea garai hartako klase politikoaren, enpresari aberatsen eta elizgizonen atrakzio nagusietako bat bihurtu zen. 1926an bisitatu zituzten lehen aldiz indusketak, eta bidaiaren atrakziorik handiena bihurtu zen ordutik. «1936ko gerra hasi arte, bi hilabete irauten zuten hiru bidaia antolatu ziren hainbat urtez», azaldu du komisarioak.
Datu «bitxi bat» ere aurkitu du komisarioak: bisitariek hilobia ikusteagatik ordaintzen zuten prezioa, hain zuzen. «450 pezeta ordaintzen zuten faraoia ikusteagatik. Egun, prezio oso merkea iruditzen zaigu».
Bidaiarien oroigarriak
Bidaia haietatik, gainera, garai hartako oroigarri askorekin itzultzen ziren bidaiariak, Tutankamonekin eta egiptoarren kulturarekin lotutakoak gehienak: postalak, figura bitxiak, liburuak eta argazkiak, besteak beste. Erakusketan ikus daitezke pieza horietako asko; izan ere, Jaione Agirre Bibat museoko teknikari arduradunak azaldu duenez, garai hartako testuinguruarekin lotu nahi izan dute erakusketa.
Faraoiaren hilobiko pieza ofizialik ez dago Gasteizko museoan, halere. Agirrek esplikatu du zergatia: «1922an lortu zuen Egiptok independentzia, eta arkeologia kolonialista amaitu zen ondorioz. Beraz, hilobiko pieza gehienak Egipton daude».
Mangadok kontatu duenez, ordea, bidaiari askok kazetariak edo kronikariak kontratatzen zituzten haien bidaiak dokumentatzeko, eta horri esker haien inguruko material ugari dago. «Bidaiari bakoitzari gauza ezberdinak interesatzen zitzaizkion: horregatik da hain aberatsa Tutankamonen aurkikuntza inguratzen duen guztia. Poesia liburuak eta guzti aurkitu ditugu».
Denek ez zekiten kontakizun eta oroigarri horiek «zein garrantzitsuak eta baliotsuak» ziren, eta betiko galtzeko zorian izan ziren zenbait kasutan. Hala baieztatu du Mangadok bere ikerketa lanean: «Familia askok oroitzapen horiek bota egin zituzten. Beste asko, berriz, ez ziren jabetzen edo ez zekiten nolako balio historikoa zuten Tutankamonen hilobitik haien arbasoek ekarritako oroitzapen horiek».
Lehen turismo agentzia
Tutankamonen hilobiaren aurkikuntzak bidaiatzeko eta munduko txoko berriak ezagutzeko grina piztu zien euskal herritar askori. «Finean, Egiptok liluratuta utzi zituen euskaldunak», nabarmendu du Agirrek. Horregatik, hain zuzen, bidaia turistikoak oso ohikoak bihurtu ziren goi klaseko pertsonentzat, eta bidaiatzeko grina horrek Donostian Euskal Herriko lehen turismo agentzia irekitzea eragin zuen: Sociedad de Turismo San Sebastian. Handik gutxira, beste bat ireki zuten Madrilen.
Tutankamonen hilobia aurkitzea bezain «zoragarria» izan da Mangadorentzat ehun urte geroago bidaia haien ingurukoak ezagutu eta ikertzea. Hasi besterik ez dela egin uste du, eta ikertzen jarraitu gura du: «Oraindik asko gelditzen zait bidaia horien inguruan deskubritzeko, baina gutxinaka puzzlea osatzen joango naizela uste dut».
Faraoiaren lehen bisitariak
Tutankamonen hilobia aurkitu zutenean hainbat lagun joan ziren Euskal Herritik hura bisitatzera. Gasteizko Bibat museoak bildu ditu haien ingurukoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu